Aloña Galarraga Lekuona • Idiazabal
Norbera bere txikitako oroitzapenen kutxa arakatzen hasten bada, ez da erraza aukera egitea. Bat aipatzekotan motor hotsarena aipatuko dut. Kale Nagusiko 8. zenbakian jaio ginen gu eta gure haurtzaroan N1aren eragina handia izan zen.
Atari aurrean igarotzen ziren kotxe eta kamioien joan-etorria etengabea zen, harik eta bariantea edo saihesbidea egin zuten arte. Gogoan dut hasieran, bi noranzkoetan errei bakarrarekin eraiki zela Izalgo bariantea, ondoren etorri ziren bikoizketa, Etzegarateko eraberritzeak…
Gure aita ganadu tratalaria izanik bizitza osoa baserrira lotua eman du, eta kaleko etxetik baserrira 700 metro besterik ez dauden arren, N1a gurutzatu behar izaten genuen bertara joateko. Zebrabiderik ez zen Idiazabalen, ezta semafororik ere, eta itxura denez garai hartan gida baimena ateratzean oinezkoek lehentasuna zutenik ere ez zen irakasten. Ondorioz, baserrira joan behar genuenean errepidea erabat libratu arte itxaron behar izaten genuen.
Eskolara joateko ere beste horrenbeste. Idiazabalen eskola herriaren goi aldean dago kokatua eta garai hartan oinez joaten ginen denok eskolara… Guri amak balkoitik noiz gurutzatu esaten zigun, baina batzuetan 10 minutu ere egon behar izaten genuen goranzko eta beheranzko noranzkoak huts-hutsik ikusi arte.
Etxean ere beste mezurik ez ziguten ematen: «Goiko barriora? Ezta pentsatu ere, arrisku handia dago errepidean». Horrela deitzen genion errepidearen bestaldeari, goiko barrioa. Jolasean, bizikletan… «beheko barrioan» soilik ibiltzeko baimena genuen. Errespetu izugarria genion errepideari, izan ere hildakoak ere asko izan ziren urtetan zehar. Etzegaraten behera frenatu ezinik iristen ziren sarri kamioiak eta Kantoiko etxean sartu ohi ziren askotan balaztak berotuta.
Jolas egiteko aukera
Gazi-gozoak tarteko, gure haurtzaroan hamaika jolas egiteko aukera ere ematen ziguten N1eko auto eta kamioien joan-etorriek. Atarian jarrita edo etxeko balkoitik anaia-arrebok kotxeak kontatzera jolasten genuen; bakoitzak kolore bat aukeratu eta ea nork kotxe gehiago lortu erronka botatzen genion elkarri. Gerora barruan zihoazenak ere norberarentzat izaten zirela eta… elkarri adarra jotzen ibiltzen ginen. Horrelako jolasek nahikoa barre eragiten ziguten. Matrikulak asmatzera hurrena, nongoa ote zen, zein urtetakoa…
Frantses hiztunak
Zepai jatetxean ere baziren joan-etorriko turistekin zenbait pasadizo xelebre. Barraren aurrealdean «on parle français» jartzen zuen karteltxoa zegoen. Behin Baserrik Zepairi galdetu omen zion: «Hemen zein zeate frantsesez eitten dezuenak?». Zepaik erantzun: «Etortzen diñak eak eitten die».
Saihesbidea egiteko aukerak garai hartan haserreak eta ezadostasunak ekarri bazituen ere, herritarrok atseden ederra hartu genuen hura egitean. Gaur egun ezin dugu irudikatu horrelako joan-etorria herri barrutik igarotzerik.