Inguruko mendirik ezagun eta kuttunena da Irimo urretxuar eta zumarragar askorentzat. Han baitago bi herrien gainean kokatuta, bere gurutzearekin, zaindari lanak eginez. Asteburu pasako ohiko igoera izaten da askorentzat, baina inguruan dauden zazpi punta edo tontorrak bat eginda ere, goiz pasako ibilbide ederra osatu daiteke. Gainera, inguruko mendi eta mendilerroen gaineko ikuspegi bikaina eskaintzen du bide honek.
Herrigunetik bertatik ere abiatu badaiteke ere, ohikoena Santa Barbaratik hastea izaten da. Jatetxe-taberna, aterpetxea eta atsedenlekua daude bertan, umeentzako jolas parke eta guzti. Bertatik abiatuta, XV. mendeko Ipeñarrieta jauregiaren –gaur egun baserria– gainetik pasa eta ondo markatutako bideari jarraituz, Lizarriturrira iritsiko gara. Urretxuko mendizaleek egin zuten 1936an, gerra hasi aurrean. Ur tragoxka bat edan eta aldapan gora jarraituko dugu, basotik. Garbigunera iristearekin batera ikusiko dugu Irimoko gurutze handia. Azken aldapatxoa igota, berehala izango gara bertan.
Ikuspegi ederrak
Irimoren bereizgarri nagusia bertan dagoen gurutzea bada ere, eskaintzen dituen ikuspegiek ere merezi dute aipamenik. Izan ere, Aralar eta Aizkorriko mendikateak, eta Izarraitz edo Hernio bezalako tontorrak ikus daitezke bertatik. Gurutzetik aurrera jarraituta, 50 bat metrora dago gaina. Aterpearen eta gurutzearen irudia dituen buzoia atzean utzi, eta zazpi tontorrek osatzen duten lerroari ekingo diogu: Arbeleta, Buzoi, Losakate, Arrizuri, Trintxuleku, Mugarri eta Meaka dira. Bata bestearen atzetik, erraz egin daitezke tontor guztiak. Behin Meakara iritsitakoan, beheranzko bidea hartu eta Trekutzeko atsedenlekura lehenik, eta ondoren, Agerre baserriaren ondotik, Santa Barbarara iritsiko gara.
GOZATU
Urretxu eta Zumarraga goitik zaintzen dituen tontorra da Irimo, oso ezaguna bertakoen artean, baina ez horren ezaguna gainontzeko goierritarrentzat. Santa Barbaratik abiatuta, Irimoko gurutzea eta haren bueltan dauden zazpi tontorrak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea egin daiteke, bidean zehar, inguruko mendi eta bailaren ikuspegi ederrekin gozatuz.