Joseba Telleria Albizu • Irakaslea eta ikaslea
Alarma egoera honetan, imagina ere ezin genitzakeenak, bertan behera geratzen ikusiagatik, denboraren joanak ez du izan etenik. Noizko normaltasuna… Denborak aurrera egitearen nahi hori, ordea, ez dugu oraingotxea.
Badugu guk koadrilan, besteak beste, Goierriko baserri eta baserritar gehienak ezagutzen dituen fenomeno bat. Ogi banatzailea bera, egunero du gainera horretarako aukera. Kontu aberasgarriak ekarri eta maxiatu ere egin izan ditugu behin baino gehiagotan. Horietako bat, Lazkaomenditik Zaldibia aldera omen dagoen baserritar batekin izana, askotan datorkit burura.
Aspaldi samar…
– Eunon! Arpegi txarra dakarrek!
– Buff, astelehena!
– Zer dik txarra astelehenapaa? Berrize ostielea allauko zai? Panaderooo! Hire seittun zahartuko haiz!
– Ez nikek hoixe nahi…
Egia esan, ondo ari da zahartzen gure hau. Ez dakidana da behar baino lehenago ala ez. Badakidana, ordea, astelehena ala ostirala izan, berdintsu diola.
Baserritarrarenari helduta, ostirala bezala, jai egunak, zubiak, oporrak… noiz iritsiko zain bizi da gure gizartean jenderik gehiena. Alde batetik denborari tiraka, eta aldi berean ez nahi aurrera egiterik, ez zahartu nahi. Gure kontraesanak…
Oroimenean eta onerako dudan irakasleetako batek, besteak beste, eguneroko bizimoduarekin lotutako idazleen aipamenak ekarri ohi zizkigun klasera, ondoren denon artean komentatzeko. Haietako bat, Federico García Lorcarena, gogoan izaten dut: «Gorrotatzen edo gustoko ez dituen gauzak egiten murgilduta bizi da jenderik gehiena; hori da bizitzak irakatsi didan gauza bakarra».
Baserritarraren komentarioari gehitzeko modukoa.
Hargatik aritzen ote gara denborari tiraka?