Ukituz gero sortzen duen erresuminarekin lotua, gaitz askoren aurka erabiltzen da.
Izen herrikoia. Asuna edo Osina. Forma biak erabiltzen dira Goierrin.
Izen zientifikoa. Urtica dioica L. (Urticaceae).
Ezaugarriak. Tamaina nahiko handia hartzen duen landare bizi da. Hosto obalatu zerratuak ditu, ile erresumingarriz beteak. Erraz aurki daitezke inguru nitrogenatu eta eraldatutetan, bide-ertzetan, ibaiertzetan, baso hezeetako soilguneetan, baserri inguruetan…
Atal erabilgarriak. Hostoak erabiltzen dira. Haziak toxikoak dira.
Propietateak eta erabilpenak. Bere bertuteen inguruan esan daiteke orokorrean organismoa osasuntsu mantentzen lagutzen duela, batez ere, odola, urdaila, hesteak, birikak eta giltzurrunak, propietate depuratibo eta diuretikoak dituelako. Horretaz gain, zirkulazioa aktibatzen du, odolarekin erlazionatutako arazoetan erabili izan da, barne zein kanpoko odoljarioetan, hileroko ugarietan, erreuma, lunbago, ziatika, artrosi kasuetan, arnasbideko gaitzetarako, bronkitisarentzat… Ilea erortzea saihesteko ere bai. Landare mineralizatzailetzat hartzen da; hortaz, anemia kasuetan asuna jatea edo infusioak hartzea gomendagarria izan daiteke. Baita odoleko azukre kantitatea handia den kasuetan ere.
Kanpo erabileran, igurtziak erabili izan dira gehien: katarroak, gripea, bronkitisa, erreuma, gerriko minak ziren kasuetan, landare freskoa hartu, eta mindutako lekuan edo sorbalda inguruan (katarro edo gripe kasuetan) igurtziak egiten ziren landarearekin. Ondoren, ondo estali eta atseden hartzen utzi. Iler erorketaren kasuan, asun infusioarekin, edo asun eta erromero infusioarekin aklaratzen zen ilea.
Barne erabileran, berriz, infusioa izaten zen modurik erabiliena, 30 gramo landare litro bat uretan egosiz. Egunean bi edalontzi edan daitezke 8-10 egunetan zehar. Asuna landare jangarria ere bada, eta modu askotara jan daiteke; barazkiekin nahastuta, espinakak bezala, gatz eta olioarekin gozatuta, tortillan…
Kontraindikazioak. Asunak odola mehetu dezake, zorabioak eragin eta tentsioa jaitsi; beraz, kontu handiz hartu behar da. Bederatziurreneko formula erabiltzen zen garai batean: bederatzi egunean hartu eta bederatzi egunean ez.