Goierrirekin muga egiten duen eskualde batetik iritsi zitzaidan komentarioa: «San Juan bezpera xelebrea prestatu digute aurten herrian: kultur taldeen urteroko emanaldia egingo dute plazan, baina herritarrok ezingo dugu bertatik bertara ikusi, eta streaming bidez jarraitu beharko dugu gure etxeetako pantailetan. Zertan pentsatu dute dantza taldeak eta gainerakoek halako zerbaitetan parte hartzea onartu dutenean?».
Entzundakoak harridura eragin zidan lehenengo; Goierrin bertan ere, San Juan bezperako bideoren bat zabaldu zuten ekainaren 23 gauean, baina horrek niri ez zidan tankerako pentsamendurik eragin. Hizketakidearen galderak, ordea, memoriaren errota jarri zidan martxan, eta urte hauetan denetan izandako hainbat bizipen berritu zizkidan: biribilgune baten inaugurazioan aritu ginenekoa; plazan Aguas del Norteren eskaparateari agurra dantzatu genionekoa; udal hauteskundeak baino bi egun lehenago, eskenatoki eraiki berrian, udal batek programatu eta taldeak eskainitako ikuskizuna; sekula egin ez genuen Italiako dantza jaialdi baterako bidaiaren truke, torero bat omendu genuenekoa…
Taldeek, nola ez, konpromisoak izaten dituzte herriarekin, eta taldearen urteko aurrekontuaren zati handiena finantzatu ohi duen udalarekin, baina, batzuetan, non, noren aginduz, zertarako egiten dugu dantza?
Udalaren eskaerek, akaso, herritarrenekin bat egiten ez dutenetan, ez al genituzke zenbait arloren inguruan pil-pilean egon izan diren kontzientzia eragozpena eta intsumisioa bera berreskuratu behar?