Urretxuko seme ezagun eta kuttunetariko bat Jose Mari Iparragirre Balerdi da (Urretxu 1820, Itsaso 1881). Izpiritu erromantikodun gizona, ahots ozenekoa, konposatzailea, poeta eta abeslari liriko modura egin zuen ibilbidea; Europan lehenengo, Amerikan gero. Bai kafetegietan, bai herrietan zehar kanpoko kontzertu jendetsuetan, entzuleak berotzeko zuen abilezia jasota utzi zuten garai hartako kronikek. Lehen Karlistadaren (1833-40) garaikoa zenez, urte korapilatsuak bizi izan zituen. Foruekiko grinak atzerrira eraman zuen lehenengo, eta gero migraziora.
Nahiz eta 200. urteurreneko ekitaldi gehienak COVID-19agatik atzeratu egin dituzten, Iparragirre ezagutzeko ibilbidea ikusgai eta ikasgai dago, Zumalakarregi eta Igartubeiti museoak uztartuz.
Igartubeiti Baserri museoa
Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan duela lau mendetako baserri bateko bizimo-dua –Iparragirrren garaia– nolakoa zen ezagutzeko aukera izango da, bere habe dolare erraldoiarekin, bere argiztapenarekin, altzariekin eta jatorrizko lanabesekin, baita bertako usainetan murgildu ere. Zentzumen esperientzia paregabea da Igartubeiti museoa.
Zumalakarregi museoa
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Iparragirrek bizi izandako garaira bidaiatzeko aukera ematen du. Boluntario karlista bezala parte hartu zuen Lehen Karlistada ezagutzeaz gain, foru zaletasunaren ikur bihurtu ziren Iparragirre eta Gernikako Arbola kantua ezagutzeko aukera izango da.
EZAGUTU
Joxe Mari Iparragirre urretxuarra jaio zela 200 urte beteko dira abuztuaren 12a, eta euskal olerkari eta musikari unibertsala deskubritzeko aitzakia polita da urteurren borobila. Urretxun ibilaldi gidatu bereziak antolatu dituzte, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa eta Ezkioko Igartubeiti Baserri museoa uztartuz, Iparragirre bizi zen garaia eta testuinguru osoa hobeto ezagutzeko.