Beatle Boom delakoak gogor jo zuen mundu osoan, eta Goierriko musika eszena ere irauli zuen, hein handi batean. Britainiarren estiloko taldeak nonahi sortu ziren, eta Beasainen ere utzi zuen arrastoa mugimendu hark. Horren adierazle da Los Simbas 60. hamarkadako taldea. Hamazazpi eta hogei urte arteko bost gaztek sortu zuten 1964. urtean. Garaiko taldeen estiloa zuten, bai janzkeran eta baita eskenatoki gainean ere. Ordura arte entzuten ziren musika estilo tradizionalagoak doinu berriekin uztartzen zituzten; tangoak eta baltsak, twist, bossa nova eta pop-a bezalako estiloekin nahastuz. 1965ean eskaini zuten aurreneko kontzertua, Beasaingo Kirol Elkartearen egoitzan. Garaiko kronikek haien helbidea ere jartzen zuten, zaleek gutunak bidaltzeko aukera izan zezaten; den-denei erantzuten omen zieten.
Bi urte geroago, taldea berregituratu eta Altsasuko ahots eta musikadun taldeentzako Abesti Jaialdian parte hartu zuten, eta lehen saria irabazi. Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzaleku askotan jo zuten, baita ezkontzetan ere. Sei urteko jardunaren ondoren, 1970ean desegin zuten taldea, «agindu militarrengatik»; izan ere, kide batzuk soldadutzara joan ziren, eta taldea uztea erabaki zuten.