Antxiñe Mendizabal • Idazlea eta editorea
Ilegorri oreztadunei nik beti hartu diet bihurri itxura, baita tankera argia eta menderakaitza ere. Erdi Aroan, sorgin eta belegile ziren susmopean jazartzen zituzten. Lilit, Evaren aurretiko Adanen lehenengo emaztea, paradisutik joan zen emakumea ere ilegorria zen, eta baita Mark Twain idazle iparramerikarrak sorturiko Tom Sayer bera ere.
Jules Renard idazle frantsesak 1894an argitaraturiko Axenario liburuko protagonista ere mutiko ilegorri bat da. Amak ez du maite, eta ez aitak, ezta anaia-arrebek ere, ez diote jaramonik egiten. Mutikoak behar duen maitasuna bereganatzeko, berezko dituen izaera eta animalia-sena baliatuko ditu, eta, adimena eta bihotz ona ez ezik, amarrukeria, krudelkeria eta lizunkeria ere erabiliko ditu. Egileak berak adierazi zuen bere haurtzaroan oinarrituta idatzi zuela istorioa. Ironiaz, tristuraz eta poesiaz beteriko eleberriak ama maitekorraren eta aingeruzko umearen mitoak hankaz gora jartzen ditu.
Iruditzen zait haur eta gazteei kosta egingo zaiela liburu hau ezagutzea, liburutegi eta liburu-dendetako beren apaletan topatuko ez dutelako. Ziur nago, halere, irakurle gazte askok harriduraz irakurriko lituzketela Axenarioren bizipenak, eta harridura beti da akuilu ona literaturzaletasuna pizteko, batez ere, zuzentasun politikoan eta sarri-asko gehiegi gozatutako literaturan heziak izan diren gure irakurle gazteak.
Ausartu zaitezte gurasotasun perfektuaren eta haur onaren eredua zalantzan jartzen duen liburua irakurri eta zuen seme-alabekin partekatzen.
Izenburua: Axenario (Poil de carotte).
Egilea: Jules Renard.
Itzultzailea: Itziar Otegi.
Argitaletxea: Alberdania/Elkar.