Ibiltari mixtoa dela esan daiteke gaurkoa, mendi ibilaldiarekin batera kalean ere zer ikusia izango du eta, Lazkao abiapuntu hartuta. Bertako arkitekturaz eta Lazkaomendiko eta Aralarko ikusmira paregabeaz gozatu daiteke txango berean.
Lazkaoko plazatik abiatu eta San Inazio auzo aldera jota, azken horretako langile etxeak topatuko ditugu. Bere xumean, badute xarma. Gure gida, Jonmikel Intsausti, inguru honetan hazia da, eta ondo gogoan ditu ume garaiko dendak, jolastokiak eta pasadizoak; Ritaren ultramarino denda, edo herriguneko Celestinoren denda, denetarik saltzen zuena… Errepide azpiko tunela igaro eta berehala hasten da aldapa. Imatz baserritik gora, PR-ari jarraituz eta altuera irabazi ahala, Lazkaoko panoramika izango dugu begien aurrean.
Nonbait, mendizale gutxi ibiltzen da bidezidor honetan, hainbat tartetan laharrak hartuta baitago. Izerdi pixka bat bota ondoren, Amundarain baserria azalduko da. Ez da edozein baserri. Goierriko eta Tolosaldeko 15 herrik osatzen duten Enirio-Aralar Mankomunitatearen (1409an sortua) garai bertsuan, beste batasun bat osatu zuten mankomunitate nagusiaren parte ziren hiru udalerrik, Ataunek, Lazkaok eta Zaldibiak: Intsustiko Batasuna. Batasunaren lekukotasun historiko zaharrena XV. mendearen hasierakoa da. 1413an sinatu zuten hiru herriek, eta Amezketako eta Lazkaoko Orubeen jaun zen Amezketako Auger izenekoak, mendi haiek ustiatzeko baldintzak xedatzen zituen ituna.
Hiru udalerriek ustiatzen zituzten bertan mugatutako lurrak, sailak, basoak, larreak, fruitu arbolak eta bestelakoak, eta urtean behin biltzarra egin zuten Amundarainen, huraxe zuten juntetxea. Izatez, Ataungo sailetan dago Amundarain. Han hartzen zituzten erabakiak, han egiten zituzten tratuak. Gerrak sortutako kalte eta galeren ondorioz, eta zorrak kitatzeko, lurrak zatitu eta saldu behar izan zituzten. 1848. urtean betirako desagertu zen batasuna.
Panoramika ederra begi aurrean
Bukatu dira gaurko aldapak. Pistan aurrera segi eta bat-batean, baso zati baten ondoren, Txindoki eta Aralar azalduko zaizkigu edertasun bete-betean, zinema panoramikoan bageunde bezala. Segituan beste baserri bat, Abaliñe. Hau ere ez da nolanahikoa, hementxe jaio baitzen Joxe Miel Iztueta Lazkao-Txiki bertsolari handia. Hemengo soroetan lan egin, zelaietan belarretan aritu eta ardiak zaindu zituen, eta baita etxekoen eta auzokoen euskara paregabea bere egin ere, Euskal Herriko bertsolari estimatuenetakoa izatera iritsiz.
Lazkaomendiko panoramika ederra izango du ibiltariak: baserriak, zelaiak eta baratzeak, baseliza bat… Errepidera jaitsi eta Maizgoena eta Itxurrene baserrien artean, San Juan ante Portam Latinam baseliza topatuko du errepide ertzean. Ate gainean San Joan Ante Portalatiña jartzen du berriz, eta antigoaleko idatzietan Maizko San Juan. Olibondoa eta eseslekua ditu aurrean.
Ez da atzo goizekoa baseliza; laurehun urte baditu gutxienez. 1625ekoa da berari buruzko lehenengo dokumentua. Baselizan jasotako San Juanen zurezko eskultura are zaharragoa da, XV. mendearen ingurukoa adituen ustez. San Isidro eguna ospatzeko hemen biltzeko usadioa bizirik dago oraindik inguruko baserritarren artean.
Baina nondik datorkio izendapen hori? San Juan apostolua atxilotu egin zuten Kristoren ondorengo 81 urtean, Domiciano enperadoreak kristauen kontra abiatutako kanpainan. Ez zioten nolanahiko zigorra ezarri: irakiten zegoen olioz betetako ontzi batera botatzea. Baina hara non, Juanentzat olio hura epela baino ez zegoen, eta sartzean bezain osasuntsu irten omen zen tinatik. Bada irakiten zegoen olio ontzi hori Erromako irteeretako bat zen Portam Latinam izenekoaren ondoko plazan zegoen jarrita.
Zaldibiako mugatik, Senperera
Baselizatik pauso gutxira, Itxurrene baserri-taberna dago. Hango seme Juan Ramon Maizek argitu haien etxea dela Lazkaoko azkeneko baserria alderdi honetan. Hortik aurrerako sailak Zaldibiakoak dira, Okobio lehen baserria. Pare-parean Txindoki, ikusmira paregabea eskainiz. Atzera jo, eta Lazkaomendiko eskola zaharra, gaur egun Lartxai elkartea bihurtutakoa. Errepidean behera abiatu, eta Iztueta baserria igaro ondoren, pista bat hartu behar da eskuinerantz Senpere auzora jaisteko, kalera.
Berrehun urte paseak dira Senperen bataila gogorra izan zela, 1813 urteko ekainaren 23an. Aurrez aurre, Napoleon I enperadore frantsesaren armada eta Graham jenerala buru zuena. Irabazleak, soldadu aliatuak, dirudienez astindu ederra eman baitzieten atzera egiten ari ziren frantsesei. CAF enpresarena izandako sailean dago gertaera historiko hura gogorazten duen monolitoa eta plana. Izan ere, bataila gertatu eta mende batera, 1908an, hainbat gizonen hezurrak aurkitu zituzten lurperatuta, bataila hartan hildako soldaduenak.
Ibilaldia bukatzeko, Lazkao sarrerako hainbat eraikin aipatu behar; XVI. mendeko San Migel eliza, Lazkanotarren jauregia eta Bernardatarren komentua, Santa Ana izenekoa. Monasterioak, nabe bakarreko eliza du barrenean, gurutze latinoaren formako oinplanoduna. Gaur egun, jantzigintza tailerreko eta liburuen koadernaketa tailerreko lanetik bizi da kongregazioa.
Kontuan hartzeko
- Amundarain baserria. Lazkaotik Amundarain baserrirako bidea, Imatz baserriaren aldamenetik doan bidezidorra, ez da egin daitekeen bakarra. Ataundik eta Zaldibiatik ere igo daiteke bertara, baita Iribetxikitik ere (Irutxiki). Pista erraza da azken hori. Ataun, Lazkao eta Zaldibiko batasunaren juntetxe ere izan zen baserria.
- Abalin goikoa. Amundaraindik Lazkaomendi alderako pistari jarraituz, Joxe Miel Iztueta ‘Lazkao-Txiki’ bertsolariaren jaiotetxe Abalin goikoa baserrira iristen da. Gaur egun inor bizi ez arren, txukun eusten diot haren ilobek baserriari, leiho eta atariak lore dotorez apainduta.
- Itxurreneko webcam-a. Paraje hauetara inguratu ezin duenak, Itxurreneko Juan Ramon Maizek baserriaren teilatupean jarria duen web kamerari esker Aralar egunero ikus daiteke ordenagailu edo sakelakotik, helbide honetan: https://itxurrenejatexea.blogspot.com.
- Otordua egiteko. Non bazkaldu badago Lazkaomendin. Jatetxeetako bat Itxurrene da, eta bestea Pipas, Lartxai elkartetik bertan. Lazkao, Ataun eta Zaldibia herrietan ere aukera zabala dago.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3:30 ordu
- Luzera: 9,800 kilometro
- Desnibela: 300 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza