Nekane Gonzalez • Legazpi
1980ko hamarkadaren hondarretan, herria beste herri bat zen. Koloreak zituen desberdinak, eta baita usainak eta zaratak ere.
Orduko usainak ez ziren hainbeste pantaila eta uhinenak, baizik eta belar, ogitarteko eta merkrominarenak. Jolas hotsa sumatzen zen kale, plazatxo eta zelaietan; liskar eta kolpe hotsak ere bai, baina batez ere barreak entzuten ziren. Lau arbola nahikoak ziren baseballera jokatzeko, eta aldapa harritsu eta oker bat besterik ez zen behar, edozer tramankulurekin (bizikleta edo sancheski zaharren bat) kronometrorik gabeko lasterketak egiteko, gaur egungo haurrek behar izaten dituzten borroka pase, skin eta pareko gauza arrarorik gabe. Lagunartea, aire zabala eta denbora; denbora asko izatearen sentsazio ederra, ordulariak aurrera egin nahiko ez balu bezala.
Gure neskatila Muru baserrira joaten zen marmita eskuan hartuta, esne bila. Beheko aldetik joan, eta goikotik itzuli, etxetik etxerako ibilbidean biribila osatuz. Bidean loretxoren bat eskuratzeko moduan bazen, are hobeto! Pepitak emandako esnea ekarri, eta amak berehala jartzen zuen sutan. Neskatilak pentsatzen zuen esnea kolore horixkakoa zela, esne gain oparoduna eta zapore handikoa, horixe baitzen berak hartzen zuena, eta harrituta begiratzen zion, gerora, tetrabikean erosita etxera ekartzen hasi ziren beste hari: zuri-zuria eta zapore eskasekoa.
Botila hartuta iturrira ere abiatzen zen, San Ignaziotik gora. Urteetan emaria agortzen joan zaion iturri hark ur fresko-freskoa ematen zuen, kolore berezikoa hura ere: laranjatua. Hala, ura gardena zela esaten zuenari aurka egiteko prest egoten zen. Bazituen frogak. Nerabezaroan jakin zuen burdina askokoa zela. Azkenean, handik ura hartzea galarazi zuten, edangarria ez zelako.
Artean zabaleran altueran baino handiagoa zela, katuka ibiltzen zen amonaren oilategi aurrealdean, txakurra beti hurbil zuela. Apenas pasatzen zen autorik handik, baina behin, jeep bat etorri zen aldapan gora. Neskatila bihurgunearen ondoren zegoen, jostailutxoren batekin. Txakurrak garondo parean jertsetik heldu, eta arrastaka atera zuen bidetik. Gidaria konturatu ere ez zen egin zer-nolako eskapada egin zuen!
Neskatilak, xalo-xalo, jolasean jarraitu zuen, pinuen itzalpean, txakur beltzak azal zuria miazkatzen ziola. Orduko kolore, usain eta zaratek osatutako unibertsoa zuten lekuko.
Herria Legazpi zen, txakurra Riki, eta neskatila ni neu.