Eguzkiaren indarra etxeko atean jartzeko garaia da udako solstizioa. Urteko egunik luzeenetan, kristautasunaren aurreko sineste zaharretatik iraun duen ohitura da Euskal Herrian. Eguzkilore landarea Carlina generokoa da, eta astalarra, basalarra edo kardalora izenak ere ematen zaizkio. Sinismen eta iruditeria sakonago baten ikur da euskal etxeetan, ordea.
Urteko bi garai seinalatuenetako bat da ekainaren bukaera. Ekainaren 21a eta abenduaren 21a bereziak dira euskaldunentzat, udako eta neguko solstizioak gertatzen direna (latineko solis statio-tik, eguzki geldia). Udaren eta neguaren hasiera markatzen dute.
Naturaren behaketatik ondorioztatuta, argiarekin dute lotura bi garaiek: gehiena dagoena bat, gutxiena bestea; egun luzeena eta motzena direlako. Eta, eta lurraren ulermena etxekotzeko, sua erabili izan dute bi garaietan, eguzkiaren jarraipen modura beti ere. Sua egiten baitzuten uda eta negu hasieretan.
Gabon subilarena, ia galdurik
San Joan bezperako suaren ohituran geratu da udakoa finkatuta. Gabonetakoa ia galdu da, baserrietako beheko suak desagertu ahala. Duela urte gutxi arte, gabon subila edo enborra pizten zen Gabon egunean, eta haren errautsak Urteberrian soroan zabaltzen ziren. Eliza Katolikoak, ospakizun paganoekin bat ez egiteko, hiru egun atzeratu zituen bere egutegian urteko jai handienetatik bi: ekainaren 24an San Joan, eta abenduaren 24an Gabonak.
Etxeetan, kardalorea baliatu izan dute eguzkiaren luzapen gisa, antza handia daukalako. Eguzki-argiaren ikurra da, argitasun horrek etxea babes dezan. Egunez eguzki argia gurtzen den bezala, gauez suak ordezkatzen du.
Uda hasierako ohiturak
Gaur egun San Joan inguruan dena, udaren hasiera modura ulertu eta ospatu ohi zuten antzina. Ohitura asko mantendu dira, asko paganotzat jotzen direnak. Suarekin eta urarekin dute zerikusia, Elizak beretutako bi osagai bizi berritzaile.
- Lizar adarra. Eguzkilorea bezala, lizar, erramu (edo ereinotz), elorri zuri edo haritz adaxka bat jarri ohi da atean edo leihoan josita, bere orri eta guzti. Etxea babesteko sinesmena ematen zaie, eta bereziki tximisten aurkako babesgarritzat. Gerora, adaxkaren egurrari beste bat gurutzatu, eta gurutze forma emanda kristau kutsua eman zitzaion.
- San Joan iturriak. San Joan egunean, iturrira joan eta urarekin gorputza ‘garbitzeko’ ohitura zen. Gorputza baino gehiago, gaitzen aurkako ahalmena ematen zieten ur haiei, osasuna izateko. Uraren aldaera gisara, goizeko ihintza. San Joan egun-sentian, belardira irten hanka hutsik (biluzik ere bai), eta ihintzetan ibiltzea zen beste ohitura bat. ‘San Joan goizeko ihintzak, kentzen ditu gaitzak’ dio esaera zahar batek.
- San Joan sua. Aurretik ebakitako sasi, sastraka eta belar txarrei su ematen zaie San Joan bezperan baserrietan, sarri bidegurutzeetan (sorginen agerlekuak). Gorputz-arimen garbitzaile zen: belar txarrekin gorputza igurtzi, eta sutara botatzen zituzten, arazteko.