Marian Arratibel • Gerriko liburu denda (Lazkao)
Benetako plazera da liburu on bat hartu eta istorioan eta pertsonaietan barneratzea. Urteko garai guztiak dira horretarako egokiak, baina oporraldiko patxadak bultzatuta, jende gehiagok hartzen du irakurketarako tartea.
Euskarazko azken berrikuntzen artean, Cira Crespo eta Elena Ziordiaren Baginen liburua dago salduenen artean, Euskal Herriko historia emakumeen bitartez argitaratutako erdi saiakera. Gauden garaian egonda, Slavoj Žižek autorearen Izurria! COVID-19ak mundua astindu du euskarazko bertsioa azpimarratuko genuke.
Berrikuntzen artean, Amaia Telleria idiazabaldarraren Haize-lekuak arrakasta izaten ari da, eta Aimar Maizen Goazen gabiriar denok ere aukera ona da udako irakurketarako. Azkenik, berria ez bada ere, Amets Arzallusen Miñan asko saltzen ari da oraindik ere.
Nobela beltza arrakastatsuena
Gaztelerazkoetan, eta generoei dagokionean, nobela beltzak ditu jarraitzailerik gehien. Bertako gero eta idazle gehiago dira intrigaren aukera egiten dutenak (gazteleraz). Merkatura atera diren azkenak, Portugaleteko (Bizkaia) Mikel Santiagoren El mentiroso eta Alvaro Arbina gasteiztarraren Los solitarios daude. Santiagok azkeneko lana Euskal Herrian kokatu du gainera.
Eta beste bat gehiago ere aipatuko genuke: Lazkaon bizi izan zen Sergio Garciaren Llueve sin color liburua.
Nazioarte mailako idazle ospetsuenen artean, nola ez, Joël Dicker ospetsuaren El enigma de la habitacion 622 daukagu. Espainiako idazleen artean, azkenik, Carmen Molaren La nena.
Nobela historikoan, Almudena Granderen La madre de Frankestein eta Santiago Posteguiloren Y Julia reto a los dioses nabarmenduko genituzke.
Haur eta gaztetxoak
Haurrentzat labetik atera berria da Miren Agur Meaberen Begiak zerumugan. Ipuin gehiago ere badira aukeran: Merendatzera etorri zen tigrea, Ikusi duzu elefante?… Euskarazko komikietan Superpatata superheroiak beti edukitzen du arrakasta. Gaztetxoentzat Greg gizajo baten egunkariaren bilduman Ihesaldia da itzulitako azkena.