Apirilaren 22an su eman zioten Ordiziako Andre Mari kaleko 20. zenbakian dagoen etxeari. Herriko familia oso garrantzitsu baten etxea izan zen, Ysasagatarrena. Ondare gisa katalogotuta eta babes berezia duen zati bakarra atariko arkua da.
Apirilaren 22a, Ordiziako Andre Mari kaleko bizilagunek kea sumatu zuten kalean. 20. zenbakiko erakin zaharretik zerion, Kiskako etxea bezala ezagun den hortatik, adinekoentzat, Hidalgo tabernako etxea bezala ezagunagoa. Larrialdietara deitu eta segituan agertu ziren suhiltzaileak. Hurrengo ordu eta egunetan, beste bitan eman zuten abisua bizilagunek. Hasiera batean, sistema elektrikotik sortutako sua izan zitekeela zabaldu bazen ere, pertsona bat atxilotua izan zen. Gertaera horren ondoren, jakitera eman zuten, eraikin hori, ez dela Ordiziako alde zaharreko etxe zahar arrunt bat gehiago. Ysasaga familiaren etxeetako bat izan zen, eta haren barruan, altxor bat dago, herriaren historiaren parte bat gordetzen baitute pareta horiek.
Sutea gertatu eta gutxira, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak sare sozialen bidez eman zuen lehen arrastoa. Honakoa idatzi zuen: «Zorionez ez zen kalte pertsonalik izan, eta eraikina kaltetu bazen ere, Ordiziako altxorretako bat den herriko eraikin zaharrenetakoa, ez zuen suak suntsitu». Argazki batzuekin lagundu zuen testua. Argazkietan, sarrerako atea eta ganbara ikus zitezkeen. Agerian uzten zuen etxe horrek baduela istorio luze bat. Ez da edonolako eraikina. Eta jarraitu zuen idazten: «Bere sarrerako arku ederra da kanpotik ikusten duguna, baina adin bat dugunok, atariko errekarriz egindako zorua oroitzen dugu –espero porlanaren azpian jarraitzea– eta ziurrenik, askok ez duzue ezagutzen, lehen solairuko eskailburu gangatu ezin ederragoa».
Argitaratutako lerroei tiraka, Andre Mari kaleko harribitxiak gordetzen duenaren inguruan mintzatu da Ezenarro alkatea: «Ordiziako Alde Zaharreko eraikin zaharrenetakoa da, 400 bat urte izango ditu eta Ordizian sustraitutako familia oso garrantzitsu batena izan zen, Ysasaga familiarena, hain zuzen». Ezaugarri «oso bereziak» ditu. Horietako bat, aurretik pasa eta segituan ikusten da: «Atariko arkuak, eraikin oso garrantzitsua izan zela agerian uzten du». Ondare gisa katalogatuta dago, eta hori da babes berezia duen erakinaren zati bakarra.
Sekula barruan izan ez diren haiek barrukoa nolakoa den irudikatzeko xehetasun gehiago ere eman ditu: «Ate nagusia zeharkatu eta duen ataria ez da nolanahiko etxe batek duena. Alde zaharreko etxe arrunt batean sartu eta pasillo aurkituko genuke. Honetan, berriz, atari handi bat bat dago». Beste ezaugarri garrantzitsu bat ere badu atariak: «Gaur egun zementuarekin estalita badago ere, azpian, Barrena jauregiak atarian duen antzeko zorua du, errekarriz eginikoa, horrek ere esaten digu, eraikina ez dela nolanahikoa». Atarian errekarriak zituzten etxeetan, zaldiekin barruraino sartzen ziren seinale da. Gehiago ere bada, «goiko solairura igotzeko eskailera eder bat du, eta jendeak ezagutzen ez duena da eskailburu zoragarri bat daukala». Horrez gain, « ganga abobedatua, zutabe batzuekin».
Goian, ganbara handi bat du eta alde banatara –Andre Mari 18 eta Andre Mari 22- leihoak ditu. «Horietako bat mantentzen da, Andre Mari 22ko patiora ematen duena. Leihoak izateak esan nahi du alde batera eta bestera lorategi edo espazio bat bazuela».
Ondarea jasotzeko lanean
Gure Iragana elkarteko historialari Nerea Iraola ordiziarrak eta David Cano oñatiarrak etxearekiko interesa azaldu zuten eraikina erre bezain pronto. Jakitun dira Ordiziako ondare historikoa dela. Horregatik, dokumentazio lana egiten ari dira, tesia osatu eta argitaratzeko. Iraolak honakoa aipatu du: «Ysasaga familiak hiribilduan zituen etxeetako bat da, eta beraz, dudarik gabe, ordiziarren nortasunaren parte da».
Horrez gain, eraikinak ezaugarri «oso bereziak» dituela dio. «Horietatik sarrerako arkuak du babes berezia, eta babes handiagoa izan beharko lukeela uste dut. Oraintxe etxearen orubearen memoria berreskuratzen gabiltza, dokumentazio asko dugu esku artean, baina momentuz, sekretupean gorde nahi dugu», nabarmendu du.
Ysasaga, familia boteretsua
Ordiziako historian garrantzitsuenetakoa izan da Ysagaga familia. Itsasondotik Ordiziara joan ziren, eta bertan gelditu. Duela pare bat urte, Gure Iragana Elkarteko kideek Ochoa Alvarez de Ysasagaren inguruko hitzaldia eman zuen, eta emandako datuekin, familia horrek izan zuen boterea norainokoa zen ikusteko balio izan zuen.
Izan ere, Espainiako Errege Katolikoen interesetarako lanean jardun zuen, eta horri esker garaiko errege eta infante askoren konfiantza eskuratzea lortu zuen. Horren testigu dira Ochoa Alvarez de Ysasaga eta errege desberdinen arteko eskutitzak dira.
Kargu ugariren onuradun bilakatu zen. 1509an Fernando Katolikoa erregeari eta bere alaba Juana I.a Gaztelako erreginari esker sortu berri zen Sevillako Indietako Kontratazio Etxeko Koroaren errenta biltzaile postua lortzea izan zen garrantzitsuena.
Emandako datuak, pertsonaiaren bizitzaren zati txiki bat baino ez dira, baina Ysasaga familiak Ordizian izandako garrantzia ulertzeko balio dute.
Hidalgo sagardotegia eta Hidalgo taberna, aspaldiko oroitzapenak
Ysasaga familiaren etxea, gazteentzat Kiskaren etxea dena, Ordiziako beste familia bati ere zuzenki lotuta egon da. Adinez gora egindakoek jakingo dute Hidalgo familiak sagardotegia izan zuela bertan. Ondoren, taberna bihurtu zuten. Gurmersindo Hidalgorenak izan ziren. «Tapizeria, koltxoi denda, ere izan zen bertan, hantxe egin zuen lan nire senarrak». Primitiba Eizagirreren hitzak dira. Zestoatik etorri zen, Aizarna auzotik, oso-oso gaztetan, 17 urterekin, eta Ordiziako Gautxori tabernan lan egin zuen, hantxe ezagutu zuen haren senarra izango zena.
Orain, 86 urte ditu baina gordetzen ditu hainbat oroitzapen: «Nik ez nuen sagardotegia ezagutu, baina senarrak kontatu zidan, gazte-gaztetan sagardotegian lan egin zuela, sagardoa egiteko sagarra erostera joaten zela bera». Kontatu du, «dolarea ere hantxe» zutela, «sagardoa, han bertan egiteko». Gogoan baitu, dolarea dagoeneko erabiltzen ez zutenean, saldu egin zutela. Hernanin saldu omen zuten eta hala kontatu du: «Senarrari Hernanira lagundu nion, erosteko interesa zuten batzuekin hitz egiteko».
Gogoratzen du baita ere, taberna izan zen garaian, «herritar ugari biltzen» zela bertan. Zerbaitegatik gogoratzen dute Hidalgoren taberna ordiziar askok.