Mari topatzea zaila izango zaio txangozaleari, baina eguraldiak batere laguntzen badu Murumendiko tontorretik bista apartaz gozatu ahal izango duela… hori segurua da. Hauxe tontor airosoa airosorik bada. Goierri, Urola bailara, Aralar, Aizkorri, Izarraitz, Izazpi eta beste hainbat mendi parez pare ikusten dira bertatik.
San Gregorio Handiaren baseliza Astigarreta gainean dago, Aintxintxaurdi eta Txoritegi mendien arteko muinoan. Oso aspaldikoa da, XIV. menderako eraikita omen zegoen eta. Argazki zaharretan ikusten denez, oso zegoen hondatuta joan den mende hasieran, eta 1951. urtean konpondu egin zuten. Baina 1989an santuaren irudia ostu zuten bertatik eta are eskasago geratu zen, harik eta 1995ean berriro txukundu eta hornitu zuten arte. Roberto Linkel apaizak ekarri zuen irudi berria. Duela gutxi baselizaren teilatua konpondu dute eta eraikina margotu, eta hamarkada luzez galduta egon den erromeria ere berriro egiten hasi dira.
Ibilbideko lehendabiziko trikuharriak baselizatik hurbil daude, bai Trikuaizti I eta bai Trikuaizti II, lau mila urtekoak, Josetxo Zufiaurrek aurkituak. Bertan hamabi pertsonaren hezurrak azaldu ziren. Aldapa dezentea hasten da puntu honetan. Ezkerrera Izazpi begira dela, aurrera jarraitu eta halako batean Larrarteko lepora iristen da bidea. Hemen ere nabarmena da historiaurreko euskaldunen arrastoa, zelaiaren erdi erdian aurkitzen den trikuharrian gorpuztua. Ondoren azalduko dira Trikumuttegi, Murumendi Iparraldekoa eta Murumendi Hegoaldekoa. Hainbat indusketa egin izan dira aztarnategiotan, horietako asko Jose Antonio Mujika arkeologo beasaindarrak burutuak.
Puntu honetatik Murumendiko tontorrera igotzeko bi bide har daitezke. Pinudi ertzetik zuzenean gora doana hartu beharrean, bordatik ezkerrera abiatzen denari heltzea gomendatzen du Jonmikel Intsausti gidariak. Izan ere, kilometro eta erdi inguru ibili eta gero, sari handia dago zain: Damazulo koba, Mari jainkosaren bizitokia izandakoa… eta oraindik ere badena?
Damazulo kobaren misterioa
Erne joan beharra dago pistan, ezkerreko pagadiari begira, halako batean kartel txiki bat azalduko da eta: «Pagorriagara 15 minutu. Damazulora 5 minutu» dio eta orein baten buruaren marrazkia dauka. Eta halaxe, pausu gutxi batzuk emanda, harri pilaketa txiki bat dago bide ertzean, beste seinalerik ez. Hor abiatzen den bidezidorra hartu ezkerrerantz, eta bat-batean Damazulo koba azalduko da. Hasierako metro gutxi batzuetan kanpoko argia iristen da, baina aurrera jarraituz gero, lurraren erraietarantz, ilunpea. Eta misterioa.
Berrogeitik gora dira Marik Euskal Herrian izandako bizitokiak. Izenak ere asko: Txindokiko Mari, Putterriko Damea, Anbotoko Señora, Aketegiko Sorgina… Bizitoki horien arteko ezagunena Anbotoko koba izango da seguru asko, baina Murumendiko honek ere zirrara berezia eragiten dio txangozaleari.
Iñaki Apalategik azaldu izan duen bezala, sinesmen paganoak gurtzen zituzten hainbat toki sakratu garbitzeko helburuz, sorginak zeudela uste zen tokietan eraiki zituen baselizak eta santutegiak kristautasunak. Murumenditik gertu da Santa Marina auzoa, eta hainbat antropologoren ustetan Marina Mariren bertsio kristaua besterik ez da.
Elezaharrak dioenez, Mari (Ama Lurraren pertsonifikazioa) Beasaingo Burugoena baserriko semearekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Mari kristaua ez zenez, ez zituen bataiatu. Senarrak nahi, ordea, eta Mari lotu, umeak gurdian jarri eta bataiatzera eraman zituen herrira. Mari askatu egin zen, su garretan, eta hegan alde egin zuen Murumendiko bere kobara, «Nire umeak zerurako, ni Mururako. Burugoena ez da sekula eri edo maki (besomotz) gabe izango!» oihu eginez. Bitxikeria gisara, eta Burugoena baserria aipatuta, Burumendi-Murumendi izenak erabili ohi izan dira mendia izendatzeko, On Jose Migel Barandiaranen testuetan azaltzen den moduan.
Leizezulo, ur hots nabariarekin
Damazulotik ez urruti, pistaren goiko aldera jota, beste zulo ikusgarri bat dago: Leizezulo. Hau topatzea errazagoa da, batetik Damazulo baino askoz handiagoa delako eta bestetik ur hotsa –urte garai honetan behintzat– urrutitik entzuten delako. Lurrean barrena sartzen da, ilun, umel eta sakon. Metalezko eskala bat badago, zuloaren sakoneko kobaraino jaitsi nahi duenarentzat. Zuloaren ertzetan kontu handiz ibili behar da barrura ez erortzeko, aldapan dagoelako eta irristakorra delako zorua.
Murumendiko Hagina –Atxipimendi du benetako izena– ere hurbil dago. Harkaitz bitxi honi bisita egin eta gora abiatuta, basoan barrena lehendabizi eta belardian zehar gero, berehala iristen da tontorrera. Ikusmira aparta eskaintzen du Murumendik, 360 gradutakoa. Begiratzen den aldera begiratzen dela, mendiak, basoak, baserriak eta herriak azaltzen dira. Orientazio mahaiak mendi bakoitzaren izena eta garaiera dauzka grabatuta. Goierriko mendizaleek Luis Pedro Peña Santiago mendizale eta kazetari irundarrari eskainitako hilarria ere badago, baita hegazkin itxurako buzoia ere, eta erpin geodesikoa. Gurutzedun monolito batek, 1976an Vignemalen hildako hiru mendizale ditu gogoan: Sebastian Sanchez beasaindarra, Fernando Terradillos ordiziarra eta Jose Luis Orbegozo azpeitiarra.
Garai batean erromeri handia egiten zen Murumendin, zehatzago esanda Txondorplaza deitutako lepoan. Bada Foto Alzuriren argazki bat, 1953koa, esandakoa berresten duena. Gonak, praka luzeak eta kolore zuriko alkandorak dira nagusi bertara hurbildutakoen artean. Bestelako kolorerik ere bada, ordea, argazkian: guardia zibil bikotearen iluna. Eleuterio Aiesta eta Txanbo –Ramon Modesto Aranburu– omen dira argazkiko txistulariak.
Kontuan hartzeko
- Mandubitik edo Larrartetik. Ibilbide hau Mandubian hasi eta buka daiteke, edota Larrarteko lepoan. Desberdintasun nagusia da lehenengoa eginda San Gregorio baseliza ikusten dela eta bigarrenarekin ez, baina Larrartetik abiatuta ere bi kobazuloetara eta Murumendira berdin berdin ailegatuko da ibiltaria, bidea bera da eta.
- Defentsarako bi harresi. Erne doan ibiltaria jabetuko da Murumendiko tontorra bi gerriko handik inguratzen dutela. Airetik hobeto ikusten da lurretik baino, baina oinez joanda ere nabarmenak dira. Suhar arkeologia taldeak 2012 egindako indusketen arabera, defentsarako bi harresi ziren, Burdin Aroaren bigarren aldikoak.
- Iturriak. Mendi ibilaldietan beti komeni da ura soinen eramatea. Gaurko Ibiltariko iturri ezagunena Arrapaitzekoa da, baina San Gregorion eta Mandubian ere badaude. Bazkaltzeko edo zerbait hartzeko, jakina, Mandubiko Benta.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3:30 ordu
- Luzera: 10 km
- Goranzko desnibela: 463 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza
- Oharrak: Damazulo eta Leizezulo kobazuloen arteko bidegurutzetik aurrera, ordu laurden eskasera, Pagorriaga baserrira joan daiteke. Ez dago galbiderik. Oreinak ikus daitezke bertan.