Hilerokoa erregulatzeko eta odol-jarioak mozteko erabili izan da sendabelar hau.
- Izen herrikoia: Artzain-zakua.
- Izen zientifikoa: Capsella bursa-pastoris L. (Brassicaceae).
- Ezaugarriak. Hostoak oinaldean jaiotzen dira, erroseta moduko bat osatuz. Bertatik zurtoin tente bat hazten zaio, eta bukaera aldean agertzen dira lore zuri txikiak. Zurtoinean hazten zaizkio fruituak, triangelu eta bihotz forma izaten dutenak. Oso arrunta da, eta leku askotan aurki daiteke; hala nola, zelai, bide, baratz, leku eguzkitsu zein ospeletan.
- Atal erabilgarriak. Landare osoa erabiltzen da, loreak, hostoak eta zurtoina.
- Propietateak eta erabilpenak. Gehienbat, hilerokoa erregulatzeko eta odol jarioak mozteko erabiltzen zen. Kanpoko odoljarioak gelditzeko, baita odoluzkiak (almorranak) eta barizeak arintzeko ere. Kataplasmak egin daitezke landare txikitua aplikatuz, edo 50 gramo landare egosi litro erdi uretan bost minutuz, hozten utzi, iragazi eta ingurua garbitu ur horrekin. Zauri, ubeldu, esku eta titi punta zartatuak sendatzeko, infusioarekin ingurua busti. Hilerokoa erregulatzeko ere erabili izan da. Hileroko eskas eta irregularretan zein odoljario handietan. Menopausia garaiko nahasketetarako ere aproposa. Kasu horietan, tintura edo infusioak erabil daitezke. Tratamendu horietarako, hilerokoa etorri baino hamar egun lehenago hastea komeni da. Hamar gramo landare egosi bost minutuz, eta egunean bi edalontzi edan.
- Kontraindikazioak. Haurdunaldian ez erabili.