Goierrin COVID-19 koronabirusak inguruan baino intzidentzia txikiagoa izan du, baina hala ere, munduko hilkortasun tasa handienetakoa du. Apirilaren hasiera izan zen garai gogorrena, baina Ordizian izandako agerraldiak arriskuak bere horretan jarraitzen duela erakutsi du.
Martxoaren 10ean atzeman zen Goierrin lehen COVID-19 kasua. Lau hilabeteren ondoren, kasu positiboak 400dik gora dira eta askok bizitza galdu dute. Bitartean, alarma egoerak ehun egun igaro ditu indarrean, goierritarrak bakartuta egon dira eta mundua gelditu egin da. Halere, positibo jarioa ez da etengo gizartearen gehiengoak txertoa jarri arte. Datuak etenik gabe berritzen ari dira eta erraza da horrenbeste zenbakiren artean galtzea. Erreportaje honetan datu ofizialak aletu dira osasun larrialdiaren balantzea egiteko.
SARS-CoV-2 proteina ikusezina da giza begiarentzat, baina eragin duen kaltea ikaragarria da. Horren handia da, benetako dimentsioa ikustea zaila dela: 394 kasu baieztatu dira Goierri mailan uztailaren 17an, datu ofizialen arabera –erreportaje hau egun horretan idatzi zen–. Aramako biztanleak bi bider. Eta, seguruenik, gehiago izango dira. Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatu, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gauzaturiko seroprebalentzia ikerketak ondorioztatu du Hego Euskal Herrian kutsatutako bost pertsonako bakarra detektatu duela osasun sistemak. Datu horiek Goierri mailara mugatzerik ez dago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez baititu herrikako datuak ematen.
Halere, Goierrin COVID-19aren intzidentzia tasa baxuagoa da inguruan baino. 10.000 biztanleko 56,27 kasu positibo atzeman dira. Euskal Herrian, esaterako, 10.000 biztanleko ia ehun kasu positibo atzeman dira orain arte. Gasteiz inguruko eta Nafarroa ekialdeko fokuek batez bestekoa hazi egiten dute, gune batzuetan 300 gaixo ere pilatu direlako. Gipuzkoan 10.000 laguneko 49,59 gaixotu dira, hau da, Goierrin baino ia zazpi pertsona gutxiago. Aipagarria da Azkoitia eta Azpeitia inguruetan, Zumarragako Ospitalea erreferentziazko erietxea duten guneetan, 10.000 herritarreko 20 lagun ere ez dira gaixotu.
Biztanleria eta kasu positiboen arteko ikuspuntutik begiratuta ere, Goierri apur bat gorago dago. Eskualdeak Gipuzkoako biztanleriaren %9,76a osatzen du, eta bertan jaso dira kasu positiboen %11.
Lau kasutatik bat, egoitzetan
Euste neurriak garaiz hartzea garrantzitsua da. Eskualde guztietan neurriak batera hartu ziren, baina batzuen hasierako egoera kaxkarragoa zen eta COVID-19ak horietan eragin handiagoa izan du. Zahar etxeen kasuan ongi ikusi da: Segurako San Juan, Legazpiko Santikutz eta Lazkaoko Txindoki adineko egoitzetan gaitza bertara sartu baino lehenago hartu zituzten neurriak eta larrialdi osoan ez dute kasu bakar bat ere izan. Aldiz, Beasaingo Arangoitin, Zumarragako Argixaon eta Ordiziako San Josen neurriak berandu heldu ziren, eta 99 kasu atzeman dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan. Goierrin atzeman diren lau kasuetatik batek zaharren egoitzaren batekin lotura zuen.
50 eta 59 urte bitarteko emakumeak gaixotzen dira nagusiki ordea, Osasun Sailaren datuen arabera. Beraiei egozten zaizkie lanik arriskutsuenak, zaintza lanak kasu, eta askok ez dute telelana egiteko aukera izan. Gaixotutakoen artean hamarretik sei emakumezkoak izan dira.
Aldiz, hilkortasunak lotura zuzena du adinarekin: zenbat eta zaharragoa, COVID-19aren hilgarritasuna orduan eta handiagoa. Koronabirusak jotako gaixoen arten 70 urtetik gorakoen heriotza kopuruak nabarmen egiten du gora. Pentsa, hildakoen herenak 90 urte edo gehiago zituen. Aldiz, 70 urtetik beherakoen kasuak ez dira %10era iristen.
Munduko heriotza tasa handiena
Goierrik heriotza tasa du handia, munduko handienetakoa. 49 lagunek galdu dute bizitza COVID-19arekin. Atzemandako positibo kopuruaren eta jazotako heriotzen arteko ratioa aztertuta, Goierrin 10.000 gaixotik 13 hil egiten dira. Herrialde bakar batek ere ez du halako balantzerik. Euskal Herrian, ia zazpi lagun hiltzen dira 10.000 kasuko, eta herrialdeen zerrendan lehen postuetan ageri da. Belgikak (8,41) eta Kataluniak (7,44) gainditzen dute soilik. Gipuzkoan ia 300 herritarrek galdu dute bizitza, eta 10.000 gaixotik zortzi baino gehiago hil egiten dira.
PCR azterketa bat egin eta horretan positibo eman ondoren 60 eguneko epean hil direnak soilik agertzen dira estatistika ofizialetan. Emaitza positiborik gabe ez dute estatistiketarako balio. Horregatik, baliteke hildakoen kopurua handiagoa izatea. Hipotesiak besterik ezin dira egin, urte amaieran ikusi egin beharko da hildakoen kopuruak zer nolako bilakaera izan duen. Seguru aurreko urteekin alderatuta gora egingo duela, baina datu ofizialek diotena baino gehiago hazten bada, sortzen den diferentzia identifikatu gabeko koronabirusaren ondoriozko heriotzak izan daitezke.
Goierriko gizartea zaharra da. Goierritarren %15ak baino gehiagok 70 urte edo gehiago ditu. Osasun Sailak ez ditu datuak horrenbeste xehatzen, eta eskatu arren ez ditu eman, baina gaixotu den jende ugari adinean gora egindakoa dela estrapolatu liteke. Ondorioz, hilkortasun tasa handiagoa izatea ulergarria da, baina ez onargarria. Adinekoen egoitzetako langileek urteak daramatzate lan baldintza duinak eskatzen, eta egoerak eztanda egin zuenean 240 egun baino gehiago zeramatzaten greban. Osasun larrialdiak zaintza sistemaren gabeziak azaleratu ditu.
42 egoiliar hil dira eskualdeko egoitza publikoetan, Goierrin hil diren ia pertsona guztiak. Hilabete eskasean jazo ziren heriotzak, martxoaren 28a eta apirilaren 20a bitarte. Orduz geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du heriotza gehiagoren berri eman.
Gaitzak apirileko lehen erdian jo zuen gogorren. Apirilean ehun kasu baino gutxiagorekin sartu zen Goierri, eta bi asteren ondoren 232 ziren. Hamar egunetan ehun kasu baino gehiago atzeman ziren, ordura arteko ia erdiak. Zumarragako Ospitalearen kasuan ere, apirileko lehen astean 20 ospitaleratuen bueltan ibili zen. Egunik txarrena apirilaren 7a izan zen, 21 pazienterekin. Hortik aurrera, gutxika bada ere, gaixo kopuruak behera egin zuen, maiatzaren 19an COVID-19ari eskainitako solairua hustu egin zen arte. Maiatzean positibo berrien joera apaldu egin zen eta pandemiaren bilakaera esponentziala izatetik laua bilakatu zen.
Osasun sistemaren berrantolaketa
Osasun Sailak kontingentzia plana abiatu zuen martxoan COVID-19ari aurre egiteko eta osasun sistema berrantolatu egin zuen. Hala, Zumarragako Ospitalean aldaketak egon dira barne antolamenduan eta Larrialdi Zerbitzuetan. Helburua bi zirkuitu osatzea da, koronabirusa duten gaixoak eta gainerakoak bereizteko.
Lehen mailako arreta zentroetan ere aldaketak egin dituzte: ESI kontsultategiak itxi egin zituzten osasun larrialdia hastean eta telefono bidezko balorazio indibidualizatuaren aldeko apustua egin zuten. Hala jarraitzen dute oraindik ere, egoera bere onera etorri bitartean. Kontuak kontu, lehen balorazio horren ostean osasun adituek aurrez aurreko osatun arreta beharrezkoa ikusten badute osasun zentroan eta etxean artatzeko aukera dago.
Larrialdi baten aurrean Beasaingo anbulatorioko larrialdi zerbitzua martxan dago. Larrialdia hil ala bizikoa bada, Zumarragako Ospitalera jo behar da. Erietxeak toki seguruak dira eta ez dago kutsatzeko arriskurik.
Ordiziabi bider kolpatu du; Gabiria, Gaintza eta Zerain, behin ere ez
Ordizia izan da Goierriko herririk kolpatuena. Denera, 122 kasu baieztatu dira uztailaren 17ra arte. Lehen kolpeak San Jose adinekoen egoitzako egoiliarrei eta langileei erasan zien bereziki eta, bigarrengoak, Etxezarreta kaleko tabernetako bezeroei. Joan etorri handiko eremuak direnez, birusa azkar eta norabide askotan zabaldu zen eta aztarnarien lana asko zaildu zen. Azkenean, agerraldia kontrolatzeko, 1.000 test baino gehiago egin behar izan zituzten eta 75 positibo baino gehiago atzeman ziren, Ordiziatik kanpo ere bai. Gazteak izan dira kutsatutako gehiengoa, euren bizi estiloagatik harreman gehiago dituztelako eta gaixotasunaren aurrean ageriagoan daudelako. Edonola ere, euren immunitate sistema indartsua denez, kasu arinak izan dira eta inor ez dute Zumarragako Ospitalean artatu.
Zumarraga (85), Beasain (61), Legazpi (31), Urretxu (23) eta Lazkao (19) dira ondorengo herririk kaltetuenak. Ez da kasualitatea, eskualdeko herririk populatuenak eta dentsitate handienekoak direlako. Jende asko pilatzen den eremuetan birusa errazago hedatzen da eta kutsatutakoen kontaktuen jarraipena egitea zailagoa da. Norekin egon den argi izatea oso garrantzitsua da kasu hauetan.
Herri txikiak ez daude salbu
Gabirian, Gaintzan eta Zerainen ez da COVID-19 kasu bakar bat ere atzeman martxotik hona. Herri txikiak eta dentsitate baxukoak dira. Baina, askotan, hori ez da nahikoa izaten: Araman (2), Ataunen (5) eta Itsasondon (7), besteak beste, agertu baitira kasuak.
Biztanle gutxiago izanda, kasu bakar batek eragin handiagoa du intzidentzia tasan. Mutiloan hiru kasu baieztatu dira denera. 10.000 biztanleko 120 kasu egongo liratezke, Ordizian adina. Aldiz, Beasainen edo Legazpin, tasa 40 lagun ingurukoa da.
Goierriko zazpi herritan zenbatu dira hildakoak. Zigortuenak adinekoen egoitzaren bat duten herriak izan dira, hala nola, Ordizia (24), Zumarraga (15) eta Beasain (6). Legazpin, Legorretan, Urretxun eta Zaldibian hildako bana egon da.
Nola jokatu
- Sintomak zeintzuk dira? Sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu larrienetan pneumonia agertu daiteke eta arnasa hartzeko zailtasunak areagotu. Sintomarik gabe ere positibo izan daiteke eta birusa hedatu.
- Zer egin sintomarik badut? 900 20 30 50 telefonora deitu ahalik eta azkarren eta proba egiteko hitzordua eskatu. Emaitza jaso bitartean bakartu. Bakarrik moldatu ezin bada, Osasun Sailak pazienteentzako prestatutako hotelak eskatu daitezke.
- Harremanik izan badut? Sintomarik izan ez arren positibo eman duen norbaitekin harreman zuzena izan baduzu, ahalik eta azkarren bakartu behar da. 900 20 30 50 telefonora deitu behar da nolako kontaktua izan dugun adierazteko eta adituek ebatziko dute proba egin behar den ala ez.