Ataungo gasolindegi paretik, Urmariko zubitik Ergoiena auzoraino arteko 7 kilometroko ibilbide erraza da Sara ibilbidea; ordu eta erdian egitekoa. Mutur batetik zein bestetik egin daiteke; itzulera autobusez eginez, edo joan-etorria oinez osatuz. Agauntza erreka izango da erreferentzia nagusia.
Haurrekin egiteko plan aproposa da. Atsendetokiak eta haurrentzako jolastokiak baitaude bidean: San Martingo jolastokia, Astigarrako atsedenlekua eta jolastokia, Joxe Migel Barandiaran museo pareko atsedenlekua eta Ergoiena auzoko jolastokia.
Bestalde, historiaz janzteko aukera ere eskaintzen du ibilbideak. Migel Imaz Apalategi kontratistak egindako Astigarragako zubia, garai bateko belarra jaisteko kable sistema edo Olaluzeaga etxetik eskuineko bidexkan igota dagoen karobi zuloa ezagutzeko aukera izango baita. Bost mendetan zehar Ataunen landu zen langintzaren aztarna da karobi zuloa. Hargintzarako, nekazaritzarako eta beste askotarako erabiltzen zen karea egiten zen bertan.
Barandiaranen bizitza eta bizilekuak
Eta nola ez, Joxe Migel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaizaren (1889- 1991) aztarnak, bizitza eta bizilekuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Aldakotxo Barandiaranen amaren baserria, Joxe Migelen jaiotetxea den Peruenezar baserria eta Sara etxetik pasatzen baita Sara ibilbidea. Azken horretan bizi izan zen Barandiaran 1953tik 1991ko abenduaren 21era arte, hil zen egunera arte. Lapurdiko Saran bizi izandako etxearen itxurako etxea da. Atarian artelanak ikus daitezke. Bestalde, Barandiaranen izena eta izana jasotzen duen tokia Barandiaran mitologia museoa da. Barandiaranek bildutako mitologiaren inguruko informazioa lantzen da modu erakargarrian.
EZAGUTU
Historia eta natura uztartzen ditu Ataungo Sara ibilbideak. Joxe Migel Barandiaran, Euskal Herriko pertsonaiarik garrantzitsuenetako baten muina ezagutzeaz gain, naturaz gozatzeko aukera paregabea baita Sara ibilbidea. Haurrekin egiteko plan egokia da. Ataungo jatetxe edo sagardotegietan bazkalduz borobildu daiteke eguna.
Ataungo Barandiaran museoa
- Ordutegia. Asteazkenetik igandera eta jaiegunak: 10:00 – 14:00.
- Erreserbak. 943 18 03 35 – 688 895 069 barandiaran@barandiaran.eus.
- Bisita gidatuak. Asteburuetan ekintza bereziak egiten dituzte. Ikusi agenda.