«Txikia bai, txikiena ere bai, baina eskasa ez». Aramarrek harro darabilten esaldia da hori. 1.3 kilometro koadroko azalerarekin Goierriko udalerririk txikiena da, eta 200 biztanle pasatxo ditu. Eta badu harro egoteko beste arrazoirik, herriko plazan hasi eta bukatzen baita Gipuzkoan homologatutako lehen PR (ibilbide laburra) bidea: Arama-Altzagarate-Arama zirkularra. 6,8 kilometro ditu, eta Aramaz gain, Altzaga eta Itsasondo udalerriak zeharkatzen ditu. Gaintzako muga ere gertu du ibilbidearen zati batean. Erritmo onean eta eten gutxirekin, bi ordu pasatxo behar dira Aizkorriren eta Aralarren bestelako ikuspegiak ezkutatzen dituen ibilbidea egiteko.
Gaztaintxota muinoa gorenen
Hasiera aldapatsua du. Irudian ikusten den bidetik Etxeberri baserrira iritsi behar da lehenik. Han, zuhaitz baten babesean, Altzagaratera iristeko 4,3 km falta direla adierazten du seinaleak. Goraka segiz, errepidea bukatzen den eta ikuspegi ederrak dituen Artsuaga baserria da hurrengo jomuga. Oinezko hiru bide zabaltzen dira bertan, eta erdikoari heldu behar zaio. Gora eginez, Etxeberri Goikoa edo Artatolosara iritsi behar da, eta Altzagako lurretan ia, Abali Goenara ondoren. Aurrera eginez, ibilbideko leku gorenera ailegatzen da, Gaztaintxota muinora (465 metro).
Handik berehala, Bostaitzeta dago (Altzagaratera, Gaintzara edo Baliarrainera joan daiteke bertatik). 1,2 kilometrora dago Altzagarate, begiratoki aparta. Iturralde baserrian hasten da beheranzko bidea, eta Sahatsetatik behera, Altzaga herria ezkerrera utziz, Itsasondon sartzen da bidea, gasolindegi gaineko bidetik Aramara itzultzeko. Ostatuan edo Altzagako Olagin egin daiteke otordua.
IBILI
- Abiapuntua • Aramako plaza. Ostatu aurrean hasi eta bukatzen da ibilbidea.
- Ibilbidearen ezaugarriak • Erraza. Haurren ibil ohituren araberakoa. 6,8 km-ko ibilbide zirkularra da, 350 metroko desnibelarekin.
- Gipuzkoako lehena • PR-Gi1. Gipuzkoan homologatu zen lehen ibilbidea izan zen Arama-Altzagarate-Arama zirkularra.