Ormaiztegiko lau gaztek 1965. urtean sortu zuten Los Zubis taldea. Zubi azpian sortu zela esan liteke, bainuetxea izandakoaren lokaletan entseatzen baitzuten. Izena ere, handik datorkie, Don Salvador maisuak proposatu omen zien, eta haiei gustatu. Miguel Lerma, Miguel Sagarna, Julian Gonzalez eta Jose Manuel Rodriguezek osatu zuten lehen laukoa; laster, ordea, sei izatera pasa ziren, eta aldaketa ugari izan zituzten gerora ere. Zumarragako Javier eta Abelino ere aritu ziren haiekin, besteak beste. Bostak taldean aritutako Schubert Francesena organista azpeitiarra ere sartu zen taldean; baita haren lehengusua ere, gerora Egan taldearekin ezagun egin zen Xabier Saldias kantaria.
Garai hartako oroitzapen ederrak ditu Miguel Sagarna ormaiztegiarrak: «Ederki pasatzen genuen». Sei bat urtez jardun zuten festetan, dantzaldietan eta ezkontzetan jotzen. «Modan zegoen musika jotzen genuen, beste taldeen kantak ikasita». Kontzertu asko eman zituzten, batez ere Gipuzkoako herrietan, eta Lakiola taxistaren furgonetarekin ibiltzen ziren batetik bestera; «ez dakit nola kabitzen ginen ere!». Kontzertuak «asteburuero» izaten zituztela gogoratzen du Sagarnak. Garai hartako talde asko bezala, soldaduskara joateko garaia iritsi zenean banandu ziren.