Enpresek talentua erakarri eta hari eusteko helburuz ‘Ilusion’ proiektua abiatu zuen iaz Goierri Valley-k, etorkizuneko industriaren arrakasta pertsonen aldeko apustuan datzala iritzita. Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu du egitasmoa diruz, eta OPE Consultoresek egin ditu aholkularitza lanak.
Goierriko enpresetan pertsonen konpromisoa eta parte hartzearen kultura bultzatzeko helburuz Goierriko Valley elkarteak iaz martxan jarritako proiektua da Ilusion. Elkarteko bazkide diren enpresek –72 bazkide dira gaur egun– argi dute etorkizuneko lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren arrakastaren gakoa pertsonen aldeko apustua egiten duen industrian dagoela, baina bide horretan, gabezia bat nabarmentzen zen: talentua erakartzeko eta hari eusteko arazoak. Lur hori jorratzeko abiatu zuten egitasmoa, nahiz eta azken bi hilabeteotako alarma egoerak ontzat ematen zuten paradigma hau zalantzan jartzen duen.
Eredu parte hartzailea gidari hartuta, elkarteko 30 enpresa bazkideren ordezkariek egin zuten proiektuaren lehen fasean parte hartzeko urratsa. Aurreneko saioan pertsonen konpromisoa eta parte hartzearen kulturari laguntzen dioten faktoreak identifikatzeko lanketa sakon bat egin bat zuten, Lego dinamika erabiliz. Hiru izan ziren bertaratuek antzemandako faktore nagusiak. Lidergoa izan zen lehena, enpresen egiturak eraldatzen ari diren honetan pertsona taldeak kudeatzeko ereduak ere eraldatu beharra daukalako. Ondoren, Proiektu partekatua faktorea landu zen, pertsona orok proiektua bere sentitzeko ezinbestekoa delako, eta azkenik, Komunikazioa, aurreko bi faktoreek ondo funtzionatu dezaten nahitaezkoa delako barne komukazio on bat egotea.
Faktoreak enpresan txertatuz
Faktore bakoitza lantzeko bina saio egin zituzten ondoren, bi helburu finkatuta: hiru faktore horien txertaketak enpresari ekar zitzaizkiekeen abantailei balio ematea zen bat, eta bigarrena, pertsonen konpromisoan oinarritzeko praktika onak, gakoak eta tresnak erraztea, arrakastaren probabilitatea areagotzeko.
«Etorkizunean enpresak lehiakorrak izateko pertsonen arloa lantzea eta sendotzea ezinbestekoa da» Xabier Perez, Goierri Valleyko Negozio Arduraduna
«Garrantzitsua dena da pertsona bakoitzaren talentua identifikatzea eta talentu hori eguneroko lanean aplikatzea» Amaia Madina, In Group kontsultoria
Faktore bakoitza landu ondoren ateratako ondorioak eta ikasitakoak partekatzeko, eta pertsonek gogotsu jarrai zezaten, zortzigarren eta azken saio bat antolatu zuten. Enpresen erantzuna eta interesa «erabatekoa» izan zen lehen fase horretan, eta horietako hamarrek bigarren fasera jotzeko erabakia hartu zuten. Goierri Valley elkarteak aurretik landutako hiru faktoreetatik bat lantzeko aukera eman die enpresa horiei. Horretarako, enpresa bakoitzeko arduradunen lantaldeak bost saio egin ditu aukeratutako faktore hori enpresan txertatzeko, eta egiteko horretan bakoitzak OPE Consultores enpresako aholkulari bana izan du bidelagun.
Bost saio horien artean, Ezagutza Komunitatea izeneko saioak antolatu dira, parte hartu duten hamar enpresak elkartu eta banaka landutakoa partekatu zezaten elkarrengandik ikasiz, esperientziak trukatuz. Fase horren garapena maiatzean amaitzekoa bazen ere, Covid-19ak eragindako alarma egoerak lehentasunak aldatu ditu. Hamar enpresa horiek argi dute «pertsonen balioa kalkulaezina» dela, eta bide horretan jarraituko dutela. Honako hausnarketa plazaratu du Xabier Perezek, Goierri Valley-ko Negozio Arduradunak: «Etorkizunean enpresak lehiakorrak izateko, antolakuntza eredu eta atal teknikoez gain, pertsonen arloa lantzea eta sendotzea ezinbestekoa da».
Talentuari eusteko bitartekoak
Talentua enpresen jardunari lotuta azaldu ohi den hitza da, askotan lauso, baina izatez definizio erraza du. «Pertsona guztiok dugu gure talentu propioa. Enpresetan eta erakundeetan postu eta funtzio ezberdinak daude, eta talentu ezberdina behar dugu bakoitzari era egokian erantzuteko. Beraz, talentu guztiak dira beharrezkoak. Garrantzitsua dena da pertsona bakoitzaren talentua identifikatzea eta talentu hori egunerokoan aplikatzea. Horrela lortzen da enpresaren helburuak eta pertsonen nahiak uztartzea». In Group kontsultariako arduradun Amaia Madinaren hitzak dira aurrekoak.
Argi du pertsonak direla enpresen oinarri, eta horiek direla proiektu bat bestearengandik bereizten dutenak eta lehiakortasun abantaila ematen diotenak. Baina talentu hori erakartzea lan nekeza izaten da. «Talentu eskasia izan da arazo handiena. Enpresa eta proiektu asko ditugu inguruan, eta ez dago nahikoa pertsona behar diren profil guztiak osatzeko. Enpresa bat besteari kenduz ibili dira askotan, eta enpresa txikietan areagotu egiten da hori».
Osasun krisiaren aurretik hori zen egoera, eta hautagaiak izan ohi ziren, oro har, proiektua aukeratzen zutenak, baina aurrerantzean nola izango den ez dago esaterik, krisia denboran asko luzatzen bada behintzat. «Pertsonek gurekin jarraitzea nahi badugu funtsezkoa da pertsonen kudeaketa on bat egitea lanean hasten diren momentutik azken egunerarino». Hori da Madinak talentuari eusteko egiten duen oinarrizko proposamena. Oraingo egoera «erronkatzat» du, eta iruditzen zaio «inoiz baino gehiago garatu» beharko litzatekeela talentua, talde sentimendua eta komunikazioa landuz, eta helburu berberen alde taldean lan eginez.