Pilare Muxika Lopetegi • Itsaso
Uztail amaiera inguratzen ari zaigu eta, garai honetan, Anttoni Okariz Gorrotxategik eta biok Itsason elkarrekin egin ohi ditugun herriko ondareari buruzko azterlanak datozkit burura; eta horri lotua, argazki hau.
Ia berrogei urte dira Batxilergoa bukatu eta Donostiara Anttoni eta biok Itsasotik joan ginela. Lehenengo ikasturtean Euskal Antropologia ikasgaia izan genuen eta guretzat aukera itzela izan zen 70 ikasleko gela hartan, etxetik genekizkien hainbat alorrek balioa zutela ohartzeko. Fermin Leizaola genuen irakasle, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria, eta ordura arte ez bezala, baliotsu bihurtzen ziren antropologia soziala eta hizkuntza eta kulturaren arteko erlazioaz genituen ezagutzak. Uste dut lehenengo irakaslea izan genuela klaseetan ikasleekin bere jakintzak partekatu, kontrastatu eta aberasteko erabiltzen zituena. Eta egiten genituen ekarpenak (etxean galdetuz, tresnak eramanez e.a.) interesez eta arretaz biltzen zituen.
Berehala Aranzadira igotzeko gonbitea egin zigun eta astero urte luzez autobusa hartu eta Arbide Dorreetara igo izan ginen. Hainbat lanetan kolaboratu genuen, baina garrantzitsuena Atlas
Etnolinguistikoa garatzea izan zen. Asteburutan bazterrik bazter grabatutako elkarrizketak transkribatzen genituen edo Foru Aldundirako plano handitara jasotako topominia-datuak pasatu.
Baina uste dut metodologia edo prozedura horiek baino, ikasi genuen alderdirik garrantzitsuena jendearengana nola iritsi izan zela, zalantzarik gabe. Eta horri eman nahi diot garrantzia: aurreiritzirik gabe, jakin-nahiez, interesez eta esker onez pertsona guztiengana hurbiltzea.
Asteburu eta udako irteerak
Aranzaditik, geure Etnografia Sailetik bezalaxe, botanika, espeleologia, aurre-historia, mikologia… sailetatik dozenaka irteera antolatzen ziren orduan ere. Ahal genuen guztietan parte hartu nahi izaten genuen, zenbat ezagutzeko aukera eskaintzen ziguten! 18 urterekin altxor benetakoa zen guretzat!
Hainbat aldiz igo ginen Aralarrera eta artzainekin asteburua pasatu, beraiekin biziz egin zuten guztia: entzun, ikusi eta ikasi. Argazki honek jasotzen du honen mamia: ez gaude argazkilariari begira, artzainari baizik, jakin-minez eta miresmenez. Etxera bueltan Joxe Miel Barandiaranen Sara etxean geratzen ginen luze kontutan. Zenbat oroitzapenen baliotsu!
Gaur egunera ekarrita
Bada hamarren bat urte udaro, prozesu guzti horretan zehar ikasitakoa geure Itsaso herriari eskaintzen hasi ginela. Primeran datorkigu oporraldia aprobetxatzea, abuztuaren 24ko herriko jaietan itsasoar guztiei bildutakoa itzultzen baitiegu erakusketa eta aurkezpenen bidez. Eta garrantzitsuenak dira, artxiboetan, toponimian eta espazio naturalean dauden ondareen aztarnez gain, etxez etxe guztiekin egiten ditugun solasaldi paregabeak euren jakintza agortezina balioan jarriz.
Honixe deitzen diogu ezagutza demokratizatzea: denon ahotsak duintasun osoz jasotzea eta guztion eskura jartzea, jakintza guztia beharrezko baitugu.