Jose Luis Etxezarreta • Beasain
1966ko argazkia da honakoa; bertan, sabeleko kilimak txuri-beltzean, baina oraingokoen berdinak: bidaia, abenturak, bizipenak, lagunak eta euskara.
Aurtengoan, uda hurbiltzearekin batera, gure haur eta gaztetxoek ez dituzte udalekuen sabeleko kilimak sentituko. Ai ene, zein hunkigarriak izaten ziren etxekoen azken muxuak eta gurasoen malko gazi-gozoak. Garai hartan bazegoen jada udalekuetara joateko aukera, baina beti ere neskentzat eta mutilentzat bereiziak izan ohi ziren, eta gazteleraz giro ez euskaldun batean, noski. Baina Beasainen sortu berria zen ikastolaren eskaintza erabat berritzailea izan zen garai hartarako: neska-mutilak elkarrekin, konfiantzazko giroan eta euskaraz. Gaur egun hain ohikoak direnak, garai hartan gure eskolan bakarrik ziren eskuragarri.
Ikastola debekatuta bazegoen ere, haur ugarik Egozkuen (Nafarroa) aurkitzen genuen askatasuna, gure etxeko hizkuntzan bizitzeko aukera… Gure irakasle eta gurasoei esker; lehenengoak, begirale eta arduradun; bigarrenek, sukaldari lanetan mokadu goxoak jartzeaz gain, behar zenean amaren papera hartzen zuten, mantenimenduan,… jo eta ke guztiak ere, euskal giroan herriko haur eta gazteek beraien aisia izan zezaten! Irakasleak, ikasturtea bukatu eta musutruk udalekuetara joaten ziren, hamabost egun gogoz eta ilusioz igarotzeko prest. Ikastoletako andereñoen euskararen aldeko militantziaren prezioetariko beste bat zen azken hau. Eta, norbaitek galde lezake: «Eta, kontziliazio familiarra?». Seme-alabak beraiekin batera udalekuetara eramaten zituzten eta senarrak, astea lanean pasa ondoren, hantxe izaten ziren bai familia propioa eta baita hainbat haur eta gaztetxoren inguruan, ahal zutena egiteko eta emateko prest. Gaur egun pentsaezina dena, naturaltasun osoz ikusten genuen garai hartan.
Nafarroako herri txikiak misterioz betetzen ziren, errekatxoak eta askak gure igeritoki bilakatzen ziren bi astez: Egozkue, Artzoz, Lizoain… Errekako ur hotz haietan igerian ikasten, txalupan, indioz mozorrotuta, gaubeletako abesti eta jolasak, janariarekin arazoak… zenbat bizipen. Eta, nola ahaztu Lizoainen Josetxo Martinezen magia saioak. Txundituta, aho bete hortz uzten gintuen egiten zizkigun ekitaldiekin!
Ekintza berritzaile gehienak talde lanari eta auzolanari esker sortzen dira, eta talde guztiek liderrak izaten dituzte; gure kasuan, Ixabel Olano eta Donje. Gure artean ez badira ere, nola ahaztu haiengandik jasotako goxotasuna eta maitasuna! Gutariko bakoitza, beraien seme edo alaba bezala hartzen gintuzten. Zenbat oroitzapen goxo!
50 urtetik gora pasa dira argazkia atera zigutenetik. Baina… pentsatzen jarrita, asko aldatu al dira udalekuak? Profesionalizatu egin dira, ez daude irakasleen esku, instalazioak izugarri hobetu dira, bitartekoak ugaritu. Garai hartan euskara zen helburu nagusia, eta gaur egun, zorionez edo zoritxarrez, zenbaitentzat ingelesa. Baina gure haur eta gazteek, orduan bezala, haur eta gazte izaten jarraitzen dute, urduritasun eta bizipenek funtsean berdin diraute, oraingo ametsak eta kilimak koloretan badira ere.