Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Ez nago oso ohituta gauza hauetara, normalean tabernako hizketaldietan geratu izan naiz. Horretan ordu asko pasa ditut. Musikaz hitz egiten, musika entzuten eta musikaz gozatzen. Kontatuko banitu nire belarrietatik pasatu diren musika ordu guztiak, seguraski, eskuak burura eramango nituzke. Onartu behar dut, niretzako, lan tresna ere badela, baino horrek ez du esplikatzen berez musikari diodan miresmena eta maitasuna.
Hori ez da tabernan jaiotzen den zerbait, tabernan akaso, indartu eta aberastu egiten da. Baina erroa, askoz sakonagoa da. Nik, oso gaztetatik, musikari lotutako oroimenak dauzkat. Lehen zigarroekin batera, futbolean jolasten genuen bitartean, irrati handi bat izaten genuen alboan. Bi pletina zituzten horietakoa. Geroz eta handiagoa hobe, sorbalda gainean eraman beharreko horietakoa. Askotan, futbolean eta dantzan, aldi berean egiten bukatzen genuen. Etengabeko zerbait zen, musika entzuten igarotzen genituen egun guztiak. Zenbat pila erosiko genituen, batek daki!
Musikarekin hazi eta hezi ginen, edo aberastu genuen gure heziketa behintzat. Gaur egun, lagunartean, musikariak, Dj-ak, musikazaleak eta kontzertuak antolatzen ibiltzen garenak gaude, oso estilo eta adar ezberdinetakoak. Bizitza horrela ulertzen dugu. Musikarik gabe ezer ez.
Urteak pasatu diren arren, jendea tabernan dantzan gogoratzean, bere talde kuttuna, eta nirea, ikusten duen bitartean, edo zuzeneko baten indarra benetan sentitzen duzunean, zure lagunak ondo pasatzen ikusten dituzunean, momentutxo hori, ez da negoziatzen. Oroitzapen horiek ezabaezinak dira. Eta konfinamendu garai hauetan asko eskertu dugu musikaren laguntza, eta faltan sentitu dut momentutxo hori.
Zuzenekoak behar ditugu, hauek egiteko toki eta gune aproposak, eta bitartean irudimena besterik ez zaigu gelditzen. Irudimena eta musika.