Ane Irazoki Alvarez • Hipatiari begira
Jakina da pandemiak gizartearen estruktura osoa atera duela argitara. Mahai gainean jarri digu dena, sistema osoa. Ikusi dugu, zer ikasi dugun orain arte, zer ez dugun ulertu eta zer den egunero elikatzen duguna. Bai, guk elikatzen dugu egunero, zuk uste ala ez. Eta lanketa indibidualik ez badago, kolektiboa ez da ezer, ez da existitzen.
19.000 omen da zifra. Pentsatu momentu batez. Sentitu euren mina, amorrua, beldurra. Jarri euren azalean, sufritu zure barrua txikitzen ari den bitartean, eta konturatu ez dagoela inon osotasun horren zantzurik. Hala ere, bai, lortuko duzu, aterako zara zulo honetatik. Baina gauza bat aurreratuko dizut: gutxik lagunduko dizute, eta ulertu are gutxiagok.
Ez zen kalea. Ez ziren goizeko ordu txikiak. Ez ziren drogak. Baina etxea bazen. Beti izan da, egia esan, eta badakigu. Baina, kontuz, ez sartu bizilagunen arazoetan, bakoitzak bereekin nahiko. Hasarreak denok izaten ditugu, ezta?
19.000 omen da zifra. Ez dakit zifra hori zenbat aldiz biderkatu behar dudan erantzun erreal bat lortzeko. Baina bai, emakume horiek guztiek eskatu dute laguntza tratu txarrengatik bi hilabetetan.
Noiz arte iraungo dute aitzakiek? Noiz arte irentsiko gaituzte kulpek?