Goierri produktu gastronomiko batek ezagun egin badu, hori Idiazabalgo Gazta da. Jatorri izendapenaren sorburu den Idiazabal herriak, gaztaren eta artzaintzaren sekretuak ezagutzeko hainbat baliabide eta bisita eskaintzen ditu. Abiapuntua Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa da; bertan, bisita gidatua. Gaztarena milaka urtetako tradizioa dela azaltzen dute bertan, Aralar eta Aizkorriko larreetan garrantzia handia izan baitu artzaintzak historiaurretik.
Idiazabal Gazta egiteko, Latxa eta Karrantzako ardi arrazak erabiltzen dira, eta haien esne gordinarekin egiten dute gazta, Euskal Herriko mendialdeko artzainek antzinatik belaunaldiz belaunaldi ikasi duten eran. Txikienek, Izal xaguaren bidez jasoko dituzte gaztaren inguruko azalpenak, eta museoan bertan, artzain txabola baten erreprodukzioa ere ikus daiteke, garai batean erabiltzen ziren lanerako tresnekin. Bisita bukatzeko, Idiazabal gaztaren dastaketa ere eskaintzen dute.
Gaztandegi batera bisita
Behin gaztaren interpretazio zentroa ezagututa, gazta nola egiten den bertatik bertara ikusteko garaia da. Idiazabalen bertako gaztagileen lanbidea ezagutzeko bisitak egiten dituzte. Ondramuño gaztandegian, esaterako, instalakuntzak eta gazta egiteko prozesua azaltzen dituzte J.Aranburu elkarteko kideek. Eta nola ez, etxeko Idiazabal Gazta mota desberdinak probatzeko aukera ere eskaintzen dute: zuria, ketua, berria eta zaharra. Bisita horiek, uztaileko eta abuztuko igandeetan egiten dituzte.
Egun batez artzain
Gaztagintzaren eta artzaintzaren inguruko esperientzia osatu eta bertatik bertara bizi nahi duenak, egun batez artzain bihurtzeko aukera ere badu. Uztaileko eta abuztuko larunbatetan, Gaztainaditxulo gaztandegian artzain batek lagunduta, artaldea larreetara eraman dezake bisitariak. Gainera, ikuilua eta gaztandegia ezagutu eta bertan egindako gazta probatuz bukatu daiteke bisita.
Gaztandegira bisita
Idiazabal Gaztaren bueltan antolatutako eguna borobiltzeko, Gaztaren Interpretazio Zentroa eta gaztandegi bat ezagutzeaz gain, herriko jatetxe batean bazkaltzeko aukera ematen du Idiazabal paketeak.
Idiazalgo turismo bulegoak, herrian egin daitezkeen beste bi bisita gidatu ere eskaintzen ditu. Indianoen ibilbideak, Ameriketan aberastu eta herrira bueltatu zirenen historia eta eraikinak ditu oinarri; Pilarrenea, Txomenarenea, Floreaga, Zubialde edota Toki Eder etxeak bisitatuz. San Migel elizaren sekretuak egiteko bisitak ere egingo dituzte uztailean eta abuztuan zehar.
DASTATU
Idiazabal Gazta da Goierriko produktu gastronomiko ezagunenetako bat. Haren ekoizpena eta sekretuak ezagutzeko aukera ugari eskaintzen ditu Idiazabalek. Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa ezagutuko dugu aurrena. Ondoren, bertako gaztandegi batera bisita egin daiteke, eta esperientzia bat bizi nahi duenak, egun batez artzain bihurtzeko aukera ere badu.
Gaztaren Interpretazio Zentroa
- Helbidea. Kale nagusia, 37. Idiazabal.
- Ordutegia. 11.00-14:00 eta 16:00-19:00.
- Erreserbak. Telefonoa: 943 18 82 03 / E-posta: info@idiazabalturismo.com.
- Idiazabal paketea. Interpretazio zentroko bisita gidatua eta gazta dastaketa + gaztandegira bisita + bazkaria jatetxean.
- Gaztandegira bisita. Uztaila eta abuztuan egunero, 12:00etan. Idiazabal gazta egiteko prozesua ezagutu eta dastaketa.
- Gaztaren ekoizpena artzain baten eskutik. Uztaileko eta abuztuko igandeetan, 11:30etik 13:30era, Ondramuño gaztandegira bisita eta dastaketa.
- Egun batez artzain. Uztaileko eta abuztuko larunbatetan, 11:30etik 13:30etara. Ander Barandiaran artzainarekin artaldea larrera eraman, gaztandegia ikusi eta dastaketa.
- Indianoen ibilbidea. Idiazabalgo indiano etxeak ezagutzeko bisita gidatuak. Uztailaren 19an eta abuztuaren 9an eta 23an, 17:30ean. Doako bisita.
- San Migel elizaren sekretuak. Ididiazabalgo San Migel eliza ezagutzeko bisita gidatuak. Uztailaren 26an eta abuztuaren 16an eta 30ean, 17:30ean. Doako bisita da.