Olaberriko Ihurre bailararen zokoan dago monumentu industrial izendatutako gasolindegia. Artean inguruan galsoroak eta belardiak besterik ez zeudenean, Juan Iguain Telleria beasaindarrak eraiki eta zabaldu zuen, errepide jeneralaren alboan –orain N-1–. Aristrainen altzairutegia bera baino lehenagokoa da gasolindegia, 1951n inauguratua. Altzairu fabrika 1955ean sortu zen. Aitzindaria izan zen Iguain, bai negozio eredu bat aurreikusten, eta baita gasolindegiari itxura fisikoa ematen ere. Kontuan hartu beharra dago Espainiako Gobernua 1950ean bertan hasi zela errepide sare nagusia berritzeko plangintza garatzen.
Jakitez, errepidearen eta garraioaren arloan zerbait bazekien Juan Iguainek. Pedro Jose anaiarekin eta hirugarren batekin batera, Ifarra garraiolari enpresa sortu zuten lehenago, gerra ostean. Pedro Jose Iguain, Loinatz koruaren sortzaile eta Beasaingo musika bandako zuzendari izan zen, baita ere. Garajeak eta gasolindegia eraikitzeko baimena 1947ko urrian jaso zuten, Donostia-Madril errepidea taxutzen ari zirela.
Zerbitzugune bokazioa aspalditik
Erregaia eta ibilgailuentzat olioztapenak bakarrik ez. Gidariengan ere negozio iturria berehala ikusi zuten gasolindegiaren jabeek. Iguainek 1962ko abenduan eskatu zion Olaberriko Udalari Ihurreko autozerbitzu-estazioan jatetxe-kafetegi bat eta tabako saltoki bat jartzeko baimena. Lehendik taberna bat bazeukan han bertan.
Hala, gasolindegi eta zerbitzugune bistosoa eraikiarazteko, Florencio Mokoroa Gastesi (Tolosa, 1903) arkitektoarengana jo zuen. Egunerokoaren arkitektoa deiturarekin igaro da historiara, estilo arrazionalistaren eredu behinena baita Gipuzkoan. Etxebizitzak eraiki zituen batez ere, eta lantegien eskariak baliatzen zituen azken arkitektura-joerak txertatzeko. Mokoroak diseinatu zuen Manufacturas Olaran lantegi berria (1939), ondare izendatua. 1935etik 1960ra garatu zituen proiektuak. Gasolindegiaren proiektua Juan Urkola ingeniariak aurkeztu eta sinatu zuen.
Baimena 1947 bukaeran jaso arren, asko luzatu zen ireki arteko denbora. Erregaia lortzeko estatuak zeuzkan ezinengatik, 1948an geratu egin behar izan zuten obra. 1951ko irailean ia bukatuxea zegoen. Erregaia banatzeko bost gailu zeuzkan: gasolinarena , gasolioarenak hiru eta superkarburantea. Udalak 1953an eman zion erabilera-lizentzia.
Harrezkero, bailararen eta Goierriren eraldaketaren lekuko eta eragile izan da Ihurreko gasolindegia.