Itsasontziak eraikitzeko eta itsasoko industriarako beste hornigai batzuk ekoizteko, berebiziko garrantzia izan zuten Goierrik eta bertako basoek. XIX. mendera arte, Koroaren Itsas Armadak bertako pagadietan aukeratzen eta mailatzen zituen ontzigintzarako pieza aproposak, zuhaitzetan bertan. Erregea bihurtzen zen, bere buruari emandako eskubide baten bidez, ondasun natural horien jabe, 1801 arte.
Lehenagotik, industria itsastar konplexua eta landua ezarrita zegoen Goierriko –eta Euskal Herri guztiko barnealdeko– pagadietan. Naturalki zuzen eta altu tentetuko zen zuhaitza, komenientziara mugarrotzen eta adaontzen zuten, ebaki eta inausi bidezko teknikekin. Piezak ‘seriean’ ekoizten zituzten hala, ontzia eraikitzerakoan beharko zen forma, luzera eta ebakera emanez.
Basozainek egiten zuten zur ekoizte berezi horren jarraipena. Udalak ziren XIX. mendera arte baso-sail gehienen jabeak, eta kontu handiz zaintzen zituzten. Hariztiak eta gaztainadiak baliatzen zituzten, batez ere, ontzigintzarako; arraunak egiteko, berriz, pagadiak.
Mendian ere itsasoari begira
Zuhaitzaren hazieran, bereziki kentzen zituzten adaxka eta kimu berriak. Zuhaitzaren hazkundea nahierara ‘gidatzen’ zuten, hala. Formak ere ateratzen zituzten, zuhaitzean bertan. L formako kurbatoi bat behar bazuten itsasontzirako, ebaketa jakin bat egiten zioten adar etzanari, ebakitik adaxka gaztea gorantz haziko zelako. Zuhaitz adarren hari naturalei jarraituz egiten zituzten ontzietarako piezak. Basoan ere ‘besoa’ zen neurri-unitate estandarra (57,4 cm), ontzioletan bezalaxe.
Ikazkintzarako ere baliatzen zuten zuhaizkintza. Pagomotzak dira lekuko. Burdinolak ere –XIII.era arte agorrolak edo haizeolak– itsasorako aritzen ziren, neurri handi batean: oholak josteko iltzeak, kabilak, kateak, aingura… Pasaian berreraikitzen ari diren San Joan baleontziak eta antzekoek, adibidez, hiruzpalau tona burdina behar zuten.
Horrez gain, itsasoz garraiatzen zituzten armak ekoizten zituzten.
Sagardoa eta baserriaren indarra
Sagardogintzaren industria da itsasoak barrualdean piztu zuen beste bat. Eta, horrekin, baserria; eraikin, bizitegi eta ekoizpen lantegi gisa. Sagardogintzaren industria-izaera XVI. mendeko espedizio transozeanikoetatik dator, Goierri itsasotik gertuago zegoenetik.