Miren Estensoro Garcia • Ekonomian ikertzailea
Goierrin soldatapeko enplegua duen biztanleriaren zati handi bat industrian aritzen da. Inguruko enpresa industrialetan, presentzialki lanera bueltatzea, apirilean eman zen. Kontuan hartu behar da enpresa industrialetan gizonezkoen okupazioak suposatzen duela portzentaje altuena. Are gehiago, telelanarekin ordezkatu ezin diren lanpostuetan. Horra hor, COVID-19aren krisi honek genero ezberdintasuna handitzeko aukeretako bat: kasu askotan emakumeek gertukoenen zaintzan duten erantzukizuna handitzea gizonezkoek lan presentzialera bueltatu behar dutelako. Gainera, telelanak berak ere badu genero irakurketa oso argia. Emakumeek okupaturiko lanpostuak gehiengo dira telelana egiteko aukera dutenen artean. Horra hor bigarren faktorea: zaintzaren erantzukizuna lanaldiaren malgutasunaren kontura handitzea, eta ondorioz, emakumeen lan-baldintzak okertzea telelana egiten duten bitartean.
Irakurketa hori hanka motz geratzen da klase ikuspegia txertatzen ez badugu. Eta baita, bide batez, arraza ikuspegia ere. Hasteko, telelana kualifikazio maila altueneko lanpostuetan da egingarriago. Bestetik, kontuan izan, telelana egiten den etxe askotan, mendeko direnen zaintzarako lan-merkatura jotzea besterik ez dela geratzen. Noski, hori posible dutelako, baina baita egoerak behartuta ere. Eta zaintzaren lan-merkatu horretan, zein ia bere osotasunean emakumez osatua dagoen eta arraza-dibertsitatea ezaugarri duen, prekarietateari ez ikusiarena azkar egiten diogu (kontratu gabezia edota behin-behineko kontratuak, ordutegi murriztuak, ordainsari baxuak…). Krisi hau medio, genero, klase eta arraza ezberdintasuna handitzeko aukera paregabea dugu beraz.
Errealitate hauek (eta beste askok), ekonomiaren garapena aztertzen eta bultzatzen dugunon ikuspegitik, ezinbesteko ondorenak dituzte. Eta krisi hau zaintzaren ekonomia ikusgai egiteko parada ona da. Zaintzaren ekonomia bizitza posible egiten duten jarduera guztiek osatzen dute: pardelak aldatu edota erosketak egiterakoan supermerkatu ezberdinetako beherapenak kontuan izatetik zer moduz zauden galdetzeraino. Zaintzaren mendekotasuna guztiok daukagu, guztiok eta betiko. Garapen sozioekonomikoaren ibilbidea zuzendu eta ezberdintasunen desagerpena jomuga duten politikek, beraz, zaintzaren ikuspuntua ardatz modura txertatu beharko lukete. Baina, hau nola lortu gertukoenen zaintzan genero, klase eta arraza ezberdintasuna areagotzen duten neurriak hartzen baditugu? Edo lantokietan zaintzan erantzukizunik ez duten pertsonak nahiago baditugu? Edo interdependentzia eta ikuspegi sistemikorik ez duten politikak bultzatzen baditugu? Erantzukizuna guztiona da.