Aralarpeko mendizale petoentzat tontor ezaguna bada ere, goierritar asko izango dira sekula Ganboko gailurrera igo ez direnak. Gipuzkoako Aralarko mendirik garaiena da (1.412 metro), eta Alotzako goi larreetako ikuspegi ederrenen jabe da. Parke naturalaren erdi-erdian kokatua, begiratzen den tokira begiratzen dela, 360 graduko ikusmira paregabea du. Erdigunean bai, baina urruti eta bakarti dago Ganbo.
Ibilbide zirkular hau Olako saroiko atsedenlekutik abiatzen da. Hormigoizko bideari segiz, CAFeko deposituetara iristen da, Enirioko galtzadaren abiapuntura. Ordu laurden bateko igoera samurraren ondoren, galtzada utzi, eta Ausa-Gaztelurako bidea hartu behar da ezkerrera. Ordubeteren aurretik iristen da Errekontako lepora (795 metro). Igoera sigi-sagatsuan Ataburu (905) da hurrengo jomuga. Hortik gora, gainez gaineko zeharkaldia hasten da: Kilixketa (1.195 m.), Beleku (1.255 m.), Gañeta (1.315), Malkorri (1.330 m.) eta Uarrain (1.346 m.). Azken horren magalean dago Irazustako lepoa (1.270 m.) –Igaratzarako bidea pasatzen da bertatik–, eta hortik gora eginez, pausoz pauso eta atsedenerako tarterik gabe, Ganboko tontor borobildua dago zain.
Jaitsieran, Alotzako iturria eta Saltarri
Beherakoan, beste bi tontor zapaltzeko aukera ematen du bideak: Ganbo txiki (1.377 m.) eta Arrubi (1.320 m.). Azken horretatik, Alotza iturrira jaitsi, eta alfonbra berdean behera, Saltarrira (1.119 m.). Lurrean etzanda dagoen iruinarritik Ataburu da hurrengo erreferentzia, Ausa-Gaztelu berriz bistan dela. Larrunarri edo Nañarriren bestelako ikuspegia erakusten du bideak. Hori bai, eguraldi segurua aukeratu, lainoak maitea baitu oso ingurua.
GOZATU
- Abiapuntua • Olako saroi (Zaldibia). Zaldibiako Egileor auzoan gora doan bidetik iristen da Olako saroiko atsedenlekura (450 metro).
- Ibilbidearen ezaugarriak • Zaila. Mila metro pasako goranzko desnibela. Norberaren sasoiaren araberako zailtasuna du igoerak.
- Ganbo • Gipuzkoako Aralarren gailurra. Aralarko goi lautadaren erdigunea (1.412 metro).