Beasain, Ordizia eta Lazkaoko jendeak oso begi-bistan du Galardi mendixka edo muinoa, baina oso gutxik ezagutzen du bere izena. N-1 errepideko tunelen gaina eta alboak betetzen dituen mendixka da, hiru herrien muga-lerroak elkartzen diren puntuko mugarria goiko gainean duena.
1903an, adibidez, honako baserri hauek zituen bere biran: hegoaldetik iparralderantz hasita, Lazkaoko lurretan, Senperberri (desagertua) eta Igeldegi edo Iraldegi (erre zelako lehendabiziko desagertu zena); Beasaingo lurretan, Txintxurreta (1928an desagertua), Lazkaibartxiki (desagertua), Lazkaibarraundi (gaur egun zutik) eta Lazkaibarberri (estankoa egondakoa, gaur egun ere zutik); eta Ordiziako lurretan, Upabia edo Aroztegienea, baserria eta sagardotegia (2000. urtetik aurrera desagertua), eta, hegoaldera eginda, Agirre, Agerre izenez ezagutua eta egungo kuartelaren barrenean doan errepidearen ondoan apur bat tunel aldera kokatua zena (1982 inguruan desagertua), eta hegoalderago Arranomendi, Arramendi izenez ezagutua.
Arranomendia du dokumentuetan mendetako izena; gaur egun San Isidro abeltegia, ondoan Goierriko Eskola eta beste eraikin batzuk ditu. 1892an abeltegi hori egiteko, bertan zeuden Arranomendia izeneko bi baserri eraitsi zituzten eta orduan hasi zen sartzen San Isidro abeltegiaren (granjaren) izen berria, lehengoari gain hartu diona. Baina mugakideen eskrituretan, adibidez, Arramendi aipatzen da.
Lekuen izenak bildu beharra
Inguruko soro, belardi, sagasti, baso, txara eta gainerako lursail guztiek beren izenak zituzten. Nik, Txintxurretako jatorria izaki, gutxi batzuenak badakizkit (1901eko eskritura batean agertzen dira), batzuen kokapenekin zalantzak ditudan arren. Baina nagusiki CAFek, N-1 errepideak eta bere loturek, Goierriko Eskolak eta inguruko eraikinek estali eta irentsi dituzten hiru herrietako izen denak berreskuratu behar lirateke baserri zaharren eskrituretatik, jasota dauden ahozko lekukotasunetatik eta artxiboetatik bilduta. Lan ederra litzateke Filologiako edo Historiako aditu batentzat eta uste ez dugun izen-pila agertuko litzateke.
Nik ezagutzen ditudan batzuek hauek dira, beti ere Txintxurreta baserriarekin zerikusia dutenak: Tellerialdea (Senperberri eta Igeldegi /Iraldegi baserrien arteko soroa eta sagastia Lazkaon); Sorozar (Txintxurreta eta Igeldegi/Iraldegi artekoa Lazkaon); Burnisagasti (N-1eko bigarren tunelaren hegoaldeko malda Beasainen); Etxaburua (Txintxurreta baserriaren parean goiko malda, N-1eko lehenengo tunelaren iparraldean kokatua, orain akaziaz betea Beasainen); Etxeaurrea, Txintxurreta baserritik errepidera bitarteko soroa, gaur egun N-1ak eta CAFek hartua Beasainen; Erlotxo eta Erlotxo-atarialdea edo Galtzadazarra, Txintxurreta baserriaren alboan zirenak Beasainen; Bekosoroa (Lazkaibar alderago edota Agauntza alderago zatekeena eta CAFek hartua Beasainen; Goikogaine (Goikogaina) Galardi mendixkaren gaineko gailurra, hiru herrien mugarria dagoen ingurua; Galardibarrena, Galardi mendixkaren Ordizia aldeko maldaren beheko aldea Ordizian; Galardigoiena edo Galardigoena, Galardi mendixkaren Ordizia aldeko maldaren goiko aldea Ordizian; eta Kalesoro (Ordiziako Agirre edo Agerre azpian Oria ibairainoko soroa, gero errugbi-zelai izan zenaren zatia).