Konfinamendua arintzeko faseek aurrera egin ahala, pixkanaka hasiko dira kultur aretoak ireki eta zuzeneko ekitaldiak antolatzen. Oraindik, ordea, normaltasun horretatik urruti dago egoera, eta erakundeak bestelako ekitaldi eta egitarau alternatiboak ari dira antolatzen. Horren adibide da Ordiziako Udalak prestatu duen Kultura Etxean ekitaldi sorta. Ekainean zehar, bederatzi saio egingo dituzte herriko artistekin, eta etxetik bertatik ikusteko aukera izango da, udalaren youtubeko kanalaren bidez.
Guztira bederatzi ekitaldi antolatu dituzte, astearte eta ostiraletan, 19:00etan hasita. Aurreneko emanaldia aste honetan bertan egin dute, eta gaur izango da bigarrena; Pello Ramirez musikari ordiziarrak Cello kontzertua eskainiko du, zuzenean. Datozen asteetan, herriko beste hainbat talde eta artista ikusteko aukera izango da. Patxi Zubizarreta idazleak, Ordiziako Musika Eskolak, Urrup Antzerki Taldeak eta Ortzadar Argazkilari Elkarteak parte hartuko dute, besteak beste. 36ko gerrak Ordizian izandako eragina lantzen duen Udaminean, negua dokumentala ere eskainiko dute, hilaren 23an. Azken bi saioak, herriko bi bikoterentzat gorde dituzte; 26an, Pello eta Sahatsa Ramirez aita-alabak ariko dira, eta 30ean, Twin Melody ahizpak.