Kazetaritza ikasketak egiten ari zela ‘Eguna’ astekarian egin zuen lan Maite Arresek (Beasain, 1967). Bertan ohartu zen ez zitzaiola gustatzen, eta Bilboko Maskarada antzerki taldean hasi zen aktore lanetan. Ama izan zenean beste bide batzuk bilatu zituen «lan ezari erantzuteko», eta yogaren eta ipuinen munduan murgildu zen. Yoga bere bizitzaren ardatzetako bat da: «Aurrera egiteko sustraitzen nau».
Beasainen eman zenuen haurtzaroa, baina ikasketak Bilbon egin zenituen. Kazetaritza ikasi zenuen, euskaraz.
Bai. Beasainen jaioa, Lizeo Alkartasunan ikasi genuen denok. Hiru anaia-arreba gara eta euskaraz egin genuen formazio guztia. Nik zortea izan nuen kazetaritza ikasketak ere euskaraz egin nituelako. Orduntxe hasi zen euskarazko kazetaritza programa, 1985 inguruan hasi nintzen ni. Ia ikasgai guztiak ziren euskaraz. Egia da bibliografia guztia gaztelaniaz edo ingelesez izaten zela, gaur egun ere gertatzen da, baina nire ikasketa prozesua euskaraz izan zen. Zorionekoa izan naiz alde horretatik.
Hiru anaia-arreben arteko tartekoa. Nola oroitzen dituzu garai horiek?
Haurtzaro zoriontsua izan dut. Asko gara familian eta gehienak hemen bizi dira. Gaztetan agian egin izan dut hasiera baten niretaz espero ez zena. Kazetaritza egin eta gero antzerkian sartu nintzen. Hasiera batean ez dira bide egokiak. Azken urteotan aldaketak izan dira, baina nire garaian ez zegoen ondo ikusia gurasoen aldetik, haiek kezka hori zuten: «Antzerkia bai, baina serio lanean noiz hasiko zara?». Dena den, nire gurasoak oso ondo ulertzen ditut, garai hartako gizartea hala zelako eta azken finean gurasoek seme alabek bidea aurkitu dezaten nahi dutelako. Ez daukat inongo kexarik.
Kazetaritza lanetan aritu al zara?
Bai, garai hartan bi astekari zeuden: Eguna, Iparragirre argitaletxeak atera zuena, eta bestea Hemen, Egin-ena. Nik Eguna-n bi urte-edo egin nituen ikasketak egiten ari nintzela. Ostegunetan kaleratzen zen eta Luis Alberto Aranbarri Amatiño-k zuzentzen zuen. Niri kulturako gaiak egokitu zitzaizkidan, gaitxoak, asko agendako gauzak zirelako, baina tarteka tokatzen zitzaizkidan horrelakoak. Niri hain justu hori gustatzen zitzaidanez, ba primeran.
Baina konturatu nintzen antzerkiarekiko grina hori sentitzen nuela. Ez zitzaidan burutik pasatzen arte dramatikoa egitea, baina Eguna-n garbi ikusi nuen ez zela hori nahi nuena eta lana utzi nuen. Karrera bukatu eta Bilboko Maskarada antzerki taldearekin hasi nintzen, Patxo Telleria eta Mikel Martinezekin batera. Euskara zerbitzuaren bitartez udalak ikastaroak antolatzen zituen. Hor hasi eta hor geratu nintzen.
Zergatik antzerkia?
Ni teatrera bat naiz, asko gustatzen zait antzerkia, interpretatzea, asmatzea. Antzerkiak ematen dizkizun sortzeko aukera guztiak asko gustatzen zaizkit. Garai hartan inprobisaziotik edo testuren batetik hasten ginen. Ezerezetik sortze hori asko gustatzen zait.
Ordutik telebista eta zinema ere egin dituzu. Zein aukeratuko zenuke?
Antzerkia. Prozesuari nik garrantzia handia ematen diodalako. Antzerkian badago prozesuaz gozatzeko aukera. Paper txikiak egokitu zaizkit niri, eta jakina, ez dut esperientzia handirik izan, baina egia da zineman eta telebistan beste abiadura bat dagoela, beste tentsio bat eta presio bat. Horregatik antzerkia gehiago gustatzen zait, prozesuak berak garrantzia handia duelako. Beste jolas bat da, beste era bateko lana. Eta zuzeneko hori, bertatik bertara, unean uneko horrek garrantzia handia duelako niretzat. Ni naizen bezala izanda, horrekin disfrutatzen dut. Zineman eta telebistan oso teknikoa izan behar duzu, kontzentrazio handia behar duzu…landu beharreko gauza asko daude. Eta errepikapenaren asuntoa oso interesgarria iruditzen zait. Aspaldi da ez dudala antzerkirik egin.
Errepikapena aipatu duzu. Antzezpen bakoitza desberdina da.
Inoiz ez da berdina. Akordatzen naiz Maskaradakin Logalea zeukan ekilibristaren kasua obrarekin. Publiko familiarrari zuzendua, Bernardo Atxagaren testu batean oinarritutakoa zen, eta Patxo Telleriak egokitu zuen. Asko ibili ginen horrekin eta oso gustura. Belgikan ere egon ginen lengoaia minorizatuen festibal batean. Ibilbide polita egin genuen. Publikoarekin konektatzen duzu leku batean, eta beste batera zoaz eta dena da desberdina. Gero adibidez Ernesto izatearen garrantzia obrarekin bolo asko egin genituen Euskal Herrian, eta ondoren Bilbon denboraldiak egin genituen, eguneroko emanaldiekin. Esperientzia hori asko gustatu zitzaidan.
Euskaraz egin duzu lan batik bat. Goenkalen ere aritu zinen. Telesail hartatik ia ez dago fikziorik EiTBn.
Lotsagarria da Euskal Telebistak fikziorik ia ez egitea. Oso gutxi egin du, Goazen dago, Barre Librea, Pikuak orain… baina gauza gutxi azken hamarkada honetan. Penagarria iruditzen zait. Euskaraz sortzeko ahalmena eta gaitasuna badago. Gainera, Goenkalek adibidez jende asko mugitzen zuen, eta mugimenduan mantentzen zintuen. Izan ere, aktore batek lana egiteko tonifikatuta egon behar du, martxa hartuta.
Aktore lanaren ezegonkortasunaz hitz egiten da maiz.
Krisi garaiek erabat astindu gaituzte eta pandemia garai honetan ere ikusi dugu kultura non geratu den. Eta ohartu behar gara kulturari esker gizartea animoarekin mantendu dela. Zer gertatu da gainera sare sozialetan? Bai artistak, eta ez hain artistak, mundu guztia sortzen jarri da. Sormenak egiten gaitu gizaki nire iritziz. Benetan animalia batetik bereizten gaituena sormena da. Gizakiak duen arterako grina hori. Eta hori ezinbestean kontuan hartu behar dugu, horrek mantentzen gaituelako osasuntsu. Gizarte osasuntsu bat da kultura osasun onean mantentzen duen gizarte bat. Itsu-itsuan sinesten dut kulturaren balioan. Herri egiten gaitu kulturak, hezkuntzarekin batera, eta hezkuntza eta kultura eskutik doaz.
Hezkuntza eta kultura… Zer deritzozu heziketa kulturalari buruz?
Niretzako hezkuntza sistemaren ikasgai bat izan beharko litzateke antzerkia. Gainera beste diziplina batzuk ere biltzen ditu: eszenografia, idazketa, gidoigintza… ikasleek haien gustokoa dena bilatu dezakete. Eta egindako lana erakusketako aukera ere ematen du. Hori haurrarentzat kristoren motibazioa da. Metodo bezala oso baliagarri iruditzen zait. Hori txertatuta ere garrantzia ematen diozula esan nahi du, eta gero herri mailan ere tailerrak eta abar badaude… Azken 30 urteotan Euskadik antzoki sare bat dauka, herri guztietan dago ia lana erakusteko aukera.
«Nire ikasketa prozesu guztia euskaraz izan zen, unibertsitatea barne; alde horretatik zorionekoa izan naizela uste dut»«Pandemia garai honetan ere ikusi dugu kultura non geratu den»
«Krisi garaian yoga eta meditazioa ziren ondo sentiarazten ninduten bakarrak, eta formazioa egiten hasi nintzen»
Ipuin kontalaria eta yoga irakaslea ere bazara. Nolatan ekin zenion horri?
Hogei urte badira yoga egiten dudala, astean behin klasetara joaten hasi nintzen, besterik gabe. Oso ondo sentitzen nintzen yoga egiten eta egin eta gero. Duela 12 urte gaixotu egin nintzen eta horrek krisi batean murgildu ninduen. Krisi horren paraleloan krisi ekonomikoa izan zen, 2008ko hartan. Yoga eta meditazioa zen ondo sentiarazten ninduen bakarra, eta formazioa egiten hasi nintzen. Konturatu gabe formakuntza eginda neukan. Eta duela 10 urtetik irakasten. Bestetik, umea txikia nuen garai hartan eta yoga klaseak ematen eta ipuinak kontatzen hasi nintzen krisiak eragindako lan ezari erantzuteko.
Yoga eta ipuinak uztartu dituzu zure azken lanean eta emanaldietan: ‘Yogipuinak’ eta ‘Yogikartak’.
Konturatu nintzen yoga metodoa dela hobeto sentiarazteko eta burua hobeto ezagutzeko, eta orduan umetxoekin Yogipuina saioak eskaintzen hasi nintzen liburutegietan eta kultur etxeetan publiko familiarrarentzako. Niri gurasoak ere etortzea gustatzen zait. Yogaren ezaugarri batzuk azaltzen dizkiet, Yoga yugo hitzetik datorrela adibidez. Batasuna esan nahi du yogak. Umeei hitz gutxitan esaten diet gorputza, bihotza eta burua izan behar dugula kontuan, eta gorputza lantzen dugu animaliak imitatzen. Umeak ez du yoga egin nahi, jolas egin nahi du. Karta batzuk sortu ditugu orduan, jolas bat izango balitz bezala planteatu nahi nuelako, umeentzat dinamikoa izan dadin.
2019ko Durangoko Azokan aurkeztu zenuen Margi Egigurenekin batera.
Margi Egigurenek egin ditu guztiak. Lagun handia da eta berak egin duen lana oso baliagarria da umeentzako oso erakargarria delako. Oso bisuala da.
Orain gaztelerara itzultzen ari naiz, eta ingelesez ere egingo ditut ale batzuk jendeak gauza asko ingelesez nahi dituelako. Lehentasuna euskara da, baina mundu globalizatu batean bizi gara eta erreminta bat da. Ikastolan agian ingelesez emateko balio dezake. Azkenean, irakastea emozionatzea da niretzako. Ilusioa sortu nahi dut umeengan, gustora badago umeak ikasiko duelako. Nire premisa hori da. Orduan ingelesa irakastea tokatzen zaizu eta irudi hauek ere erabil ditzakezu. Bide berriak asmatu behar ditut eta hau ere bide bat da. Sakontzen jarraituko dut.
Itxialdia dela eta bide berririk aurkitu behar izan al duzu?
Etxealdian jende askok galdetu dit online klaseak ea egingo nituen, eta ez dut egin oraingoz, baina horretarako gauzak zaindu behar dira, eta nik ez nuen nire burua hor ikusten. Nire egiteko eran ikasleen presentzia behar dut. Berriz konfinatuta egon beharko bagina pentsatuko nuke, baina printzipioz ez da nire asmoa.
Denetik egin duzu. Epe laburrean behintzat yogarekin jarraituko duzu?
Orain yoga pilulak prestatzen ari naiz, yoga ipuina eta meditazioari buruzkoak. Whatsapp bidez zabaldutako publikazioak izango dira: audio, irudi eta artikulu bana. Ilargiaren zikloekin batera bidaliko ditut. Bitartean, ipuinekin, meditazioarekin eta yogarekin jarraituko dut. Yogak sustraitu egiten nau aurrera egiteko.
Interpretaziotik hasita asanara
Beasainen jaio zen Maite Arrese 1967an, hiru seme-alabetan tartekoa. Bilbora abiatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritza ikasketak egitera, euskarazko lehendabiziko promozioetako ikaslea izanik. Ikasketak amaitzean Eguna astekarian zuen lana utzi eta antzerkiari ekin zion Bilboko Maskarada antzerki taldean. Asmatzea, sortzea du gustuko. «Sormena da gizaki egiten gaituena», Arreseren arabera.
Kulturaren defendatzailea, taula gainera duela 10 urte inguru igo zen azkeneko aldiz. Logalea zeukan ekilibristaren kasua eta Ernesto izatearen garrantzia antzezlanetan aritu zen Euskal Herriko hainbat antzokitan. Telebistan Goenkalerekin egin zen ezagun, eta zineman ere egin du lan Izarren Argia, Kutsidazu bidea Ixabel eta Zorion perfektua filmeetan. Bide berriak sortu ditu ordutik interpretazioari lotutako ezegonkortasunari aurre egiteko. 2008ko krisiaren ondorioz, yoga eta meditazioan sakondu, eta yoga irakasle bilakatu zen. Donostiako Egia auzoan duen zentroan irakasten duela badira 10 urte, eta igandeetan Gladys Enea parkean aritzen da aire librean. Zehazki, Hatha yoga irakaslea da: «Psikoemozionala da; fisikoa bada, baina meditazioa eginez eta arnasketari garrantzi handia emanez egiten da». Bakoitzaren burua ezagutzeko metodo gisa ulertzen du yoga, eta hori dela eta haurrei bideraturiko saioak ere eskaintzen ditu, ipuinekin uztartuta. Ipuin kontalaria ere bai baita.
2019ko abenduan Yogipuinak proiektua jarri zuen martxan haurrei ipuinen bitartez yoga irakasteko. Animalien bitartez asanak praktikatzen ditu haurrekin, jolas modura azalduta.