Josune Gil • Ezkerreko eserlekutik
Mundu paralelo batean, ziurrenik Whatsappeko taldeak sutan egongo dira egun hauetan, gure kasuan Santa Isabeletako jaien antolakuntzarekin bueltaka. Gogo txarrez onartu behar izan dugu txosnek, gazte egunek, kontzertuek… aire librean eta leku zabaletan disfrutatzen ditugun horiek ere, itxaron beharko dutela.
Gazteok ere presa dugu. Elkar naturaltasunez besarkatzeko presa, etxera goizaldean bueltatzeko presa, zapatilak Antioko jaitsieran hondatzeko presa, tabernetan jende gehiegi dagoelako agobiatzeko presa… eta orain, norbait gaztetasuna lapurtzen arituko balitzaigu bezala, ia zigortuta egongo bagina bezala eta beste erremediorik gabe, terrazetan eserita pasatzen ditugu orduak. Eta larunbata iristen denean, dantzatzean ondokoaren izerdia sentitu ordez, tabernen kanpoaldean barrura noiz sartu zain ikusten dugu geure burua.
Gu gara, gazteok, askoren ustetan, normaltasun berrian ikusten diren burujabetasun gehienen errudun. Ez gara inozoak, urte gutxitan eta zuzenean sufritzen dugun bigarren krisian sartzen ari gara, oraingoan batzuk lan-munduan hasten ari ginela gainera. Hala ere, eta agian horrexegatik, ez da bekatua normaltasun normala desiratzea.