‘Lekitxoko etxea’ film laburra Parisko Demetera jaialdian saritua izan berria da , eta Cannesko eta Italiako Notfilmfest jaialdietarako hautatua izan da. Film labur horretan parte hartu du Maitena Salinas aktore eta kazetariak (Beasain, 1980), Janireren rolean. Filma grabatu zenetik, bi urte igaro dira eta fruituak jasotzeko une hau nola bizitzen ari den kontatu du, luze eta zabal.
Proiektu oso desberdinetan ezagutu zaitugu, aktore, kazetari,…Zertan ari zara azken aldian?
Pasaia Itsas festibala koordinatzen ari nintzen, koronabirusaren krisia iritsi zen arte. 13 hilabeteko lanaren ondoren, atarian geratu gara, jaialdirako bi hilabeteren faltan. Beste ekitaldi asko eta asko bezala, bertan behera geratu da hori ere, eta bi urte barru egiteko erabakia hartu da. Lan oso intentsoa izan da, dedikazio eta energia asko eskatu duena, eta pena handiz jaso dut. Jendeak asko disfrutatzeko jaialdia ari ginen prestatzen. Baina tira, krisiaren atzean aukera berriak sortzen direla pentsatu, eta aurrera.
Eta egoera berezi honetan iritsi da, hain zuen ere, ‘Lekitxoko Etxea’ film laburra Cannesko jaialdirako hautatua izan dela.
Bai, konfinamendua gogorrenean zenean, dimentsio paralelo batean geunden bitartean, egoera deserosoan, iritsi zen albistea. Gutxien espero genuen momentuan, duela bi urte erein genuen haziaren fruitua jasotzen ari gara. Lana gogoz egiten denean, lehenago edo beranduago emaitzak iristen dira.
Baina gehiago ere bada, Lekitxoko Etxea, Italiako Notfilmfest-en ere hautatua izan dela jakin dugulako egunotan. Notizia freskoekin nator, beraz.
Zer sortzen dizu honek guztiak?
Sorpresa eder bat izan da, oxigenoa hartzea. Esan bezala, Itsas Festibalean murgilduta nengoen bete-betean eta oso-oso gustura. Bestalde, urtebete da jada, aktore bezala lanik egiten ez dudala, eta barruko harra piztu zait berriro. Zer diren gauzak, har hori berriro piztu, eta webserie bat egiteko proposamen oso interesgarria jaso nuen.
«Gutxien espero genuen momentuan duela bi urte erein genuen haziaren fruitua jasotzen ari gara»
«Gure kreatibotasuna beste lurralde batzuekin konpartitzeko aukera paregabea izan da»
‘Lekitxoko etxea’ duela bi urte egindako lana da. Nola oroitzen duzu?
Zuzendaritza laguntzaile lanetan zegoen Marian Berrikabeitia, aspaldiko laguna dut, eta proiektu desberdinetan batera lan egin dugu. Marianek deitu zidan, esanez, haren lagun Josune Urgoitiak zuzenduko zuela, proiektu oso polita zela, eta ni ere horretan ikusten ninduela. Esan nion gidoia bidaltzeko eta begiratuko nuela.
Asko gustatu zitzaidan istorioa, horren bueltan zegoena eta gainera, emakumez osatutako talde bat zela. Gutxitan ematen da, eta asko dugu esateko.
Filmak bi ahizpen istorioa kontatzen du, beraz, nire ahizpa izango zena falta zen. Lehenengo momentutik argi izan nuen, Itziar Ituñok izan behar zuela. Goenkalen elkarrekin lan egin genuenetik, kalean nahastu egiten gintuzten, eta horrek, grazia handia eragiten zigun. Horregatik, ahizpatxo deitzen genion elkarri.
Goenkalekoa amaitu zenean, egunen batean ahizpen istorioren batean elkarrekin lan egitea ondo legokeela komentatzen genuen. Beraz, telefonoz deitu nion, eta segituan esan zidan baietz.
Esan duzu kontatzen den istorioaren bueltan badela zerbait.
Bai, hala da! Filmean agertzen den etxea Lekeition kokatzen den benetako etxe bat da, zuzendariaren amonaren etxea izandakoa, hain zuzen ere. Antza denez, etxe hori eraitsi egin behar dute, eta film honen bidez omenaldia egin nahi izan dio. Bihotzetik sortutako istorioa da, dudarik gabe.
Esperientzia oso ona eta intentsoa izan zen. Hiru egun pasa genituen Lekeition, magia handia duen kostako herria da, zoragarria izan zen. Urgoitia, gainera, oso eskuzabala izan zen, aktoreei ekarpenak egiteko askatasun osoa eman zigun, pertsonaia barru-barruan sentitzeko aukera eman zigun horrek.
Zer kontatzen da?
Urte askoan harremanik izan ez duten bi ahizpen istorioa da. Etxe bat jasotzen dute herentzian eta horregatik elkartzen dira. Erakutsi nahi dena da ahizpen arteko harremanak, maitasun handia egonda ere, batzuetan ez direla errezak. Batez ere, bide oso desberdinak aukeratu, eta izaera oso desberdinak garatu dituztenean. Bata, herrikoia da, bestea, berriz, ihesean bezala, atzerrira joan zen. Kontraste askoko istorioa da.
Bi urte igarota, jaialdi ugaritatik pasa da filma. Zer sentitzen da alfonbra gorriaren gainean egonda?
Donostiako Zinemaldian lanean aritu naiz azken urteetan, eta orain, beste aldean egotea tokatu zait. Oso polita da! Maiatzean, Demetera jaialdian, Parisen, saritua izan zen filma. Kategoria berean, herrialde askotako filmek parte hartu zuten, gure kreatibotasuna beste lurralde batzuekin partekatzeko aukera paregabea izan da.
Handik, Buenos Airesko jaialdi batera. Ondoren, Cannes! Ezin nuen sinetsi, taldekoei galdetzen nien behin eta berriz: «Baina, Cannes…Cannes?». Dena den, a ze kasualitatea, hain juxtu koronabirusa bueltaka dabilen momentuan izan behar. Baina tira, horrela etorri da.
Baina, hala ere, ate batzuk itxi eta berriak ere irekitzen ari zaizkizu.
Bai, eta oso pozik nago. Aurreratu dudan moduan, webserie batean lan egingo dut, baina gainera, aste honetan, estatu mailan egiten ari diren beste telesail batean parte hartzeko deitu didate. Zerbait xumea da, baina poza ematen du. Eta gainera, lehen esan dudan moduan, duela urtebete, Adú filma egin ondoren, aktore lanari berriro heltzeko gogo handiarekin nago.