XVI, XVII eta XVIII. mendeko lau emakume ausarten istorioak ikusgai daude Igartubeiti Baserri Museoan, uztailaren 31ra arte.
Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan ikusgai dago Emakume ekintzaileak sagardogintzan izeneko erakusketa. Uztailaren 31ra arte egongo da bertan. XVI., XVII. eta XVIII. mendeko lau emakumeren istorioak ditu aztergai erakusketak, eta laurek hainbat ezaugarri dituzte komunean: sagardoaren inguruan egin zuten lan eta emakume izanagatik gutxietsiak izan ziren. Maria Labayen, Maria de Echevarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobio dira erakusketako protagonistak. Bertan erabilitako irudiak Jokin Mitxelena ilustratzaileak egin ditu.
Lurdes Odriozola historialariak egindako ikerketa batean oinarritutako erakusketa da, Sagardo etxearekin elkarlanean sortua: «Helburua sagardoaren eta sagarrondoaren inguruko kultura eta ondarea zabaltzea da», azaldu du historialariak. Erakusketarako Tolosan dagoen Gipuzkoako artxibo orokorrera jo zuten: «Sagardo eta emakume hitzekin 202 erregistro daude bertan, baina orain bezala itzalean egiten zuten lan». Emakume horiek guztiek ere bazuten komunean beste zerbait: «Auzi bat edo salaketa bat badago edo alargun geratzen badira agertzen dira, bestela oso zaila da haien aztarnak jarraitzea». Izan ere, beti gizonen izena azaltzen da, eta emakumearena ezkonduz gero soilik agertu ohi da. Gizonaren emakume gisa. Beraz, erregistroan agertzen direnen artean lau aukeratu zituzten garaiaren arabera: «Sagardoaren momentu historiko oso desberdinetako emakumeak hautatu genituen». Odriozolak azaldutakoaren arabera, laurek ezagutu zuten sektorea: «Gizarte matxista batean bizi diren emakumeak dira, beldurtzen ez direnak; abokatu bat bilatuko dute denek haien kasua defendatzeko».
Urrezko mendea eta beherakada
XVI. mendea urrezko mendea izan zen sagardogintzarentzat. Ontzigintzak gora egin zuen garai hartan, eta Amerikara, Ternuara edo Europa iparraldera bidaiak ugaritu ziren ondorioz: «Gaztelako Koroak indar gehien zuena zen munduan eta hainbat itsaso ibilbide bilatu zituzten», azaldu du Odriozolak.
Itsasoarekiko lotura orduan hasi zen: «Gerra amaituko da eta merkatu antolaketa berria egingo dute». Euskal paisaian ere baserriak eta baserri-dolareak agertzen hasi ziren, eta sagardoa diru gisa erabiltzen zuten: «Marinelek sagardoa eramaten zuten eskorbutorako eta oso baliotsua zen». Maria de Labayen lezotarrak bidaiatzeko erabili zuen sagardoa, baina ontzian sartu behar zuenean udalak ezezkoa eman zion: «Donostiako sagardoa bakarrik sartu zezaketela esaten zuten, baina Gipuzkoako foruetan oinarrituta auzia irabazi eta sartzea lortu zuen».
«Sagardo eta emakume hitzekin 202 erregistro daude Tolosan, baina orain bezala itzalean egiten zuten lan»
«Miguel de Maizek Ana de Beroizi salaketa jarri zion eta sorgina zela esan zuen, emazteak zigorra jaso zezan»
Lurdes Odriozola • Historialaria
Lurra ez zen emankorra garai hartan eta beharrezkoa itsasotik zetorren, arrantzaren bidez eta merkataritzaren bidez. Sagardoa bi ekintza horietan agertu zen, jardun nagusi bilakatuz. XVII. mendean, baina, krisi galanta gertatu zen sagardogintzan: «Euskaldunek Ternuara joateko eskubidea galdu zuten Gaztelako Koroak indarra galdu zuelako, eta ingelesen esku geratu zen boterea». Kanpo merkataritzak ere indarra galdu zuen XVII. mendean, eta Ameriketatik produktu berriak ekarri zituzten: artoa, babarrunak, tomatea, piperrak, patata… Artoak izan zuen sagardoan eragin gehien, sagarrondoak baino uzta oparoagoa ematen duelako: «Lan gutxiago eskatzen zuen, artoak egun batetik bestera ematen duelako uzta, eta gainera dena aprobetxatzen zuten bertatik».
Ondorioz, sagarrondoak kendu zituzten askok artoa jartzeko, eta eskaerak ere behera egin zuen. Egoera horretan indarkeria pairatu zuen Ana de Beroizek 1691n: «Dibortzio antzeko bat lortu zuen, diberzio bezala agertzen dena». Baserri baten jabea zen Donostian, eta baserrian laguntza izateko Miguel de Maizekin ezkondu zela azaldu du Odriozolak. Tratu txarrak eman zizkion emazteari, eta hark sagardo guztia jaso eta alde egin zuen: «Gizonak salaketa jarri zion eta sorgina zela esan zuen zigorra jaso zezan».
Bigarren salaketa bat ere jarri zion, eta emakumea baserrira itzuli zen sagardo guztia jaso eta baserria hutsik uzteko: «Hortik aurrera elizak diberzioa eman zion, eta garai horretan arrazoia ematea itzela da». Halere, arrazoia eman bazioten ere, baserrira itzuli behar izan zuen: «Etxera itzuli zen, etxean bizi izan zen baina bakoitza bere eremuan eta dena erdibana eginda».
Maria de Echeverria donostiarrak ere sagardogintzaren beherakada pairatu zuen. Senarrak utzitako zorrak ordaintzeko sagardoa merkaturatu zuen: «Saltokia bizilekuan zuen, egungo Fermin Calbeton kalean hain zuzen». 1637an sute handi bat izan zen kale hartan, eta ur nahikorik ez zutenez, sua itzaltzeko sagardoa erabili zuten. Sagardo hori, dena den, ordaindu egin behar zioten: «54 sagardo karga erabili zituen Maria de Echeverriak, eta udalak ez zizkion ordaindu nahi». Horrela, salaketa jarri zuen emakumeak, eta irabazi egin zuen, kantitate osoa lortuta.
XVIII. mendea, baketsua
Egoera baretu zen hurrengo mendean, baina sektorea ahul zegoen oraindik: «Momentu horretan udal eta probintzietako erakundeek sagastia babesteko apustua egin zuten». Errenteriako Maria Josefa de Orobio da erakusketako azken emakumea, XVIII. mendekoa. Emakume aberatsa zen eta Pasai Donibanera ezkondu zen. Lehenengo sagardoarekin zizarra produzitzen zuen saltzeko, baina udalak debekua jarri zion: «Orobiok salaketa jarri eta irabazi egin zuen, sagardoa merkaturatzeko eskubidea berriz lortuta».
Jokin Mitxelenak egindako ilustrazioak ere ikusgai daude erakusketan. Sagardo etxeak, Odriozolak berak, ilustratzaileak eta Ane Albisu moda eta diseinu adituak elkarlanean prestatutako irudiak dira, ilustratzaile oiartzuarrak berak ondutakoak. Sagardogintza ardatz izanik, emakumeen istorioa eta itzalpeko lana bistaratzea ditu helburu erakusketak.