Zinema aretoen goxotasuna egun euritsu edo hotzekin irudikatu daiteke, baina zinema ez da bakarrik giro txarra egiten duenerako. Udan ere gozatu daiteke, baita aire librean ere. Goierriko hainbat herritan, udari begirako zine egitarau bereziak antolatu dituzte, horietako batzuk, kanpoan eta gau giro ederrean gozatzekoak.
Lazkaon urteak daramatzate uda partean kaleko zinema emanaldiak prestatzen. Eta aurten ere, ez dute hutsik egin. Distantziak moldatuta eta egoera berriak eskatzen dituen segurtasun neurrietara egokituta egingo dituzte saioak. Astelehen honetan, bi saio egingo dituzte, 19:00etan eta 21:00etan. Udalak antolatutako emanaldiez gain, Gazte Asanbladak prestatuta, dokumentalak ere ari dira astero ematen Lazkaon. Hurrengo saioa asteartean izango da; Zizelkariak lana eskainiko dute, 22:00etan, frontoian.
Seguran ere, aire libreko zinema emanaldi bikoitza antolatu dute, astearterako. Aurrena, Patricia Viscarret mendizalearen dokumentala eta solasaldia izango dira (19:00), eta ondoren, Agur Etxebeste! filma (22:00) ikusteko aukera. Bi emanaldiak Laiotz Herri Eskolako patioan izango dira.