80ko hamarkada hasieran «mukizu» batzuk besterik ez ginen, baina gaur egun garena gara, batez ere irudian agertzen den batengatik. Ramon Anjel Hernandez Gabiola da hortxe nire ondoan agertzen den pertsonaia, entrenatzailea orduan.
Bai, bera Bustuntzako kamisetarekin eta gu, Bustuntza Txiki izendunarekin. Apirilean esan zigun agur, adiorik emateko baldintza egokienak izan ez diren tarte horretan. Baina Bustuntza Txiki taldekook gogoan izango dugu beti. Bustuntza auzoko (gaur egun Buztuntza) Ikastola-semeak ginen gu, eskola publikoaren inguruan hezitakoak.
Auzoan festak antolatzen ziren orduan, eta guk jai horietako parte izan nahi genuen. Bigantxak, erromeriak, txosnak, danborrada… horietan guztietan hartzen genuen guk parte. Haiek bai garaiak! Futbol txapelketa ere antolatzen zen garaia haietan, eta hara non agertu zitzaigun Ramon Anjel, banan-banan, futbol taldea atera behar genuela eta aldarrika.
Gaztelaniaz egiten zigun baina, «hi Patxiren semea haiz, hi berriz Txatorena, Merino, Mendizabal, Mitxelena, Saiz…». Hark batu gintuen eta gaur egun «kuadrilla» deitzen dioguna batzea lortu zuen Ramon Anjelek. Bejondeizula!
Bustuntza auzoko festak
Gogoan dut ekainaren amaieran ospatzen genituela Bustuntza auzoko jaiak. Finalera iritsi eta garaipena lortu genuela. Horren erakusle argazkian dominak eta trofeoa jaso genituen unea. Baina era berean ere, gogoan dut finala jokatu aurretik bigantxak zeudela Idoiaga plazan (gaur egun bezala, baina zezen-plazarik gabe). Hasieran esan bezala «mukizu» batzuk besterik ez ginela, baina nik txikitatik izan dut zezenen aurrean lasterka ibiltzeko grina hori eta… «Aitor, debekatuta daukazue partida aurretik bigantxatan ateratzea, gero partidua daukazue eta!», Ramon Anjelek. Eta niri bezala, gainontzeko taldekideei gauza bera. Festetarako egokitutako oholtza azpian ezkutatu eta bertatik ikusi behar izan genituen orduko bigantxa-jokoak. Ez dut sekula ahaztuko zer nolako amorrazioa eman zidan horrek!
Sekula ahaztuko ez duguna
Baina segituan ahaztu genuen dena. Partida jokatu, txapela irabazi (garai haietan dominetarako besterik iristen ez bazen ere) eta sekula ahaztuko ez dugun argazki hau geratuko zaigu gogoan. Ikusiko duzuenez taldekide guztiak ez daude txoritxoari begira, izan ere udan sartu berriak ginen garai haietan ere, ekaitza sartu zen ilunabarra iritsi aurretik eta berebiziko erauntsia hasi zuen momentuan. Eta momentu hau bezalako asko eskaini dizkiguzulako, mila esker eta ohore, Ramon Anjel!