Maria Nazabal • Kilimak jostailu denda (Beasain)
Berrogeialdi honek ezer onik izan badu, eskaini digun denbora izan da. Aspaldian oparitutako eta armairuan gorderik genituen jostailu eta mahai-jokoei bizi berri bat eman diegu. «Ez dugu jolaserako denborarik» esaldia gure ahotik desagertu egin da, eta jokoan zeinen gustura ibil gaitezkeen ohartzeko aukera izan dugu. Gizakiok, jolas eta jokoari erabilpen desberdinak eman izan dizkiogu, ondo pasatzeaz gain, sozializatzeko erabiltzen ditugu. Jolasaren bitartez, haurrak elkar ezagutzen hasten dira eta beraien arteko harremanak sortzen. Kasu askotan, enpresetan aurrez ezagutzen ez diren lantaldeekin, lehenik eta behin joko eta jolas desberdinak egiten dira, talde dinamika bultzatze aldera adibidez.
Haurraren lehen hilabetetatik
Jolasa, haurraren lehen hilabeteetan hasten da eta ingurunearekin hartu-emanetan jartzeko baliabidea da. Haurraren garapenean berebiziko garrantzia dauka, autoestimua garatzen eta euren artean konfiantza sortzen laguntzen du. Haurtzaroko ekintza ludiko guztiek giza garapenaren prozesu desberdinak estimulatzen ditu.
Gure eskuekin jolasean lehen hilabeteetatik hasten garen arren, jokoan hasteko haurrak 2-3 urte behar izaten ditu gutxienez; haur bakoitzaren garapenaren arabera alde handia sumatzen da. Haurrak jokoa eta arauak ulertzeko gai izan beharra dauka, jokoan hasteko prestatuta egon beharra dauka eta jokoak interesa sortu behar dio, gainontzean jai dugu. Beti ere, gauza guztietan bezala, bakoitzaren erritmoa errespetatzea oso garrantzitsua da, ez dago presarik, jolasean bere kasa gustora badabil jokoan hastea gehiago kostatzea normala izango da eta haurraren garapenaren arabera lehenago edo beranduago hasiko da.
Eta ez ahaztu: gure seme-alabei egin diezaiekegun oparirik onena da gure denbora.