Landa eremua eta haren balioak oinarri dituen ekintzailetza proiektu bana lantzen ari dira Anne Otegi eta Oihana Unanue, Goimen elkartea bideratzaile dutela. Bi proiektuak osagarriak izateko aukera ere indarra hartzen ari dira.
Ekintzailetzak ez du zertan industriarekin eta zerbitzuen sektorearekin soilik lotura izan beharrik, uste okerra da hori. Landa ingurunean ere posible da, eta posible izateaz gain, baita beharrezko ere, ikusita gero eta handiagoa dela jendartearen eta naturaren arteko distantzia, aldian behin aisialdi modura hartzeko ez dela. Ezezagutzagatik izan daiteke, behar adina komunikatzen ez delako ere bai akaso, baina Goierrin landa ingurumenarekin lotutako proiekturen bat buruan darabiltenek, Goimen landa garapen elkartearen atea jo dezakete. Zaldibiako Olaeta auzoan du egoitza elkarteak, Larraitzera bidean. Goizane du izena, iraunkortasunaren topagune izateko bokazioz sortua.
«Goizanen Inkubategi bat daukagu, eta egiten duguna da ekintzaileek espazioa behar duten heinean, gurekin elkarlana egin nahi duten heinean eta osagarriak garen heinean, bi urterako bulegoak uzten dizkiegu. Gastu batzuk gure gain hartzen ditugu, ekintzailea gastuetan gehiegi kargatu ez dadin». Manex Aranburu Goimeneko kudeatzailearentzat «garrantzitsua da» goierritar guztiek jakitea –23 udalerriak hartzen ditu Goimenek– landa garapenarekin lotuta dauden proiektuetarako bulegoak daudela eskura Goizanen.
Goimenek ez du ekintzaileei bideragarritasun azterketak egiten laguntzeko zerbitzurik ematen –halakoak Goieki eta Uggasa garapen agentziek egin ohi dituzte–, baina Eusko Jaurlaritzaren menpeko Hazi fundazioarekin duen hitzarmenari esker, landa eremuarekin eta haren balioekin bat datozen proiektuak bideratzen laguntzen du Geroa programaren bidez. Prozesu horretan murgilduta daude azken hilabeteotan Anne Otegi (Itsasondo, 1981) eta Oihana Unanue (Azpeitia, 1980), senak agintzen dienari bide eman nahian.
Gastronomia osasunari lotuta
Erizain laguntzaile ikasketak egin zituen hasiera batean Otegik, baina medikuntzan ez jarraitzea erabaki zuen «oso mugatua» iruditzen zitzaiolako. Hortik sukaldaritzara jo zuen, eta urte askoan gidatu du Aramako Ostatua. Basque Culinary Centerren (BCC) egin zituen azkeneko ikasketak, eta orain, Lanbideren bitartez, Lanbide Heziketan sukaldaritza irakasle izateko titulua lortu du. «Hori guztia uztartu behar da ostalaritzak dakarren bidearekin. Goi mailako sukaldaritzak badago formakuntza, baina egunerokotasuneko ostalaritzan ez».
Anne Otegi: «Elikatzea ikasketa bat da, eta gizartean hutsune hori dugu. Ez da horren zaila hori aldatzea»
Urtebete darama Vanessa Blazquez lagunarekin Osoa Sukaldaritza Ikaskuntza proiektuan, eta Hazin proiektua sartua dute Osoa «aholkularitza gastronomiko jasangarria» izateko. «Ildo horretan, osasuna dator, hiru erpinetan kokatuta: elikadura osasungarria, kirola eta atsedena. Osoak praktikatzen duena da elikadura osasungarri bat partekatzea, bertako eta garaiko produktuekin egina». Horretarako «pedagogia aktiboan» sinesten du, eta horren adibide da iaz Ormaiztegin egin zuten Azaroan, azak soroan lanketa. «Topaketaz gain, eskolarekin nekazaritza eta sukaldaritza uztartu genituen, eta horren bidez haurrek kontsumo ohitura horiek ikastea zen helburua».
Otegiren iritziz, elikaduran dago ongizatearen gakoa, eta hainbat erakundek ere mezu bera darabilte. «Uste dugu oso ondo jaten dugula, baina ez da egia. Elikatzea ikasketa bat da, eta gizartean hutsune hori daukagu. Eta ez da horren zaila hori aldatzea. Ostalaritzan aldaketa garrantzitsu bat dator, eta guk hor egin nahi dugu. Kontsumo ohituretan aldaketa handia dator, eta horretara egokitu beharra dago. Oraingoz ez dago baliabiderik horri aurre egiteko».
Sagarra eta ingurumen hezkuntza
Aurtengo urtarrilaren 9an erabaki garrantzitsua hartu zuen Oihana Unanuek. Fraisoron zuen Baso eta Natur Ingurunearen Kudeaketa zikloan zuen irakasletza utzi, eta «sentitzen duen horri» heltzeko erronka jarri dio bere buruari. «Hankak lurrean jartzen ari naiz, eta proiektuak idazten eta aurkezten udaletxe batzuetan». Biologia ikasi zuen, eta Biolurren egin zituen praktikak, eta harrezkero, betidanik Azpeitiko baserrian egindako sagardo eta sagar zuku ekologikoa merkaturatzen ditu Unanue markapean. Gaur egun Ordizian bizi da.
Oihana Unanue: «Elikagaiei eta naturak eskaintzen dizkigun baliabideei balioa ematea da proiektuaren asmoa»
Hezkuntza arautuko pedagogia sistemarekin «ikasleengana iritsi ezina» sumatu du Unanuek, eta esku artean darabilen egitasmoan bi arlo horiek uztartu nahi ditu: sagarra eta haren produktu eratorriak, eta ingurumen hezkuntza. «Sagarrarekin bizi dudana besteei esplikatuta ez naiz iristen, eta emozio hori trasnmititzeko behar dena da barruan sartu eta naturako elementu askorekin bizi. Elikagaiei eta naturak eskaintzen dizkigun baliabideei balioa ematea da proiektuaren asmoa. Ikusten dut gizarteak erabat deskonektatu duela naturarekin, eta ez dakigula zer daukagun inguruan».
Goimenen bidez ezagutu dute elkar biek, eta Hazi fundazioaren behin betiko erantzun zain daude egun. Eta denbora tarte labur horretan, elkar osagarriak gerta daitezkeela sumatu dute, konbikzio eta helburu bertsuak baitituzte, nahiz eta Covid-19ak sortutako egoerak diru-laguntzak gelditu dituen. «Ekintzaileak gara, eta egin egin dugu!», dio Otegik. Oraingoz, hazia ereiten ari dira, eta ernetzen denean, sena bidelagun egokia dela erakutsiko dute.
Landa eremuko ekintzaileentzat Geroa programa
Hazi Fundazioaren Ekintzailetasuna eta Prestakuntza arloaren barruan sortutako programa bat da Geroa. Landa eremuan nahiz itsasertzean sor daitezkeen negozio ideia, dibertsifikazio eta prestakuntza beharra duten ekintzaileei eskainitako zerbitzu integral bat da. Begirale baten laguntzaz, sustatzaile bakoitzak bere ideia gara dezake ikuspuntu ekonomiko nahiz teknikotik, harik eta proiektua gauzatu arte.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonimoa Erkidegoko 18 landa garapen elkarteekin egindako hitzarmenari esker –Gipuzkoan sei daude, Goierrikoa Goimen da–, Hazirekin lankidetzan ari da Goimen Geroa programaren bideratzaile modura. Programa honek Europatik datozen Erein eta Lider diru-laguntzekin lotura dauka, eta ekintzailearen «landatartasunaren arabera» laguntza bat edo beste bideratzen da.
«Hazik gurekin elkarlana egiten duen teknikari bat jartzen du ekintzaileari jarraipena egiteko. Ekintzaileari bideragarritasun plan bat egiten erakusten dio, baita negozioa bideragarri mantentzen ere. Aholkularitza ez ezik, formakuntzat ere ematen dute», azaldu du Manex Aranburu Goimeneko kudeatzaileak.
Ostegun ekintzaileak izeneko egitasmo bat ere badauka Hazik, eta biltzeko tokietako bat da Goizane eraikina. «Erkidegoan ari diren ekintzaileak elkar ezagutzeko eta informazioa trukatzeko elkartzen dira hilean behin».