Hamasei aldiz iritsi dira Goierriko taldeak Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketaren finaletara. Goiztiarrena Urretxu, 1968an, lehenean. Segurak ditu txapela gehien, lau.
- 8 Txapela atera dituzte Goierriko taldeek Herriartekoan. Segurak lau (1969, 1973, 1991, 1994), Zumarragak bi (1970, 1971) eta Idiazabalek bi (1989, 1990). Hamasei finaletan jokatu dute goierritarrek; 1970ean, ‘derbia’.
- 9 txapeldunordetza ekarri dituzte eskualdera (finalik ez da sekula Goierrin jokatu). Segura lau aldiz geratu da bigarren (1970, 76, 78, 92), Zumarragan bitan (1982, 84), eta Beasain (1981), Urretxu (1968) eta Ataun (2018) behin.
Izan zen garai bat herrien edo norbanakoen ahala pilotarako iaiotasunarekin neurtzen zena. Edozein erronka, desafio ala norgehiagoka, frontoian ebazten ziren. Futbolak dena irentsi baino lehenago, noranahikoa eta nonahikoa zen pilota. Artzainek mendian jokatzen zuten; herri-kasko meharrenetan ere plaza luzeenak eta zabalenak pilotalekuei ematen zitzaien, errebote plazak lekuko. Eta txapeldun ateratzen zirenak eroitzat hartzen zituzten. Pilotari, denek izan nahi zuten.
Herriarteko txapelketak irudikatu du aro modernoan ondoen, agian, sentimendu hori. 1968an sortua, Gipuzkoako txapelketa prestigiotsuena izatera heldu zen, afizionatuen eremuan. Bazen norbait hura irabazten zuena. Urterik huts egin gabe jokatu izan da, aurten arte. Birusak eragotzi du jokatzea.
Goierri izan zen nor, pilotan eta Herriartekoan. Hamasei finaletan sartu dira eskualdeko herriak, historia luze horretan. Lau garai bereiz daitezke, lehen hirurak elkarren oso hur: 1968tik 1973ra, lehenengo sei edizioetatik bostetan izan ziren goierritarrak; aurreneko lau urteetan, beti. Hurrena, 1976tik 1984ra arteko aroan, beste bost final jokatu zituzten. 1989-1994 tartean bezainbeste: bost final, sei ekitalditan. Azkena, lehorraldi luzeegi baten ondotik eta momentuz anekdota soil dirudiena aro bat markatzekoa baino gehiago, Ataunek 2018an lortu zuen txapeldunordetza da; balentria oraindik balitekeela erakutsi zuten.
Lanaren hobaria: Segura goian
Ez dute oraingoxekoa Seguran pilotan jokatzeko sugarra. San Joan plazan 1769an eraiki zuten dokumentatutako aurreneko pilotalekua. Makina bat joko eta jolas ondu dituzte, harrezkero: suzille, herriko berezitasuna; tantoko txikietara, etatzeketan, etapetan, launaketan… Zazpi pilotari profesional atera dira handik, eskuz nahiz erremintan.
Herriartekoan, Goierriko aitzindari eta nagusi zalantzarik gabekoa izatea ekarri dio tradizio oparo horrek. Ohiturak bakarrik? Eta atzeko lan ikusezinak. Patxi Etxeberria izan zen azkeneko bi txapelen garaian entrenatzaile. «Astelehenetan eta ostegunetan entrenamenduak edukitzen genituen. Entrenatzea zen, pilotan ibili; ez gimnasiorik eta halako historiarik. Afizioa zegoen, eta mutiko denen artean nagusi pilota zen. Jendeak zaletasun handia zeukan. Pilota eskolan mutiko piloa geneuzkan, kategoria guztietakoak. Txapelketa mordo batera apuntatzen ginen, Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan… Herriartekorako, onentsuenak hartzen genituen, kategoria bakoitzerako».
Patxi Etxeberria, Segurako pilota entrenatzaile izana: «Lehen izugarrizko afizioa zegoen. Frontoi zaharra hartzeko, arboladitik pilota botatzen genuen, lehenengo hartzeko»
Etxetik zekarren pilotarako grina Etxeberriak, odolean ia. «Anaia zaharrenetik hasita, gure etxean pilota zen dena. Profesional izan zen. Harrezkero, anaia denok ibili ginen, saga bat ginen: Etxeberria IV.a, V.a, VI.a ere izan zen… Herriartekoan ere asko ibili ginen. Seguran, Telleriak eta Etxeberriak izan dira pilotarako afizio handikoak. Asko ginen ondo jokatzen genuenak, dena pilota zen eta».
Herriarteko txapelketa «altxor preziatuena» zutela aitortu du Patxi Etxeberriak. 1969ko eta 1970eko aurreneko txapelketetan, pilotari aritu zen. «Ormazabal eta hauek ibili ziren lehenengo Herriartekoetan entrenatzaile. Finalaurrekoa neuk jokatu nuen lehenengo txapelketan, eta Garaialde anaiek jokatu zuten gero finala. Dezente ibili nintzen, baina eskuko arazo bat izan nuen, operatu eta erabat debekatu zidaten. Punta-puntakoa ez nintzen izan, baina hor ibili nintzen. Gipuzkoa ordezkatuz, Espainiako Txapelketa ere jokatu nuen 2. Mailakoa, Salamancan».
Takoak kendu ondoren, gazteei eta haurrei erakusten hasi zen. 25 urte egin zituen entrenatzaile, 1982an hasita, Baratze pilotalekua inauguratu zutenean. «Herriko txapelketa ere egiten genuen, baina Herriartekoa garrantzitsuena bezala genuen. Zortzi finaletan izan zen Segura, 3. ere beste behin egin zuen Lasarteren aurka. Orduan potentzia bat zen Segura. Mila biztanle edukiko zituen herriak. Donostia eta Azkoitia ziren jaun eta jabe, baina aurreneko txapelketa, Bergaran, Azkoitiari irabazi genion».
Arrakastaren eta ahalmenaren giltzatzat «afizioa» jo du Etxeberriak. Gosea, irrika. «Frontoi zaharrera joateko ere, arboladitik pilota botatzen genuen, frontoia zeinek lehenengo hartzeko».
Asko makaldu da pilotaren osasuna, Etxeberriaren iritziz. «Gero futbola sartu zuten, indar handiarekin. Saskibaloia dela, atletismoa dela, kirol askotara zabaldu ziren umeak. Norbait pilotan eta futbolean oso ona baldin bazen, beti futbolak tiratuko zion».
Orain ere badabiltza pilota lantzen. Etxeberriak utzi zionean, Inge Olanok hartu zuen ardura. Eskola Kirolaren mailan aritzen dira, batik bat.
Idiazabal, urrezko belaunaldia
Bi aldiz iritsi, eta bietan txapeldun. Idiazabalek adinako eraginkortasunik ez dauka inork Herriartekoaren finaletan. 1989an eta 1990ean txapeldun atera ziren, eta Joxe Mujika zen arrazoi bat. Bestea, maila bikaineko gazte taldea.
Igarondo pilotaleku itxia eta handia eraikitzeak ere lagundu zuen. «Idiazabalen frontoia zein alturatara egin behar zuten ni aritu nintzaien erakusten. Zegaman egin zuten, eta ezker pareta txapatik gora berehala bukatu zuten. Ezetz, horrela ez zuela behar; metro bat gora gehiago emateko esan nien. Gero pilotariek eurek esaten zuten, inguruan Idiazabalgo frontoia baino hoberik ez zegoela, onena zela», dio Joxe Mujikak.
Beasaingo Garin auzokoa izatez eta harakina lanbidez, semea pilotan hasi zenean murgildu zen erabat. «Entrenatzen hasi nintzen. Mutikoak hartu arratsaldeetan, iluntzean handiak ere bai, eta horrela aritzen nintzen. Inork ez zuen jokatzen orduan. Saiatuta eta lana eginda atera genituen taldeak. Bi Herriarteko nola irabazi genituen harrituta nago, ez dakit nola irabazi genituen ere…», gogoratu du Mujikak, bigarren txapelaren garaitik 30 urte direnean.
Errezeta, ordea, hitzetik hortzera eman du: «Lana eginda eta saiatuta, hori jakina da. Orain batere ez da egiten, dena futbola da. Orduan pilota modan zegoen Idiazabalen, Seguran, Zegaman, Zumarragan… Asko eta ondo jokatzen zen inguru honetan». Juanjo semea, amateurretan Euskal Herriko onenetarikoa izan zen. Munduko Txapelketa bat ere jokatu zuen.
Joxe Mujika, Idiazabalgo pilota entrenatzaile izana: «Borondatea eduki behar da gazteei pilotan erakusteko, eta lana latz egin behar da. Orain dena futbola da»
Joxe bera futbolaria izan zen, ordea. Atezaina, eta ona, ezagutu zutenek diotenez. «Donostian zortzi urte egon nintzen, Idiazabalera etorri aurretik. Ni ez nintzen pilotaria, ni futbolaria nintzen. Beasainen 3. Mailan futbolean jokatuta nago, 19 urtekin hasita. Kontxan jokatzen ari ginen batean, [Javier] Exposito zegoen goiko balkoian begira, eta ni beheran, batzuek baloia bota eta nik gelditu. «‘Mutikoa, igo hadi!’, esan zidan. ‘Atezain jokatu nahi al duk? Joan hadi Hernanira’. 18 urte neuzkan, eta han jokatu nuen urtebete. Hurrengo urtean, Beasainera; entrenatzailea ezaguna nuen, eta 3. Mailan hasi nintzen. Gero, Legazpira joan zen, eta Ilintxan 5 urtean jokatu nuen. 5.000 pezeta kobratzen zuen bakarra ni nintzen», dio Mujikak.
Kirol sukarra pilotari erantsi zion geroago. Herriartekoa, helburu. «Idiazabalen banekien talde onena neukala. Hiru maila aritzen dira Herriartekoan, eta denak onak izatea ez da erraza. Nik hirurekin garantia guztia neukan irabaziko genuela». Uste izan, esan eta izan. «Urkia-Goiburu gazteak, Euskadiko bikote onena bazen kadetetan; jubenilak, Kollado hil zena eta Ariztimuño; seniorretan, semea [Juanjo Mujika], Mintegi, Gelbentzu… Oso talde ona».
Baina jorratzen ez dena, sasiak hartu ohi du. «Orain dena futbola dago, pilotan ia inork ez du jokatzen. Borondatea eduki behar da gazteei erakusteko, eta lana latz egin behar da. Nik pezetarik ez nuen kobratu. Herriak ere, bi Herriarteko irabazi, eta detaile bat ez zuen eduki. Semeak utzi zuen garaian, nik ere utzi nuen, eta kito».
Berriz inork txapeldun izaten saiatu nahiko balu, oharra bota du: «Hori ez da irabazten gauetik goizera».
Garai berria, errezeta berria
Entrenatzaile beteranoek iradoki duten moduan, ez da kasualitatea Goierrin azken 25 urtean txapelketa ospetsuenean ia finalistarik ez izatea, Ataunen salbuespenarekin –herriko pilota elkartearen lan eskerga tarteko, han ere–. Haurren kirol ohiturak ezezik, haiei laguntzeko prestasuna, elkarteen egiturak eta boluntarioen giharrea ere sustraitik aldatu dira. Azken urteetan, Lazkaoko Lapke bihurtu da pilotari gaztetxoen prestaketaren erdigune.
Lazkaon ere bada, noski, horretarako arrazoia. Jabi Gelbentzu idiazabaldarrak –Idiazabalekin Herriartekoan txapeldun izana– gidatzen duen pilota eskolak filosofia eta jokamoldea egokitu ditu garai berrietako eskakizunetara. Pilota nola eta zergatik aldatu den galdetuta, garbi du erantzuna: «Bizitzeko gure modua aldatu dela uste dut, urteen joanean. Oso indibidualista bihurtu gara denak, orokorrean. Ez kirolean bakarrik, arlo denetan. Bakoitzak berea ikusten du. Lehenago jende askoz gehiago egoten zen laguntzeko, zertxobait egiteko, partidetara umeak eramateko… Hori ere laguntza baitzen. Orain, askok euren partida jokatzen dute, eta besteena ikusten geratu gabe, hartu eta alde egiten dute. Hori lehenago ez zen gertatzen. Beste giro bat zegoen. Bakoitzak gurea egiten dugu. Gizartea aldatu da».
Norbere semea edo alaba dabilenean lanerako arrimatzea ere kosta egiten dela gaur egun gaineratu du. Ezinbestean, «sistema» aldatu zuten, eta 2010ean kirol zerbitzuen Ordu Guztietan enpresa sortu zuten. «Profesionalizatuz, edo ideia horrekin hasi ginen. Ikusten genuen ezin zela lehengo sistemarekin jarraitu. Azkenean, gogoa duen jendea behar da, bestela jai dago».
Herri askotan, pilota eskolen desagerpena etorri da, lehenagoko prestatzaileek utzi eta ordezkorik agertu ez denean. Edo laguntzaileen konpromisoak beharrezko alor guztiak estaltzea lortu ez duelako. Goierrin bertan, harrobiko pilota irauli da azken hamar urteetan: herrietan Eskola Kirol mailara arte jarraitzen dute haurrekin lanean. Baina hortik gora, federatu eta beste koska bat estutu behar denean, askok Lapke aukeratzen dute. «Goierrin bakarrik ez, Euskadin ere erreferente bihurtu da Lapke. Euskadiko Txapelketan eta txapelketa pribatuetan fama handia daukagu. Denbora gutxian, bi pilotari [profesional] atera ditugu: Beñat Garmendia eta Iraitz Zubizarreta, debutatuta egon behar zuena jada. Hori da seinale lana egin dela», dio Gelbentzuk.
Lapken, Goierri osoko eta Gipuzkoako pilotariez gain (Zumaia, Azkoitia, Zestoa…), Bizkaiko bi (Atxondokoa eta Elorriokoa) eta Nafarroakoak (Etxarri Aranatz) ere badabiltza entrenatzen.
Gorantz ere eragiten
Harrobia ezezik, pilotari profesionalen enpresei ere azaldu die Ordu Guztietanek sistema berria. Baikori, adibidez. Gelbentzuren esanetan, komunikabideetara nahi baino lehen salto egin zuen eskaintzak, eta enpresa «hoztu» zuen horrek. «Jendeak ez zuen ulertu zertaz zihoan gaia».
Logika sinplez azaldu du Gelbentzuk: «Kirol guztietan eta klub denek eskola bat daukate. Atzetik lantzen duen egitura bat daukate, oinarritik hasteko eta kirolariak eurek nahi bezala formatzeko. Gure ideia hori zen pilotan ere: enpresa profesionalentzako lan hori egitea. Gu lanerako gaude».
Profesionaldu, espezializatu eta txikitatik hasi lanean. Hortik ikusten du Gelbentzuk pilotaren etorkizuna. Herriartekoan beherakada sumatu du. Kirol ugaritasunak pilotari kopuru txikiagoa utzi duelako batetik, maila guztietan lehiakortasuna zailduta. Bestetik, herrietako elkarteak desagertu eta jendea erretiratu delako. «Sistema aldatu genuen, eta ondo doakigu».
Pilotari kolpeka segitzea da gakoa.