Egokitzapen energetikoa, energia berriztagarrien sorkuntza, mugikortasun jasangarri eta elektrikoa sustatzeko neurriak hartzea eta sentsibilizazio lana dira Goierriko Energia Mahaiak aurtengo dituen helburu nagusiak. Ekintza plan batean zehaztu ditu denak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015ean abiatu zuen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak jarri zuen lehen harria. Herritarrek kezka adierazi zuten energiaren gaiarekiko, eta energia planifikazio eta kudeaketa publiko bat eskatu, jasangarriagoa eta sozialagoa izango den eredu baterantz joateko. Urte hartako irailean gainera, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrean elkartu ziren 193 herrialdek 2030 Agenda onartu zuten, garapen jasangarrirako 17 helburu helburu orokor finkatuz, eta beste 169 erronka izendatuz.
Hari horiei tiraka ardaztu zuten Goierri beheko 18 udalerriek eta sektoreko hainbat eragilek zetozen zazpi urteetarako gidalerro estrategikoak eta ekintzak zehaztu zituen Goierriko Energia Plana (2018-2025), bailararen diagnostiko bat egin eta gero. Aldundiaren laguntza izan zuten horretarako. Hurrengo bi urteetan (2018 eta 2019) ekintza planean jasotako lehen jarduerak egin zituzten, eta izandako harrera, parte-hartzea eta emaitzak aintzat hartuta, aurtengo plana marraztu zen.
Adur Ugartemendia, Beasaingo Udaleko zinegotzia: «Beasainmendiko eguzki-plaken proiektuak ezaugarri egokiak dituela uste dugu proiektua bideragarri egiteko»
Maitane Alvarez, Ordiziako Udaleko zinegotzia: «Herri guztiok batera proiektu globalago bat aurkezten badugu, errazagoa egingo zaigu erronkei aurre egitea»
Bost dira Goierriko Energia Mahaiak 2020rako dituen helburuak: Kultura energetiko berri bat ezartzea bailarako sektore guztietan; autohornikuntza indartzea energia berriztagarrien bidez eraikin publikoetan eta industrian; eskualdeko eragileak eta herritarrak trantsizio energetiko horren parte izatea; garapen jasangarriko helburuak ezagutzera ematea; eta ekintza planaren jarraipena eta koordinazioa.
Herritik bailarara, bidea eginez
Joan den ostegunean Energia Mahaiak Goiekin egin zuen bileran, sektoreko Aizkorpe eta Ekanbanen (Orkli Koop.) esperientziak aditzeko aukera izan zuten udal hautetsi eta teknikariek. Bilkurak urte amaieran zehaztutako bide horri berriz heltzeko balio izan zien, Adur Ugartemendia Beasaingo zinegotziaren arabera. Beasainmendin eguzki-plaken parkea jartzeko bideragarritasun plan bat landu zuten iaz, eta esperientzia hori gainontzeko herrietara zabaltzea da orain asmoa: «Momentu honetan txosten hori aztertzen ari gara Goienerrekin, hilabete gutxiren buruan txosten berritu bat jasoko dugu, eta bideragarria dela ikusten badugu, heldu egingo diogu. Uste dugu ezaugarri egokiak dituela proiektua bideragarri egiteko».
Eskualde ikuspegiarekin lan egiteak dituen abantailei egin zien erreferentzia Maitane Alvarez Ordiziako Ingurumen zinegotziak. «Herri guztiok batera proiektu globalago bat aukezten badugu, errazagoa egingo zaigu ditugun erronkei aurre egitea». Ordizian udal eraikinetako auditoriak egitea eta ziurtagiri energetikoak lortzeko erronka dute aurten, eta argiteria publikoa LED sistemara egokitzen segiko dute. Urratsez urrats, aurrera egitea da gakoa.
Goierri beheko udalerrien 2020ko ekintza plana
Goierri beheko 18 udalerrietan landu eta gauzatuko dira ekintzak hauek 2020an, eta udalez gain, beste eragile batzuek ere parte hartuko dute: Goiturrek, Goierri Valleyk eta Goienerrek, besteak beste. Aldundiak 50.000 euro bideratu ditu plana garatzeko.
- Egokitzapen energetikoa. Goierriko udalak jasangarritasun energetikoaren otsailaren 21eko 4/2019 legera egokitzea. Lege horren helburua euskal administrazio publikoan eta sektore pribatuan politika energetikoaren oinarri arautzaileak ezartzea da.
Batzuek eta besteek bete behar dituzten oinarrizko eginbeharrak eta betebeharrak artikulatzen ditu, batez ere, energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko neurriak bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatu eta ezartzeko.
Horretarako, formakuntza saio bat egingo da eskualdeko udal ordezkariekin, eta ondoren bailarako diagnostikoa. Bukatzeko, hark uzten dituen emaitzak lantzeko egokitzen prozesu bat egingo da aholkularitza espezializatu baten gidaritzapean. - Energia berriztagarrien sorkuntza.
- Energia eolikoaren inguruko azterketa Gipuzkoan. Energia eolikoaren ahalmena ikusita, eta Goierri Valley elkarteko hainbat bazkide (hala nola, Transbiaga, Hine, Indar…) sektore horretan adituak izanik, azterketa tekniko-ekonomiko bat gauzatzea proposatzen da energia eolikoaren sorkuntzari buruz. Azterketa hori Transbiagak egingo dut, eta teknikari aditu bat bideratuko du horretarako. Gipuzkoa mailako azterketa izango da, eta lurreko energia eolikoa izango da lan esparrua.
- Energia fotoboltaikoaren sorkuntza Goierri behean. Beasainen eguzki-energia elektrikoa sortzeko proiektu pilotua gauzatu zen 2019. urteko ekintza planaren barruan. Sistema fotoboltaikoaren eta eskualdeko udalerrien artean dagoen interesa ikusita, esperientzia hori Goierriko udalen artean ezagutzera ematea erabaki da lan saio batzuen bitartez. Nafarkoop arduratuko da laguntzeaz. Goierriko eraikin edo lursail publikoetan instalatzeko potentziala aztertuko da. Bost hilabete iraungo du azterketak.
- Etorkizuneko mugikortasuna. Iaz garatutako eskualdeko etorkizuneko mugikortasunaren inguruko azterketan bi lerro estrategiko definitu ziren: mugikortasun jasangarria eta mugikortasun elektrikoa. Mugikortasun eredu jasangarriago, energetikoki efizienteago eta berriztagarriago baterantz jotzea da helburua.
- Auto eta bizikleta elektrikoak kargatzeko puntuen azterketa. Bailarako zenbait udalekin gailu elektrikoak (autoak, bizikletak, patineteak…) kargatzeko puntuen inguruko azterketa egingo da. Horren bidez, beharrezko azpiegiturak identifikatu eta egin beharreko obrak zehaztuko dira. Bisita bat ere antolatuko da hautetsi eta teknikariekin funtzionamendua ezagutzeko.
- Mugikortasun turistikoaren ereduak eta proiektu pilotuak. Goiturrekin batera egin zen mugikortasun azterketan argi ikusi zen Goierrira datozen turista gehienak (%95) auto pribatuetan iristen direla, eta eskualdean mugitzeko garraiobide nagusia ere autoa da. Erronkatzat hartu da Europako eskualde ertain batzuen mugikortasun eredu adierazgarriak identifikatzea.
- Herritarren sentsibilizazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Gipuzkoa Argitu tailerrak eskaintzen jarraituko da hezkuntzan, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko helburuz.