Euskal rock erradikalaren eta Madrilgo movida-ren garaian, bi mugimenduak uztartzen zituen talde berezi bat sortu zen Goierrin. Ancha es Castilla zuen izena, eta ibilbide laburra izan bazuen ere, hiru disko argitaratu eta dezenteko oihartzuna izan zuen garai hartan. «Euskal pop erradikala» aldarrikatzen zuten; izan ere, pop estiloaren eta estetikaren atzean, errealitatearen begirada kritiko, ironiko eta umoretsua ezkutatzen zuten.
Goierriko lau gaztek sortu zuten Ancha es Castilla taldea 1986. urtean: Palli (ahotsa), Gurutz Bikuña (gitarra), Juan Ramon Velasco (gitarra) eta Aitor Antxia (bateria). Handik urtebetera, hiru abesti jasotzen zituen EPa argitaratu zuten, Me voy a suicidar izenburupean. Aurkezpenak harrera ona izan zuen, eta urte berean argitaratu zuen Fantastical, taldearen lehen disko luzea. 1988an Oihuka diskoetxeak argitaratutako euskal musikaren bilduman agertu ziren, eta Confucio izeneko bigarren diskoa argitaratu zuten. Hainbat gorabeheraren ondoren, 1993. urtean hirugarren eta azken diskoa kaleratu zuten, Hueco izenekoa. Hortik gutxira desegin zen taldea. Ez zuten aparteko arrakastarik lortu, baina haien estiloa eta abestietako asko garaiko musikazaleen oroimenean gelditu dira.