Goierriko biztanleria hazi egin da XXI. mendean. Bereziki, Goierri beheko herriei esker. Izan ere, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako biztanleriak behera egin du. Migrazioak dira faktore nagusia.
Geroz eta goierritar gehiago dago. Datuek hala diote. Azken bi hamarkadetan eskualdeko biztanleria puntu bat hazi da. Baina zooma handituz gero argi ikusten da bilakaera ez dela homogeneoa izan. Are gehiago, herri batzuetan behera egin du biztanleriak. Goierri Garaiko herriak biztanleria galtzen ari dira, hain justu. Goierri Beheko herriek egoera eraldatzen dute, bereziki, herri txikiek, Lazkaok eta Ordiziak. Halere, egon badaude salbuespenak.
Goierrik 65.292 biztanle zituen XXI. mendearen hasieran Gaindegiaren datuen arabera. Iazko datuei begiratuz gero, berriz, 69.906. Urtez urte, igoera konstantea izan da, eta horrela jarraituz gero, laster gaindituko du 70.300 biztanleko muga historikoa. «1950. urtetik aurrera Goierrik hazkunde demografiko indartsua izan zuen, hasiera batean Zumarragaren eskutik eta, ostean, egungo udalerri handien eskutik. Dinamika horretan eskualdeak 70.300 biztanle izatera iritsi zen 1981. urtean, baina garaiko industria krisia medio, areago industria hazkunde demografikoaren motorra izanik, biztanleria galera gailendu zen milurteko berria iritsi arte», nabarmendu du Gaindegiak eskualdeari buruz iaz egindako txosten sozioekonomikoak.
Industriaren eta biztanleriaren arteko lotura estua da. Zumarragaren kasuan ederki ikusten da: «1977an izan genuen biztanle kopururik handiena Zumarragan: 12.619. Handik lau urtera populazioa ez zen hamabi milara iristen. Gaur egun arte luzatu den bideari ekin genion, ia urtero errepikatzen diren jaitsiera txikiak ditugula», dio Antonio Prada Zumarragako Udaleko artxibozainak biztanleriaren bilakaerari buruzko txostenean. «1973ko petrolioaren lehen krisia urte batzuk geroago nabaritu zen gure herrialdean, 1970eko hamarkadaren bigarren erdian. Lanpostuak desagertzea eta, beraz, langabezia-tasak handitzea izan ziren lehen krisi haren ondoriorik nabarmenenak. Hurrengo urteetan industria sareak, gure tokiko ekonomiaren oinarri nagusiak, poliki-poliki desegiten jarraitu zuen». Ondorioz, herritar askok emigratu egin zuten lana topatzeko aukera handiagoak zituzten beste eskualde batzuetara. Gaindegiaren datuen arabera, 2014. urtean Zumarraga ez zen 10.000 biztanleko langara iritsi, ia mende erdiaren ostean. Zehazki, 9.728 biztanle.
Legazpiren kasua ere estilokoa da. Trenbide sareak erakarrita herrian siderurgia arloko enpresa handiak ezarri ziren eta urte gutxian migrazio mugimendu handia izan zuen. Gainera, lanera zetozenak haurrak izateko adinean zeudenez eta bizi maila ona zutenez, jaiotza tasak ere gora egin zuen. Industria sarea desegitean, ordea, migrazio saldoa negatiboa bilakatu zen. Hau da, jende gehiago joaten zen etorri baino. Ondorioz, biztanleria galdu egin du. Proportzioan Zumarragan baino gehiago. Azken datuen arabera, Legazpik, 8.371 biztanle ditu, duela hogei urte baino ia 600 herritar gutxiago.
Maite Garmendia, Altzagako alkatea: «Nagusiki familia gazteak etorri dira eta beraien beharretara ondo egokitzen da Altzaga»
Antonio Prada, Zumarragako artxibozaina: «Petrolioaren krisiaren ondorioz industria sareak poliki-poliki desegiten jarraitu zuen»
Urretxu dago bi herrien artean. Bertan galera ez da horren handia izan, hein handi batean ez duelako sekula bizilagunek bezain fabrika handirik eduki. Halere, hurbiltasunagatik, langile asko ezarri ziren bertan bizitzen. Gaindegiaren arabera, Urretxuk 6.756 biztanle ditu, 2000. urtean baino 300 bat lagun gehiago. Baina, 2009an ia 200 biztanle gehiago ziren.
Antzeko egoeran daude Legorreta, Olaberria eta Ormaiztegi, Goierri Beheko herrien artean azken hamarkadan biztanleria galdu duten herri bakarrak. Egiari zor, XXI. mendean hazkundea izan dute: 2009an goia jo zuten, baina azken urteetan behera egin dute. Zenbaki absolutuetan Zumarragak eta Legazpik biztanle gutxiago galdu dituzte, baina herri txikiagoak izanik, bakoitzaren eragina handiagoa da proportzioan. Ondorioz, Legorreta da azken hamar urteetan Goierrin biztanleria gehien galdu duen herria: 1.494 izatetik 1.417 herritar izatera igaro dira.
Albo alboan dago txanponaren beste aldea: Altzaga. Azken hamar urteetan Goierrin gehien hazi den herria da. «Duela urte batzuk etxebizitza berriak eraiki ziren eta inguruko herrietatik jendea etorri zen. Bereziki, Ordiziatik, Lazkaotik eta Tolosatik», azaldu du Maite Garmendia Altzagako alkateak. 2000. urtean ehun herritar ere ez ziren, 2009an, 161 eta egun, 183. «Nagusiki familia gazteak etorri dira, eta beraien beharretara ondo egokitzen diren etxebizitzak topatu dituzte bertan: tamainakoak, inguruan baino merkeagoak… Gainera Altzaga herri polita eta lasaia da. Altzagara datorrena lasaitasun bila dator, baina herrigune handiagoetatik gertu gaude», gaineratu du. Ondorioz, herrian aldaketa sumatu du Garmendiak. «Urtebete daramat alkate lanetan eta egoera egonkorra izan da. Baina atzera begiratuta aldea dago». Oroitu da iraganean baserritik bizi zirela altzagar gehienak eta, egun, asko kanpora joaten dira inguruko lantegietara. Hala, Altzagak lo-hiria bilakatzeko arriskua du. Hau da, biztanle gehiago izan bai baina herrigunean bizi askorik ez edukitzekoa. Garmendia ez dago kezkatuta: «Uste dut hazkundea apaldu egingo dela baina behera egiten ez dugun bitartean gustura gaude. Edonor animatzen dut Altzagara, herriarentzako ona baita biztanle gehiago izatea».
Herri nagusien artean Lazkao eta Ordizia dira hazkunde handiena izan duten herriak. Industria gune garrantzitsua dute inguruan, punta-puntako enpresekin, eta helmuga interesgarria da lan bila dabilenarentzat. «Goierriko nortasun industriala aspaldikoa da, eta gaur egun ere, nortasun hori oso presente dago: eskualdeko balio erantsiaren ia erdiak manufaktura industrian du iturburu», dio Gaindegiaren txostenak. «2008 eta 2016 arte epealdian biztanleko Barne Produktu Gordinak uzkurdura garrantzitsua nozitu arren, oraindik ere Gipuzkoa osokoa baino handiagoa izaten jarraitzen du». Goierrik enplegu nahikotasun negatiboa dauka. Hau da, handiagoa da bertan bizi den landun kopurua bertan dagoen enplegu bolumena baino. Enplegu gabezia are handiagoa da 3.500 langabetu baino gehiago daudela aintzat hartuz gero. Nolanahi ere, 1980ko hamarkadatik Goierrik langabezia tasa txikia izan ohi du eta horrela da egungo testuinguruan ere, Euskal Herriarekin alderatuta bederen. Ordizian, 10.000 biztanleko langa gainditu zuten 2018. urtean eta Beasainen atzetik eskualdeko herririk populatuena da.
Migrazioak eutsi beharko dio
Etorkizunari begiratuta ikusteko dago eskualdeko biztanleriak hazten jarraituko duen. Egitekotan migrazioari esker izango da, berezko hazkundea negatiboa baita. Hau da, jende gehiago hiltzen da jaio baino: 2018ko datuen arabera, 711 lagun zendu ziren eta 565 jaio. Jaiotza tasa baxua izanik, adineko jendeak gizartean pisu handiagoa du.
Eustatek kaleratutako azken txostenaren arabera Euskal Autonomi Erkidegoan ama izateko adina atzeratzen ari da eta hirugarren eta ondorengo jaiotzak «ia desagertu» egin dira. Goierrin, ugalkortasun tasa 8,3koa da. Duela hamar urte 11,8koa zen. Hala, bost goierritarretatik bakarra da haurra edo gaztea. Aldiz, 45 eta 60 urte bitartean dituztenak ia hiru. Eskualdeko bataz besteko adina 45 urtetakoa da.
Bizi itxaropena ere gora egiten ari da. 80 urteren bueltan dago azken datuen arabera. Are gehiago, Osasun Sailaren arabera, Legazpiko Oinarrizko Osasun Eremua da Gipuzkoako bizi itxaropen altuena duen lekua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bosgarrena. Zehazki, 80,8 urte. Emakumeen kasuan, 82,5. Atzean, osasun sistema eraginkorra eta bizi maila altua daude: «Eskualdeko errenta erabilgarria (19.100 €/urtean) Gipuzkoakoa gainditzen du (+800€), hein handi batean 18 urtetik gorako herritarren %36ak hilean 2.100 eurotik gorako diru-sarrerak dauzkalako. Goierrin diru-sarrera handien hedadura handia da».
Biztanleriaren %80 sei herritan pilatuta bizi da
Goierriko lau herri jendetsuenek, hots, Beasainek, Ordiziak, Zumarragak eta Legazpik eskualdeko biztanleriaren %60 pilatzen dute. Eremu geografikoari dagokionez, aldiz, %23 besterik ez dute osatzen. Lazkaoko eta Urretxuko datuak gaineratuta, Goierri osoko biztanleen ia %80 hartuko lukete sei udalerri nagusiek, herrien laurdenak.
Eskualdeko dentsitatea 158,6 lagun kilometro koadrokoa da. Euskal Herrikoaren gainetik dago, gutxigatik bada ere. Dentsitate handia dela esatea baino zuzenagoa da biztanleria ez dagoela sakabanatuta esatea. Ordizian, kasu, 1.679,3 lagun bizi dira kilometro koadroko eta Ataunen 28,9. Aldeak handiagoak izan daitezke auzoz auzo begiratuz gero.
Lehen sektoretik bigarrengora jauzi egitean herri industrializatuek garrantzia hartu zuten eta migrazio mugimenduak bereganatu zituzten. Ondorioz, landa eremuko herrietan biztanleria ez da horrenbeste hazi. Gainera, askotan azalera handieneko herriak dira horiek.
Bitarteko hiriguneen eta landa eremuko herrien arteko distantzia txikia da geografikoki. Halere, oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasuna ahulagoa da herri txikietan. Esaterako, Oinarrizko Osasun Eremuak Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian eta Zumarragan kokatzen dira eta trenbideak eskualdeko herririk nagusienak zeharkatzen ditu Aizkorpeko herriak zeharkatu gabe.
Halere, herri txikiagoek badituzte euren abantailak eta herritarrak erakartzeko ahalmena dute. Etorkizuneko erronka erkargarritasunari eustea izango da. Bestela, bi eremuen arteko aldeak handiagoak izango dira eta bitarteko hiriguneetan pilaketak handiagoak izango dira.