Eresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia
Azken urteetan, hitz askoren aurrean ikusi izan dugu ‘e’ txiki bat. Testuinguruaren arabera, ezaugarri bati edo besteari erreferentzia egiteko erabiltzen da. Gehienok egunerokoan erabiltzen dugu e-mail hitza, ikasle askori egingo zaio ezaguna e-gela, eta e-komertzioa gero eta sarriago entzuten da.
Bada beste ‘e’ bat azken urteetan bolo-bolo dabilena, ekologikoarena, alegia. Egia da hainbeste erabilita zentzua ere galtzen duela batzuetan… Baina hori beste baterako utziko dugu. Bada hirugarren bat ere, modan dagoena, elektrikoarena. Hainbat autotan kolore urdina hartzen du eta autobusetan ere ondo ikusteko moduan agertzen da.
Nire proposamena ‘e’ hori emakumeekin lotutakoari erreferentzia egiteko erabiltzea da. Hitz askoren aurrean jar genezake, jakina, baina nik eKirola jarriko dut adibide gisa. Eta ideia pentsatzen hasi ahala, hara lehen zalantza: Ezberdintze hori ez al da kalterako izaten? Tamalez, noizbait helduko dela pentsatu beharko dugun arren, oraindik ez da iritsi dena delako arloa emakumeona ere badela gogorarazi beharrik ez dagoen eguna.
«Itzuli da futbola», «Saskibaloiko azken fasea jokatuko dute», «Pilota frontoian, bertatik bertara ikusteko aukera izango dugu berriro»… Tristea da, baina esaldi horiek entzuten ditugunean, gutako asko ohartu ere ez gara egiten kirolaz ari direla, eta ez eKirolaz. Emakumeak ere kirolariak dira; batzuk, profesionalak, eta ikusgarritasunik eman ezean, batzuk horiek gutxi izaten jarraituko dute. Irtenbidea argia da, administrazioek behar beste diru jarri behar dute emakumeen kirolak dagokion lekua har dezan.
Bitartean, hona hemen gonbidapena: igande honetan, ekainak 28, ETBren 1. katean, Emakumeen Master Cuparen finala eskainiko dute, zuzenean.