Goierritarrentzat toki kuttuna da Aizkorri eta ingurua. Zegama-Aizkorri maratoia egiten denetik, mundu osoan ezaguna bilakatu den mendia eta mendilerroa da gainera. Maratoia ikusteko elkartzen den jendetzak eta bertan sortzen den giroak berezi bihurtu dute Aizkorri. Edozein egunetan, mendizaleak eta korrikalariak, erritmo desberdinetan, baina helburu berarekin ikus daitezke Aizkorriko tontorrerako bidean. Hala ere, plan honen proposamena Aizkorriko gailurretik harago doa: Aizkorriko gailurreria puntarik punta igaro, Urbiara jaitsi eta San Adriandik barrena berriz ere aparkalekura iristea.
Hori bai, sasoi puntu on samarra izatea beharrezkoa da. Hala ere, patxadaz hartuz gero, denborarekin ahaztu eta naturarekin gozatuz, gozamen ederreko plana da, haurrekin joanez gero, 4 bat orduan egitekoa.
Aizkorri Sancti Spiritutik edo San Adrian zeharkatuz kalbarioko basotik gora igotzea aukeratu behar da lehendabizi. Maratoiaren bidea egin nahi izanez gero, Sancti Spirituko bidea aukeratu beharko da, San Adriango aterpetxean eskuinera hartuta. Bidea ondo seinalaztuta dago.
Garaiena, Aitxuri
Aizkorrira arteko bidea da gogorrena eta aldapatsuena. Behin Aizkorrira igota, bidezidorra jarraituz Aitxuri, Aketegi erpina, Iraule eta Arbelaitz zeharkatuta, beheranzko bidea aukeratu beharko da Urbiara jaisteko. Urbiako Fonda eta zelaiak atsedena eta indarrak hartzeko toki paregabea dira. Itzulerarako, San Adrian alderantz doan bidea aukerako beharko da.
Mendilerroari izena eman dion Aizkorri (1.528 metro) ez da gailurreriko tontorrik garaiena; Aitxuri da, 1.551 metrorekin. Uda hau aproposa izan daiteke Aizkorri Parke Naturalean barneratzeko.
GOZATU
Aurtengo uda garai egokia izan liteke beti egitekotan izan, baina inoiz tarterik hartzen ez diren planak egiteko. Horietako bat da, Aizkorriko gailurreria zeharkatzea. Aizkorri-Zegama maratoian korrikalariek sentitzen dutena sentitzekoa. Oinez nahiz korrika egin daiteke, edo biak uztartuz. Paisaia zoragarriez eta naturaz gozatzeko aukera paregabea da Aizkorriko txangoa.