Monika Arratibel Goñi • Irakaslea
Beti izan naiz nire airera ibiltzekoa. Bizitzaz gozatzen laguntzen nauen horretan denbora pasatzekoa eta momentua bizitzekoa. Askok dute zein garai den esateko ohitura. Negua ez omen da izozkia jateko garaia, astearte buruzuri bat ez omen da kanpora afaltzera joateko garaia, 30 urte bete eta zenbat aldiz entzun behar izan ote dut: eta ezkondu? Eta umeak? Norbaitek markatzen ote du garai hau ere? Niri berriz, ezgaraian egindako planak harrigarriak iruditzen zaizkit. Besteek jarraitzen duten patroia ez jarraitzeak badu bere xarma, ardi beltza izateak alegia. Ardi beltz, zoriontsua, norberak bere buruari gustuko garaiak eta zereginak jarriz.
Garai batean Goenkalek markatzen zuen gure etxean afaltzeko garaia. Ordurako, afalduta eta sukaldea garbituta behar zuen, denok egongelan, serio demonio, Arraldeko komeriak ikusteko prest. Azken aldian, gobernuak esaten digu noiz den lagunekin elkartzeko garaia, noiz paseatzera atera, nora… bi hilabete baino gehiago daramatzat ama besarkatu gabe, zirko honetako agintariek baimena telebistaz noiz emango zain. Hauxe da ba komeria zikina, nahia eta ezina. Hamaika ikusteko jaio omen gara, bat ikusita behintzat bagoaz…
Denbora badoa eta gu haren atzetik. Lehen ere ez nintzen planei ezezkoa ematekoa baina hemendik aurrera nola egin uko bizitzako plazer txikiei, lagunarteko afariei, familia bazkariei, ilunabarra ikusiz zerbezatxo bat hartzeari… Hauxe da garaia, gosea denean jan, egarri garenean edan eta maite zaitut esan nahi dugunean ez daitezela muxu eta besarkadak falta. Inoiz ez baitakigu nork markatuko digun denbora eta bizitza biharko egunean. Beraz, gaur eman litekeen laztanik biharko ez utzi!