Artaxoako (Nafarroa) Ecofert enpresara eramango dituzte uztailean Goierrin bilduko diren artile tonak, han ongarri bihurtzeko. Ikerketan sakontzeko behar nabaria dago.
Goierriko artegi zein baserrietan pilatutako milaka eta milaka artile kilok Nafarroarako bidea hartuko dute uztailaren bigarren hamabostaldian. Artaxoako Ecofert enpresara eramango dituzte, han, hidrolisi tratamendu baten bitartez, ongarri biologiko bihur dezaten. Idiazabalgo Baserritarren Elkarteko pabiloira eraman beharko dute Goierriko 65 artzain eta baserritarrek etxean duten artilea, uztailaren 20ko asteko egun batean. Bilketa egun bakarrean egingo da aurten, eta bi baldintza bete beharko dira ezinbestean: aurrez txanda hartzea da bat, eta aldundiko erregistroetan agertzen diren izen-abizenak kontzeptu bezala duen ordainagiria aurkeztea bestea. Ordainketa egin ezean, eramaileari ez diote artilerik hartuko.
Landaola (Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioa, tartean Goimen), Abelur eta Lurgintza elkarteak ari dira elkarlanean bilketa moduak antolatzen. Azken horretara deitu behar da txanda hartzeko, eta orduan jakinaraziko diote abeltzain bakoitzari ordaindu beharreko kopurua zehatza zein den. Iazko kanpainan kiloko 0,115 euro (gehi %10eko BEZa) ordaindu behar izan zuten, eta aurten beste modura batera egin dute kalkulua. Kostua norberaren ardi kopuruaren araberakoa izango da, 50nako tarteetan banatuta: 0-50 ardi bider zehaztutako kopurua –lerro hauek idazterakoan zehaztu gabe zegoen–, 50-100 ardi artean… Finantzaketaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du bere gain. Gipuzkoan 200 tona artile inguru biltzen dela kalkulatzen da, laurdena pasa Goierrin: lau-bost kamioikada artile.
Lanketa, irtenbideak aurkitzeko
Gaur egun kudeaketa zaila duen hondakina da ardi latxen ustiapenetako artile gordina, eta gastu bihurtu da artzainentzat. Garai batean dirua egiten zuten, baina orain apenas duen merkaturik. 2018an, gainera, animalia jatorriko hondakin izaera eman zion artileari Europako Batasunak, eta hortaz, hondakin tratamendua eman behar zaio. Garraiorako egiaztagari bereziak behar dira, eta ezin da erre edo edozein zabortegitan bota.
Baztango Udalak, esaterako, proiektu bat abiatua du Vivateris enpresarekin artileari balio gehigarri bat emateko helburuarekin. Konpostarena da bat, eta berotegi eta baratzeetako landare igokariei eusteko soka biodegradarriena bestea. Artilea keratina da, proteina gogor eta moldakaitza, baina %16a nitrogenoa da, eta landareentzat makroongarri egokia. Enpresa hori saiatu da Europatik ikerketarako diru-laguntzak lortzen, baina oraingoz ez da halakorik iritsi. Garbi du ikerketan sakondu beharra dagoela artilearen zikloa artegian edo baserrian hasi eta bukatu dadin.
Iritzi berekoak dira Goimenen ere, eta erronka nagusia artzainek artileari irtenbidea era autonomoan ematea dela uste dute. Artilearen balio erantsia baserrian gelditzea nahi dute. Hala ere, artiletik eratorritako produktu berriak merkaturatzeko lanketa bat egitea aldarrikatzen du Goimenek, eta ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako baliabideak jartzea.
Artilea jantzi eta osagarrietan
Kosmetika mundua izan daiteke aukeretako bat. Keratina asko du ardi latxaren artileak, eta ilea zaintzeko gero eta produktu gehiagok erabiltzen dute proteina hori. Eraikuntzarena izan daiteke bestea. Isolatzaile ona da artilea, baina oraindik ez daude oso aurreratuta adreiluarekin nahasteko teknikak.
Bien bitartean, jantzigintzaren sektorean egin diren aurrerarapenak aipatu daitezke. Ternua kirol arropa etxeak Artileshell izenez bataiatu duen isolatzaile termikoa sortu du, Sarako (Lapurdi) Iletegia enpresarekin lankidetzan eta hainbat erakunderen laguntzarekin, aldundia tartean. Artile Jacket berokia ateratzekoa da udazkenean Arrasateko enpresa, uretik eta haizetik babestuko duen jaka ekologikoa.
Eta Goierrin bertan Sandra Cliville artisaua da artilea landuz urteak daramatzana jantziak eta osagarriak egiten Ataungo Uztatxo baserrian. Latxa ardiaren artilearen zuntzak beste zuntz natural batzuekin nahastuz, askotariko produktuak egiten ditu Maduixa Gorria markapean, baita beharrezko bihurtu diren musuko ekologikoak ere.
- 62.250. Kilo artile aurtengo kanpainan Goierrin. Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen azken datuen arabera, eta ardi bakoitzeko batez beste 2,5 kg. jarrita, hori da potentzialki Goierrin bildu litekeen kopurua. Sektoreko 65 profesionalen –izan artzain ala baserritar– ardi kopuruak aintzat hartuta egindako kalkulua da. 2017. urtean 42 tona artile bildu ziren, 2018an hamalau gehiago (56 tona), eta iaz 30 tona soilik, bilketa antolatzeko berandu ibili baitziren.
Artile bilketa Goierrin
Txanda hartuta eta kostuak ordainduta eraman behar da artilea Idiazabalera.
- Eguna eta tokia. Uztailaren 20ko astean izango da bilketa –lerrook idazterakoan eguna zehazteko zegoen–, Idiazabalgo Abeltzain Elkartearen pabiloian, egun bakarrean.
- Modua eta kostua. Artilea zakutan bilduta eraman behar da. Entrega gunean sartzeko, dagokion zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagaria erakutsi behar zaio arduradunari. Kostua norberaren ardi kopuruaren araberakoa izango da, 50nako tarteetan.
- Txanda hartzeko. Txanda hartzeko eta informazio gehiagorako telefonoa: 696 433 602 (Lurgintza).