Iñaki Dorronsoro • Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
Azken hilabete hauetan munduan gertatzen ari denaren informazio uholdean ez da erraza ñabardurak kontuan hartuz teorizazio orokorretara iristea. Horrenbeste zuhaitz, zuhaixka eta sasiren artean zaila basoa bere osotasunean ikustea.
James Lovelockek 1970 hamarkadan Gaiaren hipotesia azaldu zuen: Lurraren bizitza osoak –eta planeta berak–, organismo bakar bat osatzen duela, zatiezina eta etengabe autoerregulatuz bizirik mantentzen duela gure biosfera. Bere garaian, irudi hau hain apurtzailea izanik, makina bat kritika jaso zituen egileak. Baina aspalditik datorkigu planeta osoa menderatu eta gure onurarako ustiatzeko grina. Gizakia jarri genuen erdi-erdian enperadore bezala.
Zientzia eta teknologia garapenaren azelerazio ikusgarria dela medio, azken 200 urteetan areagotu egin da jarrera hori, kapitalismoaren mugarik gabeko hazkunde eta irabazien apustu itsuaren beharretara egokituz.
2019ko abenduan Wuhan izeneko 11 milioi biztanle dituen Txinako hirian milimetroaren 70 miloiren inguru neurtzen dituen pilota ñimiño berri bat azaldu zen gizateriaren aurkari beldurgarri bezala. Bidaiari bizkorra bera, gure mugikortasun izugarria eta hiri handi eta dentsoetan bizitzeko joeraz baliatuz, ordu eta egun gutxi batzutan planeta osoa zeharkatu eta hedatzen ari da. Zientzialariak ez dakite nondik eta nola azaldu den. Aspalditik badakitena zera da, birusak etengabe aldatzen direla eta aldatzen ari direla.
Kontua da deabrutxo horrek milaka miloi persona beraien etxeetan ezkutatzera bultzatu dituela, birus sozio-ekonomiko bihurtu eta krisi ekonomiko sakon batean murgildu gaituela.
Honelako pandemiak ez dira berriak. Jakitun izan behar dugu hor kanpoan izan daitekeen arriskuaz eta horrelako ezbehar planetario gehiago ez izatea ia kasualitate bat dela. Zientzia eta ikerketari asko zor diogula baina zorte onari ere bai.
Birus ekonomikoa langabezia tasak, prekarietatea eta giza-bazterketa poltsak areagotzea datorkigu. Etorkizunari buruz asmo oneko iritzi asko entzun ditut, bestelakoak ere bai. Agintariek neurri leungarri batzuk hartzen ari dira. Ongi etorriak baina prebentzio-neurrietaz sakon pentsatzeko garaia ere badela. Planeta honen jauntxoak ez gara, planeta beraren eboluzioaren emaitzak baizik. Biosferan zein den gure tokia berfinkatu eta harremanetan jartzea eredu tekno-produktiboa bermoldatuz. Zoritxarrez eredu aldaketa honek munduko botereak dauzka aurrean, eta aurreko krisiek erakutsi digute gure memoria kolektiboa oso suntsikorra dala.