Edurne Sanchez Lansalot • Ediren Bidaiak (Ordizia)
Ordutik ordura egoera aldatzen bada ere, zalantzarik ez dago, aurten oporrak bereziak izango ditugula. Koronabirusak baldintzatutako oporrak izango dira, eta azken hilabeteotako baldintzak bete beharko ditugu edozein tokitara bidaiatzen dugunean ere; besteak beste, jende pilaketak ekidin eta garbitasun eta babes neurriak hartu. Oporretako kit-ean, eguzkitako kremaren eta betaurrekoen eta biseraren ondoan, maskara eta likido garbigarriak eraman beharko ditugu ezinbestean.
Azkenaldian ohituta gauden bezalako oporrak izatea zaila izango da, familia bakoitzaren egoera ekonomikoak aldaketak izango dituelako, eta opor egunak noiz eta zenbat izango ditugun ez dakigulako. Bestetik, Covid-19 gaitzetik babesteko neurri bereziak hartu dituelako herrialde bakoitzak eta ostatu bakoitzak. Beraz, aurtengo oporrak inoiz baino espezializatuagoak izango direla esan dezakegu. Bidaia agentziak horretarako gaude, bakoitzaren beharrak beteko dituen aukerak aztertzeko eta ideia berriak proposatzeko. Hori bai, askotan aukerak garestiagoak izango direnez, familia bat baino gehiagorentzat edo lagun taldeentzako planak izango dira batzuk.
Itsasontziak eta txaletak
Itsasontziak eta igerilekuak dituzten txaletak alokatzeko eskaintza iritsi zaigu. Aukera garestiagoak direnez, taldeentzat dira egokiak. Itsasontzien kasuan, portuan egoteko edo itsas zabalean egoteko. 8 lagunentzakoak izaten dira, baina patroia kontratatu beharrez gero, 7 lagunentzako tokia egongo da. Landetxeen eta autokarabanen aukera hor dago, nahiz eta eskaintza mugatua den. Autokarabanen kasuan, partikularrek alokatzen dituztenekin tentuz ibili behar da, birusaren aurkako neurriak hartuta dituztela ziurtatzeko.
Herri txikiagoak
Hondartzen kasuan, itsasgorarik ez dagoen tokietan lasaiago ibiliko gara. Hori bai, Mediterraneoko betiko herriak albo batera utzi, eta lasaitasun handiagoako herri txikiagoak aukeratu beharko genituzke. Andaluzian, esate baterako, Cadizen eta Huelvan izugarrizko hondartza luzeak daude. Beraz, egokia izan daiteke herri txikiago bat aukeratu eta hondartzan lasai egoteko aukera izatea. Mendia gogoko dutenei ere gomendio bera emango nieke: jende pilaketa gutxiagoko tokiak aukeratzea.
Europako osasun txartela
Europar Batasuneko mugak irekiko dituzte uztailean eta Europako herrialdeetan mugitzeko aukera izango dela dirudi. Europarron kasuan gainera, eta osasun arazoren bat izanez gero, Europako Osasun Txartela izatearen abantaila daukagu. Edozein tokitan gaudela, osasun zerbitzuek artatuko gaituzte.
Hiriburuak ekidin eta dentsitate gutxi duten herrialdeak aukeratzea izan daiteke aurtengo udarako proposamena, Suedia eta Danimarka, adibidez.