Luken Senosiain (Urretxu, 2001) UZ Gaztetxeko kideetako bat da. Aste honetan egin duten auzolanaren inguruan hitz egin du.
Zer dela-eta antolatu duzue auzolana UZko Gaztelekuan?
Uztailak 9,10 eta 11rako genuen antolatuta, baina ostiralean kide bat gaixotu zenez, atzeratu egin genuen. Behin negatibo eman ostean, berriz ere ekin diogu auzolanari. Gaztetxea denbora luzez itxita egon denez, azken urte honetan sortu den zikinkeria garbitzen aritu gara lanean bost egunez. Gainera, hurrengo ikasturtea gogotsu eta gaztetxe txukun batekin hasi nahi dugu.
Nolakoa izan da herritarren parte-hartzea?
Urte osoan zehar gaztetxeko asanbladetan parte hartu dugun kide berak izan gara gehienbat. Baina deialdia zabaldu genuenez, espero ez genituenak ere azaldu dira. Gustura hartu ditugunak noski. Gazte batzuk ere gaztetxera hurbiltzen hasteko balio izan du. Orokorrean, asteburuetan gaztetxean ibili direnek lan egunetan ere parte hartzeko borondatea izatea poztekoa da.
Zer suposatu du itxialdiak gaztetxearentzat?
Kolpe gogorra izan da. Zenbait hilabetetan barrura begirako hainbat lan egiten ondoren, udaberria beti izaten da ekintzez eta ekitaldiz jositako urtaroa. Eta antolatutako hamaika ekintzak ezin izan ditugu egin. Ikustear dago normaltasun berriak nola eragingo dien kontzertuei edo ekintzei.
Zeintzuk dira etorkizun hurbilerako helburuak?
Orain arte normaltasun berria zertan datzan ikusteko zain egon gara, eta horren arabera antolatuko ditugu etorkizuneko ekintzak. Apur bat egoera egonkortzen ari denez, auzolana bukatu eta iraileko lehenengo astera arte hurrengo hilabeteetako agenda lotzen arituko gara. Helburuak? Ahalik eta gazte gehien hurbiltzea, belaunaldi berriak animatzea eta lekukoa hartzen hastea dira. Prestatuko ditugun jardunaldietara jendea hurbiltzea gustatuko litzaiguke. Ekintzetan parte hartzea ez ezik, gaztetxeko kudeaketan eta gazte asanbladan ere eskua ematea gustatuko litzaiguke.